Argentinako brigadaren azken egunak

Argentinan eman genuen azken astean, talde desberdinekin egoteko aukera izan genuen: “Los pibes de la boca”, “Asamblea del pueblo”, Maputxe komunitateko kide batekin, “Bachiller popular” delako eskola batekin eta honetaz aparte, pare bat hitzaldi  burutzeko aukera ere izan genuen.  Alabaina, Buenos Aireseko azken eguna  “asado”  batekin bukatu genuen.

Argentinako brigadaren argazki galeria ikusi

“Los pibes de la boca”koek arlo desberdinetan egiten dute lan, eta horietako bi arlo ezagutzeko aukera izan genuen; Alde batetik, etxebizitza kooperatiba egitasmoa: Bertan, eraikitzen ari diren etxebizitzak bisitatzera joan ginen, guztira 33 familientzako izango direnak. Partaide diren familia asko, euren etxea bukatu bitartean, lantegi berreskuratu batean bizi dira.

Aipatzekoa da, bi urtetan egin beharreko etxeak burokrazia administratiboagatik eraikitze lanak bederatzi urte baino gehiago luzatzen ari direla. Bitartean, eraikitzen ari diren etxebizitzetan segurtasuna bermatzeko eta inor ez sartzeko, bi zaintza txanda egiten dituzte, bata gauez eta bestea egunez.

Bestetik, 1996tik duten lantegi berreskuratua bisitatzera joan ginen. Lantegi barruan irrati komunitarioa  martxan dute. Han geundela aprobetxatuz, elkarrizketa txiki bat egin ziguten Euskal Herriko egoera azaltzeko. Irratiaz aparte, ordenagailu gela bat daukate eta irratian zelan komunikatu behar diren irakasteko erabiltzen dute. Jostun tailerra ere badago eta horren ondoan, okindegi bat auzokoek ogia egiten ikas dezaten eta bide batez, han ekoizten dena aprobetxatzen dute bertoko kontsumorako.

Lan hauetan diharduten langile guztientzako jangela bat dago eta hilabetean behin auzokideek ere aukera daukate han jateko. Bisita bukatzeko, jende nagusirentzako eskola popularra ezagutu genuen. Bertan, helduentzako lehen hezkuntza eskaintzen dute eta hortaz aparte, adin guztientzako laguntza eta lehen hezkuntzatik batxilergora arte egiteko aukera ere badago.

Hurrengo egunean, “Asamblea del pueblo”ren batzar txiki batean egon ginen. Bertan, hauteskundeak zelan joan ziren aipatu zuten, eta horren ostean Barilocheko preso politikoen egoerari buruz hitz egin zuten. Beraien txanda bukatzean gurea heldu zen, guk, Euskal Herriko egoera azaldu genuen eta ondoren, galderak egin zizkiguten. Arratsaldea bukatzeko, beraiekin txorizo bokatak dastatu eta batzuekin solasaldia edukitzeko aukera izan genuen. Bertan egon zen horietako bat maputxea zen, eta hurrengo egunerako geratu ginen berarekin maputxeen egoeraren inguruan hitz egiteko eta gure jakin mina asebetetzeko.

Maputxeak hainbat gauza komentatu zizkigun:  Ez dutela muga fisikoaren kontzeptua barreiaturik. Alde batetik bestera ibili izan dira betidanik, gainera, bidean jendeari laguntzeko beharra egonez gero beti laguntzeko prest agertu dira. Beraien arazo nagusietako bat urteetan zehar euren kulturak eta lurraldeak jasan duen erasoa izan da. Baina, Argentina eta Txileren artean urteetan kendutako lurraldeak, pixkanaka-pixkanaka errekuperatzen dabiltza.
Gainera, maputxe askok euren nortasuna ukatzen dute urteetan jasotako mespretxuen ondorioz.
Baina, borrokarako indarra gorantza doa, batez ere komunitate autonomoen bidez, horiek   antolatzen hasiak baitira. Euren aldarri nagusiak lurraldearen onarpena eta independentzia izango lirateke.

Historia apur bat ere azaldu zigun gure kideak, adibidez, maputxeek ez zutela historikoki armarik erabiltzen baizik eta “Chueca” izeneko joku batez konpontzen zituztela komunitateen arteko liskarrak.  Joko honek,  egunak edo asteak irauten zuen, eta gatazkan zeuden bi komunitateko herritarrek parte hartzen zuten. Gerta zitekeen gainera, arazoaren muina behi baten jabetza izatea eta jokoak ekartzen duen harremanaren ondorioz, jabetza arazoa denen arteko bazkari eder batekin bukatzea. Auzitan zegoen behia bazkariko menuan!  

“Batxi” eskola batean parte hartzeko aukera izan genuen, konkretuki “Educación del fundamento popular”. Eskola  IMPA-ren (berreskuratutako lantegia, http://impalafabrica.org.ar/)  barruan dagoen kooperatiba bat da. Bitxia egin zitzaigun bi irakaslek eramana izan zela irakasgaia , horrela, ikasleen parte-hartzea bultzatzen da eta klasea interaktiboa izateko aukera gehiago ematen du.  

Argentinako azkeneko egunetan bi txarla desberdinetan parte hartzeko aukera izan genuen. Lehenengoa ATE Sindikatuan eta bestea Euskaltzaleak elkartean. ATEko txarla areto batean izan zen 20 bat pertsona batu ginena. Euskal Herriko egoerari buruz hitz egin genuen eta horren ostean galderak eta hainbat hausnarketa egin ziren. Euskaltzalean berriz, mahai inguru zabal baten bidez hausnarketara bideratu zen. Han zeuden guztiek parte hartzeko aukera izan zuten eta hainbat gogoeta interesgarri atera ziren. Ondoren, Euskaltzaleak elkarteko kideekin afaltzen gelditu ginen eta elkartean egiten diren hainbat ekintzen berri eman ziguten: euskara klaseak daudela, koru talde bat eta euskal herriko musika-tresnak jotzen ere ikasteko aukera dagoela (txalaparta eta alboka adibidez).

Azkeneko egunean, gure Buenos Aireseko lagunak agurtzeko eta  Argentinako ohiturei men eginez, “asado” zoragarri batez disfrutatzeko aukera izan genuen. Gure lagunei gero arte esanez agurtu genituen.

Argentinako brigadaren argazki galeria ikusi