22 urteko gazte sahararra torturaz eraila El Aaiun-eko kartzela beltzean

Saharako berri agentzien arabera Abdul Baqi Aliyen Antahah 22 urteko gaztea astelehen arratsaldean zendu zen El Aaiun, Sahara Mendebaldeko hiriburuko Kartzela Beltzean.

Urte eta erdiko espetxe zigorra betetzen ari zen gaztea, eta hilabete zeraman kartzelan. Bertako bizi baldintza ez duinen eta humiliagarrien aurka azaldu ostean, isolatua eta etengabe torturatua izan zen joan den asteko asteazkenetik. Diotenez ostiraletik kontzientzia gabe zen, baina hala ere ez zuen inolako mediku asistentziarik jaso.

Espetxean egunerokoak eta sistemikoak diren torturen ondorioz hil da gaztea, oinarrizko eskubideen gabezia erabatekoa baita Marokoko zein Saharako okupatuko kartzeletan. Azken bi urteotan espetxean eraila izan den zortzigarren presoa baita.

Giza eskubideen bortxa hori ezin da ulertu nazioartearen kolaboraziorik gabe, Maroko ez baitago bakarrik aldebakarreko gerran, ezinbesteko aliatuak ditu. Eta horren isla da, hain zuzen ere, joan den astean Espainiak Hassanna Aalia gaztearen asilo politikoaren ukatzea. Espainiak asilo politikoaren inguruko erabakiarekin argi utzi du, beste behin ere, zein den bere jarrera Saharar auzian, zer nahi duen Hassannarentzat eta Saharar guztientzat; espetxea, torturak, eskubide ororen ukapena eta zapalkuntzara kondenatuta bizirautea.

Guzti hori salatzeko eta Marokora igorria izateko arrisku larrian den Hassanna Aaliari elkartasuna adierazteko larunbatean Bilbon izango gara, arratsaldeko 17:00etan Arriagatik abiatu eta Gobernu delegaritzan amaituko den manifestazioan.