«Gure xedea zen herriak ezkerrari zion beldurra gainditzea»

Gilberto rivera Kristina Arregi (Pakito Arriaranen ama)Gilberto Rivera, FMLNko El Salvadorko diputatua Euskal Herrira etorri da Pakito Arriaran zenaren omenaldira, bai eta zenbait elkarlan abiarazteko ere. Hemen duzue berria egunkarian eginiko elkarrizketa.

Nazio Askapenerako Farabundo Marti Fronteak hilabete gutxi daramatza agintean, baina jada lortu du herritarren sostengua.

Arantxa Elizegi. Oiartzun

FMLN Nazio Askapenerako Farabundo Marti Fronteko kidea da Gilberto Rivera, baita diputatua ere. Urte asko daramatza El Salvadorren alde borrokan, armen bidez lehenik eta politikagintzan gero. Orain, hogei urtez eskuinaren menpe bizi ostean, ezkerra dago boterean. Egunotan Euskal Herrian da Rivera, Askapenak gonbidatuta, bien arteko harremanak sakontzeko asmoz. Izan ere, Amerikako herrialderik pobreenetarikoa da El Salvador, eta beharrezkoa dute nazioartearekiko elkarlana aurrera egiteko. «Munduari ateak zabaldu nahi dizkiogu».

Bozen aurretik akordioak egin zenituzten talde txikiagoekin, Arenari aurre egiteko. Indarrean jarraitzen dute horiek?

Aro berri bat hasi dugu. Egun ezkerra indartsu dago, eta hainbat tabu gainditu ditugu. Gure helburua zen herriak ezkerrari zion beldurra gainditzea, eta horretarako sortu genuen aipatu aliantza. Ez da ahaztu behar gatazka armatu batetik gatozela, eta gerrillari izandako asko ez direla oraindik gizarteratu. Jendeak gogoan du garai batean FMLN talde armatua zela, eta horrek mesfidantza eragiten du. Oraindik badira uste dutenak Gobernuan dagoena gerrillari talde bat dela. Aliantza beharrezkoa zen, eta arlo horretan Mauricio Funes izan zen aukera egokiena, beste talde batzuk erakartzea lortu zuelako. Ohartzen gara bozak ez genituela irabazi FMLNko jarraitzaileekin bakarrik; asko dira gure proiektuaren alde daudenak. Oraingoz, gainera, gurekin konprometitu zen jende horrek gure ondoan lanean jarraitzen du; beraz, ez dugu arazorik espero.

Eskuinaren menpe egon da El Salvador urteetan, baina orain ezkerraren esku geratu da boterea. Zergatik uste duzu heldu dela aldaketa?

Latinoamerikako herrialde askok egin dute ezkerrera azken urteetan, eta horren arrazoietako bat da eskuinak bultzatzen dituen erreforma ekonomikoak suntsitzaileak direla. Alde batera uzten dituzte gizarte gaiak, eta merkataritzan soilik oinarritzen dira. Osasuna bera merkataritza gai bilakatzen dute, gutxi batzuk aberastu ahal izateko. Eskuinak agintzen duen herrialdeetan, erietxeak ordaindu ezin dituen jendea hiltzera kondenatua dago. Politika neoliberalak bultzatzen dituzten herrialdeek beren onurarako erabiltzen dute sistema, eta horregatik erabaki du jendeak aldaketa beharrezkoa dela. Gure herrian, esaterako, aurreko gobernuek alde batera utzi zituzten nekazariak, eta urte askoan erosi egin behar izan ditugu oinarrizkoak ziren produktuak. Hala, bertako nekazariek kanpoko enpresei egin behar izan diete aurre. Gauza bera gertatu da Latinoamerikako herrialde askotan, eta horregatik erabaki du jendeak ezkerrari aukera bat ematea.

Amerikako herrialderik pobreenetako bat da El Salvador. FMLNren gobernuak badu horri aurre egiteko proiekturik?

