Askapenako batzar orokorra
“Internazionionalismoa ez da delitua, Askapena aurrera!”
Gure ildoak onartu eta Gernikako akordioari eta U-27 grebari babesa adierazi dio gure nazio batzarrak.
Gaur Urtarrilaren 22an Askapena euskal erakunde internazionalistak bere urteroko batzarra burutu du. Batzar hau testuinguru berezi batean egin da, oraindik ere iazko Irailaren 29ko gau beltz hura gure oroimenean bueltaka dugula, orduko erasoak 8 lagunen atxiloketa utzi zuen, haietarik 3 espetxean daude oraindik. Ezer baino lehen Walter, Unai eta Gabieren berehalako askatzea eta auzia bertan behera uztea ozen aldarrikatu nahi dugu, “Internazionionalismoa ez da delitua, Askapena aurrera!”.
Bitartean Askapenak egin ahal duen bakarra da jardunean are gogotsuago eta ekimentsuago jarraitzea. Gure kidegoa zoriondu beharrean gaude erasoaz geroztik erakutsi duen kemenagatik, kokildu beharrean, harrotu da Askapenako kidegoa, Askapena ez da zulo batean sartu, kalean da Euskal Herria Internazionalista eraikitzen. Zorionak!
Askapenaren lan ildoak eta helburuak
Askapenak segiko du orain arteko lan ildoekin:
Gure herrian:
1. Palestina: Palestinarekin elkartasuna sustatzeak bere biziko garrantzia hartuko du hurrengo urtean. Hainbat euskal eragilek eta Askapenak ere 'EH Palestina' sarea sortu dugu eta buru belarri helduko diogu lanari sarean. Zoriontzeko da hainbeste eragile eta pertsonalitatek BDSko ildoekin bat egin izana gure herrian: adostasuna ekimen bihurtu dezagun denon artean, Palestinak merezi du.
2. Herriok independentzia! Iaz ospatu genuen Abya Yalako hainbat herriren independentziaren 200. urteurrena, bigarren eta erabateko independentziaren aldarriaz. Lan ildo honekin segiko dugu elkartasun lanean Venezuelak, Kolonbiak, maputxeek, Boliviako herriek, Mexikok, Kubak... benetako burujabetza lortu dezaten, prozesu bolivartarra eta jatorrizko herrien borrokak erreferentziatzat hartuta.
3. Europako herriekin elkartasun lana ere aurrera doa, azken urteetan Grezia, Eskozia, Irlanda, Països Catalans, Sardinia, Italia, Alemania, Aragoi, Gaztela, Bretaniarekin... bagoaz harreman gero eta sendoagoak edukitzen, eta beraiek askotan (EHL taldeen bidez, besteak beste) erakusten diguten elkartasun zorra 'kitatzen'. Nabarmentzekoa da Europa ezkerretik jardunaldiak jarriko ditugula martxan Europa inperialista eta kapitalistari herri langile bezala aurre egiteko.
Gure herritik kanpo:
* Euskal Herriaren Lagunak sortzen eta daudenekin elkartasun lanean segiko dugu. Osasun ezin hobea du gure herriak jasotzen duen elkartasuna. Laster izango dugu Euskal Herriarekin V elkartasun astea eta erakusleiho aparta izango da bere sasoia erakusteko. Europa eta Abya Yalan 11 lagun dauzkagu herri honetatan geratzen diren eskubide urraketekin, nazio eraikuntzarekin, borroka sozialekin eta prozesu demokratikoarekin... solidarioa dena. Bejon deizuela!
Bestalde:
* Laster brigaden kanpainari helduko diogu urtero bezala, beraz, animatu nahi zaituztegu esperientzia internazionalista honetan murgildu zaitezten: merezi dute!!!
* “Internazionionalismoa ez da delitua, Askapena aurrera!” lan ildoari ere helduko diogu gure lana defendatuz eta babesak bilatuz.
Gernikako Akordioa
Askapenak bat egiten du formalki batzar honen ondorioz Gernikako Akordioarekin, gaineratu behar dugu hala ere, Euskal Herriaren Lagunak taldeei bidali geniela, beraiek beren herrietan jendarteratu zezaten. Horrez gain, hainbat estatutako espaniar kontsulatu eta enbaxadetara ere igorri dute. Askapenak jarraituko du beraz, Gernikako akordioaren oinarriarekin, nazioartean lanean.
Urtarrilaren 29ko greba orokorra
Baliatu nahi dugu ohar hau greba honen inguruan gure jarreraren berri emateko:
Globalizazio neoliberalaren atzaparrak ezin agerikoago agertzen zaizkigu 'krisi' honetan: erabakigune inperialistek eta kapitalistak: Europar Batasunak, Nazioarteko Moneta Funtsak, Banku Mundialak... herrien eta estatuen burujabetzaren gainetik pasa eta beren neurriak ari dira behartzen han eta hemen, gure herritik gertu Irlandan, Grezian, Portugalen, espaniar estatuan...
Erasoa globala da eta tokian tokian herri guztiok gogor erantzutea eskatzen du: gehien daukatenen kontrako neurri bakar bat ere ez da 'derrigortzen', bai ordea gutxien daukatenek oraindik estuago bizi daitezen hamaika eskubide murrizketa.
Grezian, Irlandan, estatu frantsesean, Londresen edo Portugalen greba borroka-tresnaren gaurkotasuna eta beharra erakutsi dute, ez gaiatezela euskaldunok atzean gera, egin dezagun greba, egin dezagun borroka, geldi dezagun Euskal Herria!
Greba gainera ez dugu soilik gure herriagatik egin behar, baizik eta munduko beste herri langileengatik eta bereziki europar herri langileengatik ere.