Ameriken bigarren independentziarantz

Bihar, ekainaren 5ean Askapenak eta Udako Euskal unibertsitateak elkarlanean antolatu dugun jardunaldiak direla eta iritzi artikulu hau publikatu dugu. Jardunaldien izena 'Prozesu bolivartarra' izanik, Ameriketako herri batzuen "independentziaren" 200. urteurren honetan bertan ematen diren prozesu askatzaile zein 2.independentziaruntz zabaldutako bideak izango ditugu aztergai.

Iritzi artikulua Berria.info

Iñaki Etaio. EHUko irakaslea eta Askapenako kidea

Bi mende betetzen dira Abya-Yala/Ameriketako herri batzuek lehenengo independentzia lortu zutenetik, Haiti lehenengoa izanda 1804an. Askapen prozesu horretan fronte ezberdinak zeuden, kolonizatutako herriak hainbeste izanda, baina helburua berdina zen: metropoliarekin lotzen zuten kateak haustea. Borroka prozesu zabal eta luze horrek Simon Bolivarrek bultzatutako proiektua izan zuen motor ideologiko nagusia, Ameriketako herriak askatzea eta herri bezala integratzeko helburuarekin. Beharrezkoa da aipatzea proiektu hori beste buruzagi eta iraultzailerekin gauzatzen eta borobiltzen joan bada ere (Sucre, San Martin, Tupac Katari, Jose Marti, Farabundo Marti, Che Guevara, Mariategui...), epopeia hori posiblea izan zela beren odola eta sakrifizioa eman zuten milioika herritarri esker, Historian izendatu gabe geratu direnak.

Hala ere, inperio espainiarretik askatzeak ez zuen suposatu herrientzat burujabetza, berdintasuna, justizia, lurra eta ogia lortzea. Faktore ezberdinengatik, nagusiki zonaldea kontrolatzeko inperialismo yankiaren interesagatik -Jose Martik jada aurreikusi zuena- eta oligarkia lokalen berekoikeriagatik, ez da oraindik gauzatu. Formalki estatu independenteak badira ere, Ameriketako herriak 2. independentziaren bila dabiltza oraindik, boterea herriari emango diona.200 urteren ostean gauzatu ezin bada ere, Ameriketako herrien borrokek bizirik diraute, benetako independentzia lortu ez den seinale argiena izanik. Aurrerapenez eta porrotez idatzitako Historian zehar, Guda Hotza-ren borroka eremua ere bihurtuta, Hego Amerika, Ertamerika eta Karibeko herrien integrazioaren plasmazioa bigarren lerro batean geratu zela esan daiteke hein (handi) batean. Hugo Chavez presidentziara heltzearekin, proiektu hori berpizten da indartsu.

Azken urteetan Amerikarako proiektu integratzailearen alde beste gobernu batzuk gehitu ondoren (Kuba, Bolivia, Ekuador, Nikaragua...) aurrerapen handiak egon dira, Alianza Bolivariana para los pueblos de Nuestra America (ALBA) eta bere inguruan sortu diren proiektu estrategikoak (Telesur, Unasur, Banco del Sur, Petrosur...) adibide ospetsuenak direlarik.

ALBA inguruan dauden gobernuek botere politikoa hauteskundeen bidez lortzeko ildoa bultzatu dute nagusiki, hau da, demokrazia burgesaren bideetatik botere politikora heldu ahal dela sistema aldatzen hasteko, bide eraginkorrena omen delakoan. Hala ere, ezin dira ahaztu badaudela bide baketsuen bidez sozialismoa eraikitzeko aurrekari batzuk porrotean geratu direnak -Allenderen saiakera ezagunena izanda-, baita errealitate batzuetan ezinezkoa izan dela aldaketa bide politiko hutsetik bideratzea, herri proiektuei bide hauek itxi zaizkielako -adibide argiena Kolonbiako Union Patriotica-ren eraildako 4.000 hautagai eta militanteak; orain dela gutxiko Zelayaren gobernuaren aurkako estatu kolpe inpunea ahaztu gabe-. Errealitate ezberdinak, ñabardura ezberdinak, baina jendarte berri bat eraikitzeko ahalegin bera. Era orokorrean, esan daiteke gaur egun Amerikako herrietan Alerta, alerta, alerta que camina la espada de Bolivar por América Latina lelo nagusia dela, leku batzuetan, nagusiki Kolonbian, Alerta, alerta, alerta que camina la lucha guerrillera por América Latina leloak oraindik gaurkotasuna mantentzen duela kontuan hartuta. Bi lelo hauei gehitu behar zaie azken urteetan indarra hartzen ari den jatorrizko herrien Abya Yala-ren eta Pachamama-ren defentsaren aldarrikapena ere.

