Argentinako brigada I.go kronika: Jujuy-ko sarraskia salatzeko protesta Buenos Aires-en

jujuy buenos airesLurra eta etxebizitza aldarrikatzen zuten 700 familia ingururen kontra kargatu zuen poliziak eta lau hildako eta hamarnaka zauritu eragin zituen Jujuy-n, Ledesmako Departamenduan. Sarraskia salatze aldera egunotan protestak izaten ari dira Argentina osoan zehar eta Askapena-ko brigadistak hiriburuko, Buenos Aireseko manifestazioan parte hartu zuten ostiralean.
argazki galeria

Lurra eta etxebizitza. Oinarrizko bi eskubide horiek luxua dira Argentinan eta herritarrek beren kabuz eskuratu behar dute Gobernuak eta tokian tokiko erakundeek ukatzen dietena. Horixe da Ledesma-ko Departamenduan, Jujuy-ko herrian gertatu zena. Bertako lurrak eta etxebizitzak azukrea, bioetanola edota papera ekoizten duen Ledesma S.A enpresarenak dira eta bizilagunek enpresak erabili gabe zituen 15 bat hektarea okupatu zituzten beren etxebizitzak egiteko. Orotara 700 bat familiek parte hartu zuten lurren okupazioan, 2000 pertsona inguru.

Hasiera batean enpresak herritarren eskakizunak kontutan hartuko zituela zirudien. Inork gutxik aurreikusi zezakeen asteazken gauean gertatuko zena. Epaile batek okupazioa ilegala zela erabaki eta goizeko seiak aldera, argitu gabe oraindik, 350 polizia inguru okupaturiko kanpamendura sartu ziren. Gomazko pilotak, gas kimikoak eta benetako munizioa harrien kontra. Liskarren ondorioz, lau pertsona hil eta 70 zauritu baino gehiago izan ziren.

Kristina Kichner-en Gobernuak errepresio basatia baliatu du, beste behin ere, pobreziak jota dauden herritarren eskakizunak isilarazteko. Protestak ordea, berehala iritsi dira. Sarraskia gertatu eta 24 ordura Buenos Aires-en, Neuquen-en eta Jujuy-n bertan manifestazioak izan ziren. Eta hain zuzen, Buenos Aires-eko manifestazio horretan Askapena-ko brigadistek parte hartu zuten (Kronikan ikus daitezkeen argazkiak Buenos Airesen izandako manifestazioarenak dira).

Euskal Herriko brigadistek Convocatoria por la liberación nacional y social taldearekin (Argentinako eragile desberdinak biltzen dituen platafoma politikoa) batera zeharkatu zituzten Buenos Aireseko kaleak eta protestan zehar Argentinan dauden eragile desberdinak ezagutzeko aukera izan zuten. Halere, manifestazioak beste sorpresa bat utzi zuen. Bidean Euskal Herriarekiko elkartasuna Bunos Airesera iristen dela frogatu ahal izan zuten brigadistek.

Euskal presoen alde Buenos Aires-en

Jujuy-ko sarraskia salatzeko manifestazioak Buenos Aires-ko kale nagusiak zeharkatu eta “Maiatzaren Plazan” amaitu zen. Plazara iritsi aurretik ordea, Askapena-ko brigadistek EHL-k hileko azken ostiraletan egiten duen euskal presoen aldeko elkarretaratzearekin topo egin zuen. Buenos Aires-eko EHL-k hilero egiten ditu euskal presoen aldeko elkarretaratzeak. eta Euskal Herriko gatazka politikoa jendarteratzeko lan handia egiten du beste hainbat ekintzekin.

Argentinako Askapena-ko brigada. Uztailaren 29a, Buenos Aires.