2017ko brigadak

  • Palestinako brigada feministaren lehen kronika: existitze hutsa erresistentzia da

    Astelehen gauean iritsi ginen Jerusalemera, turistaz beteriko bidai baten ostean. Hirian alde zaharrera heltzeko, izerditan, jendea hara eta hona ikusten genuen. Denetariko jendea; arreta deitzen zizkigutenak, gurekin topo egin eta burua makurtzen zutenak eskuan liburutxo bat zeramatenak. Judu ultraortodoxoak ziren, gehienak gerri aldean zintak zituztenak (gerora jakingo genuen zinta horiek Israeleri ohore egiteko ikurra zirela). Bere egunerokotasunean murgildurik zeuden, tranbia hartu eta telefonoz berba egiten. Kale nagusian zehar Europako hiri batean geundela ematen zuen; old city-ko harresira heldu eta erabat argiztuta zegoen bideo turistiko batekin: “etorri Israel ezagutzera”. Azken urteotan gure herrian maiz loratu den eztabaida burura etorri zaigu, gure herrien eta jendartearen pinkwashing prozesua. Harresi horretan biziki argia zen garbiketa horren nahia. Gerora ikasiko genuen garbiketa horrek aurpegi asko zituela.

  • Palestinako brigada Aida Campen mural feminista margotzen

  • Palestinako brigadaren kronika: emakume palestinarren mugimenduak ezagutzen

    Astebete pasa da Jerusalem atzean utzi eta Zisjordaniako (West Bankeko) hiri nagusiak bisitatzeari ekin geniola, Betlehem, Hebron, Ramallah eta Nablus urrenez urren. Hasieratik nabaritu dugu hiri bakoitzean egoera ezberdina dela, okupazioak aurpegi asko dituela. Errealitate hauek ezagutzeko eragile eta herritar ezberdinekin bildu gara. Harreta guztia okupazio sionistaren joku maltzurrean jarrita genuela, jabetu ginen bazela beste zerbait deseroso sentiarazten gintuena, palestinar gizonezkoak espazio publikoaren jabe eta protagonista nagusiak direla, emakumeak espazio pribatuetara mugatuz. Kaleak gizonenak dira, dendak, tabernak, taxiak, autobusak, hostalak, jatetxeak... beraien esku daude. Emakumearen esku gelditzen dira haurren zaintza eta etxeko betebeharrak. Zaila da gure ikuspegi okzidentala baztertu eta errealitate hau ulertzea. Baina ahalegin berezia egin dugu horretan, beraiengana iristea zertxobait kostatu zaigun arren. Ramallah-ra iritxi arte gure emakumezko kontaktu guztiekin biltzen ginenero gizonezko bat jartzen baitzen tartean, konfiantzazko gunea kenduz.

    Hebronen bertako familia baten etxean lo egiteko aukera izan genuen, ezkertiarrak eta okupazioaren kontrako erresistentzian lanean dabiltzanak. Etxeko pareta barrura mugatzen ginenean konturatu ginen, susmatzen genituen patroi berdinak errepikatzen zirela. Gizona da hitza duena eta emakumeak beraientzat lanean dabiltzala. Afal orduan gizonezkoa bakarrik esertzen zen gurekin hitzegitera, emakumeak janaria prestatu eta zerbitzatzen zigun bitartean. Berdina gertatzen da etxeko txikienen artean ere, seme zaharrenaren hitzak du balio gehien, alaba etxeko betebeharrak egiten dabilen bitartean. Egoera honetaz jabetu ginenean, zaharrak berri; nola ez zaigu ba ezagun egingo ezkertiar gizonen zapalkuntza? Euskal Herrian urte luzez borrokatu dute eta borrokatzen diardugu emakumeok margenetatik zentralitatera joateko. Aliatuak lortu ditugu, asko, baina zapalkuntzak anitzak dira kapitalismo patriarkar honetan. Horregaitik borrokan indarra gara, zutabeak gara, Palestinar emakumeak bezala.

