2013ko Saharako brigadaren lehenengo kronika

Uztailaren 2ko goizaldeko ordu bietan heldu ginen Marrakecheko CTM autobus geltokira, Loiun hegazkina hartu eta lau ordura.

Bertan, El Aaiun izena entzutetik makal antzeztutako normaltasun batez saldu zizkiguten txartelak, eta abiatu ginen. Bidaiak iraun zituen 14 orduetan bi faktoreren arteko erlazio deigarria agertu eta berresten zitzaigun: gure jomugarako  kilometroak gutxitu ahala areagotzen ziren Marokoar okupazio indarren kontrolak. Kontrol horietan gu ginen identifikatu bakarrak, atzerritar lekuko deserosotzat dutelako marokoarrek Mendebaldeko Saharara hurbiltzen den kanpotar oro. Marokoko erregearen argazkiak, aldiz, konstante bat ziren, nonahi.

El Aaiuneko sarrerako kontrolean handik alde egiteko gogo bezainbeste zalantzarekin 40 minutu igaro ondoren pasatzen utzi ziguten, eta, ez iruditu arren, 200.000 biztanle dituen hiri honetan sartu ginen. Lehen inpresioa ematearren, El Aaiun hiri utzia dela esango genuke. Utziak daude espaloi hondatuak, utziak kaleetako zaborrak.

Gure anfitrioi, gidari eta gerora laguna izango zena zegoen zai autobus geltokian, haren etxera eramateko prest. Bertan bere familia aurkeztu eta te bat hartu ondoren, etxeko teilatuan gure brigadaren lurralde okupatuetako koordinatzailearekin bildu ginen, ongietorria jasotzeko. Gaueko 11ak ziren, eta hiria lokartzen zihoala Saharako gatazkari hurbilpen historiko bat eman zigun, tea berriro hartu eta lotara joateko bidean ginenean.

Hurrengo egunean hiru bilera genituen programatuta. Goizeko 11etan Mendebaldeko Sahararen autodeterminaziorako batzordearekin, CODAPSOrekin, bildu ginen. 2005eko apirilaren 24an sortu zen batzordea, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ikuskatuko lukeen erreferenduma eskatzeko. Erreferendum honetan 1974ko zentsuan zeudenen parte hartzea aldarrikatzen dute, kolonoz josita baitago, gaur egun, Mendebaldeko Sahara (%80 inguru). Marokoar erregimenak erraztasun ugari eman dizkie kolono hauei hona bizitzera etortzeko, elektrizitatea ordaindu behar ez izatetik, etxebizitzak dohain lortzeraino, besteak beste.

Batzordeko kide denak preso politiko izandakoak dira, hau baldintza bat ez bada ere. Beste pertsonak ez ausartzeari, beldur izateari, egozten diote ezaugarri hau. Batzordeko presidenteak, Sidi Mohamed Idris-ek, 24 urte pasa zituen espetxeratuta, adibidez.

1991ko su etenetik, era baketsuan jarduten direla kontatu zigun emakume ikasle batek, ez dutela gerrara itzuli nahi, manifestaldi baketsu eta margoketen bidez haien ahotsa mundura zabaltzearren. Eta arren eskatu digute, haiek eta hurrengo elkarteek ere, haien mezua zabal dezagun. Hurrengo bileretan errepikatuko ziren te, argazki, eskertze eta agur artean bukatu genuen bilera, jarraian bildu behar ginen pertsonak prest zegoela esanez deitu gintuelako. Poz handiz jaso zuten oparitu genien presoen ikurra.

Bere etxe eta bulego den etxebizitzan jaso gaitu Brahim Dahane-k. ASVDH-ko (Asociacion Saharaui de Victimas de Graves Violaciones de Derechos Humanos) presidentea da. 87 eta 91. urteen artean desagertua izan zuen Marokoko erregimenak, eta gerora ere, 2005-2006 eta 2009-2011. urteen artean atxilotua egon da. Biolentziarik sekula erabili ez bazuen ere, 15 akusazio ezberdin egotzi zizkioten Brahimi. Elkarteak txostenak eta komunikatuak argitaratu, kanpotarrekin topaketak burutu, nazioarteko harremanak mantentzen ditu besteak beste. Haien funtzio nagusienetarikoa gizarte sahararrak pairatzen dituen eskubide urraketak  salatzeko  duen eskubide eta beharraz sentsibilizatzea da, baina honek lanketa gogor eta zaila dakarrela azaldu zigun. Auzi sahararra defendatzen duten elkarte guztiak legez kanporatuta daude Marokon, eta honek suposatzen dituen zailtasunei buruz mintzatu zitzaigun luze eta zabal (diru-laguntzak edo egoitza bat izateko ezintasunaz, adibidez).

Brahimekin bilera bukatu ondoren, arratsaldeko 7etan beste bilera bat izan genuen, azken hau “Mendebaldeko Saharako Emakume eta Haurren Behatokia” elkartearekin. Beste elkarteen antzera, Marokoko erregimenarentzat ilegala da elkarte hau ere, bide administratiboetatik erregistratzen saiatu badira ere. Haien zuzendari Fatimetu-k azaldu digun bezala, elkartearen helburuak emakume eta ume sahararren eskubideak aldarrikatzea da, eta umeen aldeko lanketan sakontzen dute gehien. Drogei eta kultura sahararrari buruz sentsibilizatzea eta pairatzen duten indarkeria salatzea dira, besteak beste, haien lan esparru ezberdinak.

Emakume sahararrek duten borroka grinaz harro mintzatzen ziren, auzi justu batengatik kartzelara joatearen ohoreaz. Manifestazioetan saharar emakumeek duten garrantzia azaltzen ziguten, hauetara joatearen ohoreaz, ama eta alabak batera joaten direla. Gizonetako batek interes handia zuen Euskal Herriko emakumearen egoeraren inguruan, galdera ugari eginez, baina erantzunei jartzen zieten arretagatik, interesa aldebikoa zela esan dezakegu.