2012ko Venezuelako brigadaren 4. kronika

Aste honetan Vargas estatuko Naiguatako arrantzaleen bilketa egitasmo komunala ezagutzeko aukera izan dugu.

Iraultza bolibartarrak sozialismoaren aldeko hautua egin ondotik egitasmo soziekonomikoak langileen, nekazarien, arrantzaleen, autoeraketaren bidez sustatu nahi dituzte. Naiguatakoa, Jose Avilanek azaldu digunez, guzti horren adibidea da. Hasteko arrantzaleen kontseilua sortu zuten eta ondotik, ordura artioko itsasontzi jabeen nagusigoa hausteko arrainen bilketa, eraldaketa eta merkaturatzeko lantegia egitea erabaki zuten. Kontseilua eratu ondotik biltegiaren egitasmoa zehazteko, gauzatzeko eta finantzatzeko estatuko hainbat eragileren laguntza izan zuten.

Egitasmoaren baitan herritar arraindegia, lonja, arrainen eraldaketarako gunea eta hotzgailuak egin dituzte. Zerbitzu guzti horiek hartzen dituen eraikina arrantzaleek beraiek eraiki dute estatuko aholkularien eta komunitateko ingeniarien laguntzarekin. Bertzalde arrantzaleen kontseiluak ere aurrezki kutxa, monte pioa eta gizarte segurantza eskaintzen ditu. Gainera arrantzaleak formatzeko ere arrantza-eskola sortu dute. Jose Avilanek erran digunez egitasmo guzti horiekin arrantzaleen bizimodua anitz hobetuko da, zeren, berriki artio, bitartekariei buruz guztiz menpekoak baitziren.

Aipagarria da, halaber, Avilanen moduko arrantzaleek arrantza tradizionalean aritzen direla eta, horretarako, gobernuak arrasteko arrantza debekatzeko hartu duen erabakia aski lagungarria izan zaiela. Gobernu  iraultzaileak ere, arrantza biltegi komunala kudeatzeko formazioa eskaintzen dien herritarrei, ildo horretan, aipagarria da Kuban ikastaroak egiteko ematen dieten aukera. Avilanek erran digunez arrainen multzoak jarraitzeko sistemen trebakuntza ikastaroan parte hartu zuen Karibeko uharte sozialistan.