Herrialderik pobreenetarikoa eta biztanle gehien duenetako bat da El Salvador. Horregatik, askok atzerrira joatea erabakitzen dute. Azken horiek bidalitako laguntzari esker bizi izan da nazioa azken urteetan, baina hori ez da irtenbidea. Hori dela eta, Gobernuak baliabideak sortu behar ditu, eta horretarako nazioartearen laguntza behar dugu. Horregatik etorri gara hona. Nekazaritza bultzatzea oinarrizkoa dela uste dugu, hori delako jendeari jakiak bermatzeko bidea. Tamalez, gure aurrekontua oso murritza da. Uste dugu baliabideak handitu genitzakeela, zerga saihestea amaituz. Bada jendea horretan espezializatua dagoena.

Indarkeria da El Salvadorren beste arazo nagusia. Uste duzu krisi ekonomikoa amaitzean indarkeria ere amaituko dela?

Segurtasunaren arazoa osotasunean ulertu behar da. Ez da nahikoa polizia gehiago jartzea edo errepresioa handitzea. Horrek ez gaitu laguntzen. Parte-hartzea da irtenbidea. Lurraldeetan batzordeak antolatzen ari gara, herritarrek Poliziari lagundu ahal izateko. Baina aurretik lan asko egin behar da bai hezkuntza alorrean bai ekonomia alorrean.

Nik alor horretan badut esperientzia. Legebiltzarreko Defentsa Batzordean ari naiz lanean, eta zenbait eskualdetan proiektuak jarri ditugu martxan, horri esker hiru hilabetez indarkeria amaitzea lortu dugu, eta xantaia kasuak erdira murriztu dira.

Kargua hartu zuenean Mauricio Funes presidenteak iragarri zuen bere asmoa zela AEBekin harremanak bultzatzea. Zein da egun egoera?

Jendea kezkatuta zegoen ezkerrak AEBekin izango zituen harremanen inguruan, baina guk hasieratik esan genuen munduari ateak zabalduko genizkiola. Herrialdeak menpekotasun handia du Ameriketako Estatu Batuetatik datozen laguntzekin. Baina Gobernuak erakutsi nahi du ez garela herrialde baten ideologiaren menpe biziko. Denekin egin nahi dugu lan, AEBekin, Venezuelarekin eta Kubarekin. Gure konpromiso nagusia herrialdearen garapena eta defentsa da.

Hondurasko krisiak protagonismoa hartu du azken hilabeteetan estatu kolpea dela eta, zein iritzi duzue horren inguruan?

Kezkatuta gaude, Honduraskoa demokrazian atzera egitea delako. Latinoamerika ia osoan izan ditugu estatu kolpeak eta diktadura militarrak, eta halakoek ez lukete gertatu behar gaur egun. Halako zerbait justifika ezina da, Honduraskoa bezalako diktadura bat demokraziaren aurkako kolpe gogorra delako. Besteek gustuko ez badute ere, Manuel Zelaya da herriak aukeratutako presidentea. Gertatutakoa salatzeko, martxa bat egingo dugu larunbatean San Salvadorren.

Gu ere kezkatuta gaude, El Salvadorren askok uste dutelako posible dela estatu kolpe bat ematea. Gerratik irten berriak gara, eta gizarteak ez luke onartuko berriz atzera egitea. Armadako buruzagiek berretsi dute armadak ezin duela politikan sartu eta presidentearen erabakiak errespetatu behar dituela. Baina jakina da armadatik kanpo dauden erretiratutako militar asko direla hala pentsatzen ez dutenak.

 

Errorea | Askapena

Errorea

Webguneak espero ez zuen errorea aurkitu du. Mesedez frogatu berriro geroago.

Errore mezua

  • Notice: Use of undefined constant DRUPAL_MAXIMUM_TEMP_FILE_AGE - assumed 'DRUPAL_MAXIMUM_TEMP_FILE_AGE' system_cron()-en (/home/askapenaee/www/modules/system/system.module-ren 3069-garren lerroan).
  • Warning: Cannot modify header information - headers already sent by (output started at /home/askapenaee/www/includes/common.inc:2777) drupal_send_headers()-en (/home/askapenaee/www/includes/bootstrap.inc-ren 1486-garren lerroan).
  • Error: Call to undefined function system_get_files_database() system_rebuild_module_data()-en (/home/askapenaee/www/modules/system/system.module-ren 2470-garren lerroan).