2017ko brigadak

  • ADI! Pertsonak aske. Bretainiako brigadaren kronika ZADetik

    Logika kapitalistatik at, pertsonak eta bizitza erdigunean jartzen dituen proiektu bat garatzen ari dira Notre-Dame-Des-Landes herrian kokatuta dagoen ZAD gunean. Zone Á Défendre (ZAD), edo Babestu Beharreko Gunea izendatu zuten eremua  2009an, Frantziako Gobernuak aireportu bat eraikitzeko, hamarnaka baserritar desjabetu zituenean. Ordutik, erresistentzia gune bilakatu dute 1500 hektarea hartzen dituen eremua, erreferentziazkoa Europako okupazio eta autogestio mugimenduan. Askapenaren 2017ko Bretainiako brigadaren lehen geldialdia da honakoa.

  • Euskal Herritik ZADera, ZADetik Euskal Herrira

    Antolakeketa askea, asanblearioa, norberaren ekarpen ahalemenean oinarritua, errespetuzkoa eta autoeratzailea ezagutu dugu. Estatu frantsesa sartzen ez den gune bat, kolektiboaren onura eta kideekiko errespetua urrezko lege dituena. Etxean bezala sentiarazteaz gain, sistemaren periferian bizitzeko hamaika modu daudela erakutsi digu babestu beharreko guneak. Itzuliko gara. Eskerrik asko, ZAD!

  • Bretainiako askapen mugimendua, Frantziar estatuaren ertzean

    Bretainia Frantziar Estatuaren ipar mendebaldean kokatua dagoen estaturik gabeko nazioa da. 4.500.000 biztanle ditu, eta ekonomia indartsua batez ere agroalimentarioan.  XVIan kolonizatu zuenetik, Frantziak sistematikoki gauzatu du Bretoien identitatearen eta kulturaren isilpeko jazarpena, asimilazioa. Administratiboki, lurralde historikoa osatzen duten Pays delakoak departamenduetan artifizialki banatuak izateaz gain, bost departamenduak bi erregiotan banatuak daude: lau Bretainia erregioan, eta bat, Pays de la Loire erregioaren parte da. Azken honetan dago kokatua Nantes, Bretainiako hiriburu historikoa.

    Hizkuntzari dagokionez, historikoki Bretainian Bretoiera eta Galo hizkuntzak erabiltzen zituzten. Egoera oso larrian daude biak, ez dira hizkuntza ofizialak. Bretoiera 200 000 lagunek erabiltzen dute, eta Galoa, askoz ere gutxiagok. Hauen berreskuratzeko dinamikak martxan daude, indartsuena, bretoierarena denean. Gaur egun gau eskolek, langileendako 9 hilabeteko formakuntza intentsiboek eta Diwanek (Bretoierazko Ikastolak) ahalbidetzen dute besteak beste bretoieraren berreskuraketa.