Argentinako brigadaren 1. kronika: ongi etorria eta kokapen historikoa

Buenos Airesera heldu eta hurrengo egunean Convocatoria para la liberación nacional y social taldekoekin bildu ginen, hauek Argentinako historiaren kokapena egin ondoren   hurrengo egunetako plangintza aurkeztu ziguten.

Asteartean, portura joan ginen bertoko langileekin egotera. Hara heldu eta hantxe zeuden CTA sindikatuko guztiak gure zain. Izugarrizko harrera egin ziguten: danborra jotzen, banderak airean, haiek egindako petardoak botatzen... borrokarako duten indar guztiaren erakustaldia.

Egun horretan, jubilatuen eta laster jubilatuko direnen asanblada zegoen eta bertan parte hartzeko aukera izan genuen baina hori baino lehen, gelatxo batera eraman gintuzten solas egitera portuko langileen CTAko burua den Pancho Montiel, Ana Gorria eta sindikatuko beste kide batzuekin.
Azken urteetan eraman duten borrokaren nondik norakoak azaldu zizkiguten.

Portuetakoa izan zen Menemek pribatizatutako sektoretako bat eta pribatizazioarekin batera hainbat gatazka piztu ziren baina jubilazioen afera izan da portuko langileek gehien jorratu duten gaia. Jubilazioak defendatzeko gogor borrokatu bai eta garaipena lortu ere egin dute langile hauek, 2006an lortu baitzuten Reparacion historica deritzon dekretua. Dekretu honen bidez jubilazioak ziurtatu zituzten eta prestazioak igotzea lortu zuten.

Argentinako nondik norakoen berri jakiten hasiak gara iada, adibidez, 2000. urtearen hasieratik hona Argentinako langabetuen mugimenduan ohikoak bihurtu dira bide mozketak, “cortes de ruta”, eta 2002ko ekainaren 26an holako mozketa batean poliziak egindako sarraskiaren kontakizuna ezagutzeko aukera izan genuen hurrengo egunean Frente Popular Dario Santillaneko kideekin. Bertako kide den Esteban gure bila etorri zen eta Avellaneda auzora eraman gintuen. Hango tren geltokian gertatu zen sarraskiaren momenturik latzena: milaka pertsonek Buenos Aireseko sarrera nagusia moztu ondoren, poliziak aldez aurretik planifikatuta zeukan sarraskiari ekin zion hainbat zauritu eraginez, horietatik gutxienez 33 lagun balaz zaurituak eta Dario eta Maxi gazteak erailez.

Poliziak Maxi tirokatu ondoren, bere lagun batek Avellanedako tren geltokira eraman zuen babes bila orduan, Dario hurbildu zen hilzorian zegoen gaztea laguntzera eta poliziak Dario ere erail zuen sorbaldatik tiro eginez. Zoruan zegoela, polizia bat ostikoka hasi zen hilda zegoela ziurtatu arte.
Gobernua gertakizun hau guztia estaltzen saiatu zen, baina ez zuen lortu eta, ondoren, agertutako argazki eta bideo batzuei esker, hiltzaileak epaitzea eta kartzelatzea lortu zuten. Hori bai, arduradun politikoak, agindua eman zutenak, ordea, libre geratu ziren eta ardurak ez dira inoiz egotzi.

Gertakizun hau salatzeko eta justizia eskatzeko sortu zen Frente Popular Dario Santillan. Sarraskia gertatu zen tren geltokian memoria gunea prestatu zuten eta egun bizirik dirauen guneak, hainbat egitasmo burutzen ditu bertan.

Baina memoria eta justiziaz aparte, mozketa egunean aldarrikatzen ari zenarekin ere jarraitu nahi zuten, lana eta duintasunaren aldarrikapenarekin hain zuzen. Horrela, kooperatiben inguruan lan egiten hasi ziren, langabetuek lan autogestionatuari heltzeko eta lana bai baina baldintza duinak ere ziurtatzeko. Urte askotako lanari esker, egun hainbat kooperatiba dituzte martxan arlo desberdinetan: auzoko okindegia, jostundegia, inprenta, aroztegia... Hezkuntza popularra ere jorratzen dute eta auzo desberdinetan eskolak martxan jarri dituzte. Honez gain jantoki popularra ere kudeatzen dute, egunero 1000 pertsonei bazkaria emanez.

Azken finean, sare oso bat osatu dutela esan dezakegu non kooperatiba, elkartasuna eta autogestioaren baloreak iparrorratza diren eraldaketa sozialaren bidean.