    Badira borroka eremu pribatuan egiten duten emakumeak, palestinar erresistentziaren lurzoru indartsua diren emakumeak. Beraiek hezten dituzte etorkizuneko neska eta mutil borrokalariak. Badira ere borrokaren lehen lerroan daudenak, frontean. Horren adibide dira Union of Palestinian Wonen Committees-eko kideak


    1980an sortu ziren, askapen nazionalaren baitan ezkerreko proiektuari patriarkatuaren aurkako borroka txertatzeko, betiere klase perspektiba batekin. Gaur egun Zisjordanian eta Gazan antolaturik daude, herri mugimenduaren parte direlarik. Lan ildo anitz dituzte, batez ere emakumeen boteretzean pausuak ematea eta Palestinar herriaren eta okupazioaren kontrako borrokan perspektiba feminista batekin borrokatzea. Feminismoa, emakume langileen borroka, gatazkaren ondorioetan osatze prozesu bat ematea edo presoekiko elkartasuna dira beraien borrokaren oinarria. Palestinar emakumea zapalkuntza hirukoitz batetan kokatzen dute; okupazioa, patriarkatua eta kapitalismoa.



    Beraien diskurtsoa oso gertu sentitu genuen, euskal feminismoak ere aspaldi ezaugarritu baitzuen zapalkuntza hirukoitzaren teoria. Guk, emakume gazte moduan, bertako gazte feministen inguruan galdetu genuen. Pozez harritu gintuen UPWCren barnean neska gazte talde bat zegoela entzuteak. Hauekin egoteko aukera izan genuen, eta hirugarren intifadan emakume gazteak hartu duten parte hartzeaz hitzegin ziguten, kalean zein unibertsitateetan egiten ari diren borrokaz.  Garrantzia handia ematen diete belaunaldi arteko loturari, jakin badakite esperientzia eta indarraren loturak egiten duela feminismoa indartsu.


    Memoria historikoan lan handia dute palestinar emakumeak, itzalpetik ikusgarri egin nahi dira eta horretarako argi esan zigun errefuxiatuen kanpamendu batean emakume taldea sortu zuen emakumeak: “Kontatu ezazue zein indartsuak garen eta borroka honetan ezinbestekoak garela”.

  • Palestinako brigada feminstaren kronika berria: Errepresioa, tortura eta kartzela

    Bizirik behar gaitu, libre izateko


    Ramallah-Jerusalem bideko Check pointEtxera itzultzeko astebete falta zaigu, hamarnaka testigantza, hamarnaka lagun. Herri baten erresistentzia berau osatzen duten pertsonen bizipenetan datza eta Palestinaren kasuan errepresioaren aurka egunerokotasunean borrokatzen eta jarduten dutenen kideengan gorpuzten da.

    “Hizkuntza da gure territorio libre bakarra” urte luzez oihu egin dugu baina herri honetan beraien egiaren ahotsa da territorio libre bakarra.

    Territorioa bera okupatzeko eta kontrolatzeko mekanismoak baditu Israelek. Jakina den bezala, israeldar armadak kontrolatutako hainbat eta hainbat “check-point” daude Zisjordania eta Gaza osoan, bertatik kontrolatu eta oztopatu ditzakete palestinar herritarren mugimendu guztiak. Honetaz gain lurralde osoa gune desberdinetan dago banatuta. A gunea Palestinar Autoritatearen esku dago, B gunea administratiboki PA-ren esku baina eskumen militarra israelek dauka eta C gunea Israelen esku gelditzen da guztiz. Guzti hau, teoria hutsa da, noski. Errealitatea oso bestelakoa da, Israeldar estatuak eraikitako errealitate bat baita. Okupazioa hedatzeko estrategia legez, israeldar kolonoen asentamentuak Zisjordaniako eremu osoan zehar daude, 250 asentamentutik gora, eta etengabeko hedatze prozsuan.

  • Palestinako brigadaren agur bideoa