Argentinako administrazioaren informeetan milioika langabetu ageri dira, edo beste modu batera esanda, paperetan azaltzen ez diren milioka langile daude. 90.hamarkan neoliberalismo basatia nagusitu zenetik, Argentinako sistema produktiboak ezin izan ditu barneratu bere baitan biztanleriaren sektore zabalak. Globalizazio baztertzaileak soldatapeko lana pribilegio bilakatu du, eta ez dago ugazaba nahikorik “soberan” dagoen lan indarra erosteko.
Ondorioz, gaur egun, populazioaren %30ak sare ekonomikotik kanpo egiten du lan. Erregularizazio orotik at, errealitate honek langilearekiko dakartzan gabezi eta arrisku guztiekin: sindikatuetan afiliatzeko ezina, inongo eskubide eta babesik ez izatea, muturreko prekarizazioa eta ziurgabetasuna edota poliziaren errepresioa. Azken hamarkadetan Argentinako 24 probintzietan eguneroko ogi bihurtu da ekonomia paraleloan lan egitea. Baina, herri argentinarraren sektore hauek, injustizia gogor honen aurrean makurtu beharrean, tinko mantentzen dira sistema sozioekonomikotik kanpo. Asistentzialismoaren menpeko bihurtu ordez, euren lana sortu dute, auzo xumeetan, ahazturiko periferietan.