Argentinako brigadaren 3.kronika: Neuquen-eko probintzia, aberatsa izateagatik pobreziara kondenatua.

“Latinoamerikak berezkoa duen aberastasuna, bere pobrezia estrukturalaren arrazoi nagusia da”. Duela 40 bat urte Eduardo Galeanok bere “Las venas abiertas de America Latina” liburuan egindako baieztapenak ez du bere zentzua galdu. Guztiz kontrakoa. Patagonian  dagoen Neuquen-eko probintzia horren erakusgarri da. 
 
Baliabide natural ikaragarriak dituen Kontinentea da Amerikakoa ; amaiezeinak diruditen basoak, munduko ibairik handinetakoak, lur emankorrak eta nola ez, petroleoa, gasa eta oro har, sistema produktibo kapitalistak hain beharrezkoak dituen erregai fosilak. Aberastasun horrek ordea, ez du bere isla herritarren bizi mailan. Baliabide horiek guztiak “Mendebaldeko” herrialdeentzat dira eta hori horrela izateaz arduratzen dena neoliberalismoa da.
Adibide asko aipatu daitezke aurretik esandakoa azaltzen dutenak eta Askapenako brigada horietako baten lekuko zuzena izan da aste honetan zehar. Neuquen-eko probintzian ikusitakoak Galeanok idatzirikoa baieztatu besterik ez du egiten eta datu sozioekonomikoak beren kabuz mintzo dira ; Argentinako gas produkzioaren %55 Neuquen-go probintzian egiten da, 3500 petroleo ustiapen daude, Estatuko ekoizpenaren %27a, adreilua egiteko lehen-gaia soberan dago eta adreiluak ekoizten dituzten enpresak ugariak dira... 
 
Txanponaren beste aldean ordea, neoliberalismoak sortzen dituen kontrasenak agerikoak dira ; Pribintzian 30.000 pertsona inguru “txabola” edo eraikin prekariotan bizi dira, langileen bataz besteko soldata 980 pesotakoa da (180 euro inguru hilean), langabezia tasa ikaragarri altua da eta gazteen erdiak baino gehiagok ez ditu ikasketak amaitzen.
 
Mugimendu piketeroaren jaioterria
 
Kontraesan hauengatik akaso, Neuquen-go probintzia Argentikako mugimendu piketeroaren jaioterria izan zen 90ko hamarkada hasieran. Guztia YPF enpresa petroleroaren pribatizazioarekin hasi zen. Cutral-Co deituriko herrian biztanleen ehuneko-ehuna ordura arte Estatuaren esku zegoen enpresa horri esker bizi zen eta pribatizazioak herri osoa langabezian utzi zuen.
 
Historikoki langileek greba baliatu dute beren eskubideak aldarrikatzeko eta piketeak enpresak ixteko tresna ziren eta dira. Lanik gabe zaudenean ordea, ezin duzu lantegirik itxi, lantegiak patronalak berak ixten dituelako eta mugimendu piketeroa hain zuzen, langabezia masiboa zen testuinguru batean sortu zen. Egoera horretan langile mugimenduak bere borrokarako tresnak berritu behar izan zituen eta lantegiak itxi beharrean errepideak ixteari ekin zion. Honenbestez, horrela sortu zen mugimendu piketeroa, errepideak bloketauz.
 
Mugimendu piketeroak badu beste berezitasun bat ; Pikete tradizionaletan kalteturiko langileek bakarrik parte hartzen zuten bezala, mugimendu piketeroan langabetuek eta beren senideek parte hartzen dute. Nolabait borroka sozializatu egiten da, zabaldu.
 
Zanon: Langileen esku dagoen lantegi handiena.
 
Mugimendu piketeroaren jaioterria izateaz gain, Neuquen-go probintziak badu beste berezitasun bat langile borrokari dagokionean behintzat, eta hori autogestionaturiko lantegiak dira. Langileek kudeaturiko lantegiak Argentina osoan daude baina Neuquen-en mugimendu honek indar berezia duela esan daiteke eta horren erakusgarria “Ceramicas Zanon” enpresa da. Bere burua FASINPAT edo “Fábrica Sín Patrón” gisa definitzen du. 
 
Argentinan langile borrokaren ikur garrantzitsuenetakoa da Zanon, izan ere, langileek kudeaturiko enpresarik handiena da. Hasieran 240 ziren eta gaur egun ia 500 langilek egiten dute lan enpresa honetan eta “Expropiazio Legea”ri esker bere egoera legala izatetik gertu dago, nahiz eta, Gobernuak ahalegin guztiak egiten dituen aipaturiko “Expropiazioa Lege” hori bere osotasunean bete ez dadin. Horregatik, gaur egun Zanon-eko langileek borrokan segitzen dute, errepideak ixten aipaturiko legea bere osotasunean bete dadila exijitzeko.
 
Edozein kasutan, Zanon enpresa ez da langileek autogestionaturiko enpresa bakarra probintzian. Duela urtebete adibidez, Cutral-Co herrian Stefanni enpresa martxan jarri zuten langileek. Kasu honetan adreiluak ekoizten dituzte eta 70 bat langilek egiten dute lan enpresa honetan. Probintziako hiriburuan bestalde, ADOS deituriko poliklinika ere langileek kudeatzen dute eta osasun arloan erreferentzia bihurtu da bere zerbitzuak txiroenek ere baliatu ditzaketelako.
 
Egiari zor, esan behar da langileek kudeaturiko enpresa guztiek ez dutela “langile autogestioari” buruzko ikuspegi berbera. Batzuena ikuspegi iraultzailea eta erabat sozialista den bezala, besteena ohiko sistema kapitalistatik gertuago dago. Edozein kasutan, guztiek alternatibak posible direla erakusten dute eta garrantzitsuena, praktikan sistema neoliberalari aurre egiten dioten produkzio sistema alternatiboak martxan jarriz.