Aipaturiko garapen politiko-ideologikoak ezkerreranzko buelta bat eta integrazioaren aldeko aurrerapauso garrantzitsuak suposatu baditu ere, aldaketa ez dago inondik inora ziurtatuta. Kubako kasuan izan ezik, non Iraultzak burgesia eta lurjabe handiekin bukatu zuen, gainontzeko herrietan sistema burgesaren oinarriak ez dira ahuldu eta ekoizpen-bideak eta natur baliabide askoren jabetza transnazionalen eta oligarkiaren eskuetan mantentzen dira. Prozesua ez da atzerabueltaezina eta pribilegiatuek ez dute etenik egin prozesu aurrerakoi hauen aurkako erasoetan: sabotaiak, burgesek deitutako grebak, kanpaina mediatikoak, horniduraz gabetzea, buruzagien aurkako atentatu saiakerak, paramilitarismoaren erabilpena... Eraso hauen atzean ia beti egon da presente inperialismo yankiaren itzala, nagusiki CIAren bidez. Gaur egun, eta beste ekimenen artean, Latinoamerikako itsasoetan patruilatzeko AEBetako IV Flota-ren berraktibatzeak eta, batez ere, Kolonbian ezartzen ari diren base militarrek erakusten dute prozesu herrikoien aurkako esku-sartze militar zuzenaren aukera dagoela.

Baina arazoak ez datoz bakarrik mugaz kanpotik. Gobernu arrotzen hainbeste urteren ostean, mugimendu aurrerakoiak botere politikora behin helduta, jarauntsitako estatu aparatua aldaketa prozesuak baldintzatzen duen gakoetako bat da. Hain lerro gutxitan ezin aipatu, baina asko dira batez ere barne mailan aldatu eta eraiki beharrekoak: herriaren parte-hartzea sustatzea eta bide ematea, ekonomiaren zutabeen kontrola lortzea, ustelkeria insituzionalizatuari aurre egin, prozesuen barruko oportunistak alde batera utzi... Beste alde batetik, gobernu batzuen kasuan -ez hainbeste ALBAren barruan daudenak baizik eta olatu aurrerakoi horretara gero gehitu diren batzuk-, jarrera epelak, sozialdemokratak, eta pragmatikoegiak antzematen dira maiz, itxura ezkertiarra ematen, herrirako hobekuntza batzuk lortzen, baina aldi berean burgesiaren eta inperio yankiaren onespena bilatzen, deberdintasuna sortzen eta mantentzen duen sistemaren oinarriak ukitu gabe. Che Guevarak behin ohartarazi zuen batez bestekoak saldukeriaren bezpera direla, eta oraingo kasuari begira, zonaldeko gobernu batzuen papera prozesu askatzaile eta integratzailea aurrera egiteko edo bertan behera geratzeko erabakigarria izan daiteke.

Munduan garatzen ari den prozesu interesgarrienetariko bat izanik, herrien arteko elkartasunerako arreta puntu ezinbestekoa izanik, herrien etorkizuna borrokatzen ari den eskenatoki oso garrantzitsua izanik, Prozesu bolivartarrak asko dauka irakasteko, handik oso urrun dagoen Euskal Herrian ere. Prozesu hau izango dugu aztergai Udako Euskal Unibertsitateak eta Askapena erakunde internazionalistak antolatutako egun osoko jardunaldi irekian, ekainaren 5ean Iruñean. Prozesu bolivartarraren inguruan jantzi eta eztabaidatzeko aukera paregabea, Euskal Herria internazionalista eraikitzeko bide honetan.