Arrasatek babesa erakutsi dio Askapena erakundeari

“Herriok Libre, Askapena aurrera” lelopean, ehunka pertsonak elkartasuna eta babesa adierazi diote Askapena erakunde internazionalistari. Arratsaldeko 18:30etan abiatu da manifestazioa Arrasateko Herriko plazatik eta herritarren oihuak nahiz parte-hartzea izan dira nagusi Askapenaren aurkako prozesua salatzea helburu zuen “herri epaiketa” honetan.

Mondraberri atariko kronika eta argazkiak: Estatu espainiarra epaitua izan da Arrasateko kaleetan

Portaloia igarota, NATO erakunde militar eta inperialistaren parte izatea leporatu diote “espainiar estatu inperialistari” manifestariek. Otalora kalea aldarrikapenekin bete ostean, “Arbolapeta” izan du hurrengo geldialdia; Bertan, Hassana Aalia, Saharar errefuxiatu gaztearen mezua entzungai izan da. Hassanak “elkatasun osoa eskaini dio” Askapenari, besteak beste “Saharar herriarekin landutako elkartasun osoa” eskertu du. Espainia herrialde inperialistatzat jo du Hassanak eta inperio “espainiarrak Saharan duen erantzukizun historikoa” gogorki salatu du. “Saharar herriak Espainiar estatu inperialista epaitzearekin” bat egin du gazteak.

Jarraian, manifestazioan Askapenako kideen adierazpenak entzungai izan dira, eta herri epai berezi honek BBVA eta Santander bankutxeek jarri du jo-mugan; Borroka giroan, hainbat manifestarik entitate hauen aurkako ekimena burutu dute. “Espainiar inperialismoaren bozeramaile” direlakoan, “latinoamerikako herrien jazarpenean duten erantzukizuna” gogorarazi diete entitate kapitalistei, banketxeen hormak mezu iraultzailez estaliz.

Walter Wendellinen auziparatu gasteiztarraren hitzek eman diote bukaera ekitaldiari. Walterren hitzetan, elkartasun internazionalistagatik, foro sozialetan parte hartzeagatik, brigadak antolatzeagatik eta Euskal Herriarekiko elkartasun komiteak antolatzeagatik sartu nahi dituzte kartzelan Estatu Espainiarreko errepresioaren arduradunek. Hala ere, ez du leporatzen dieten ezer ukatu, eta euren jardunean sakonduko dutela azpimarratu du, Auzitegi Nazionaleko epaiketa eta sententzia gorabehera.

Izan ere, Askapenako ilegalizazioari aurre egin beharko diote erakunde honetako kideek datorren urriaren 31an Madrilgo Entzutegi Nazionalean hasiko den epaiketa politikoan. 5 auziperatuen aurkako 6 urteko kartzela zigorra nahiz Elkartruke S.L, Herriok Aske elkartea eta Askapeña konpartsaren legez kanporatzea eskatzen du fiskalak. Honekin lotuta, Iruñean urriaren 12an burutuko den mobilizazioan parte hartzeko eskatu du Arrasateko askapenak ekitaldiaren amaieran.

Beste hainbat herritan bezala Arrasateko udalak Askapenari babesa eskaini dio

Bestalde, Askapenaren aldeko mozioa onartu zuen Arrasateko udalak joan zen asteazkenean. Aldeko 17 boto eta kontrako 2 botorekin, EAJ, EH Bildu, Irabazi, eta Baleikeren babesarekin, indar politikoek EH Bilduk aurkeztutako mozioaren alde egin zuten. Udalak bere egin zituen ondoko puntuak:

- Elkartasun internazionalista bultzatzeko lanean diharduten erakunde eta pertsona guztiekiko babesa. 

- Askapena, Askapeña, Herriak Aske eta Elkar Truke-rekiko nahiz inputatutako bost euskaldun internazionalistekiko elkartasuna.

- Askapena, Askapeña eta Elkar Trukek egiten duten lana ez oztopatzeko exijentzia.

- Walter Wendelin, Gabi Basañez, Unai Vazquez, Aritz Ganboa eta Dabid Soto euskaldun insternazionalisten aurkako epaiketa euren absoluzioaz amaitzeko, dagozkien eskubideak itzultzeko eta zor zaien erreparazioa emateko erreklamazioa.

Hemen ikusgai ekimeneko argazkiak: