Askapenaren brigada Saharan: elkartasun zubiak eraikitzen

Saharako lurralde okupatuetan egondako brigadaren hirugarren kronika honetan CSTS sindikatuaren ordezkariekin, Saharako ikasleekin eta Gdeim Izikeko koordinadoraren kideekin egindako bileren berri eman digute. Baita Euskal Herrian idatzitako ehundaka postal entregatu zizkiela kontatzen digute ere.

Postalak idazteko kanpaina abian jarri zuen Askapenak duela hiru urte eta aurten Saharako preso politikoei zuzenduta zegoen.

CSTS sindikatu sahararrarekin egon ostean eta haiekin El Aaiunen bertan arrantzatutako arrain fresko bezain gozoa jan eta gero, gure txofer fidela izan denarekin hurrengo bilerara abiatu gara. Jendez gainezka zegoen gela ez hain handi batera sartu eta bertan Gdeim Izik-eko Koordinadorarekin geundela jakinarazi digute. Hamarnaka izan dira Gdeim Izik-eko erresistentzia kanpamendu baketsuaren harira idatzitako artikuluak baina ezin deskriba genezake bertan egon zirenen eta zehazki bertan egoteagatik atxilotu eta espetxeratu zituztenen senideen hitzak.

Gdeim Izikeko kanpamenduan batu ziren 20.000 saharar baino gehiagok 28 egunez lurralde okupatuen askatasuna eta bertako herritarren askatasuna aldarrikatzeko asmoarekin, betiere era baketsuan. 28. egunean Marokoko indar okupatzaileak indarrez sartu ziren El Aaiunetik gertu zegoen kanpamenduan eta gazte bat hiltzeaz gain, dozenaka izan ziren hurrengo egunetan atxilotutako herritarrak.

Koordinadora hau Gdeim Izikeko gertakarien ostean sortu zuten bi helburu nagusi zituela: herri sahararraren baliabide naturalak defendatzea eta autodeterminaziorako eskubidearen aldeko aldarria lau haizetara zabaltzea. Bi auzi hauen inguruan aldarrikapen politiko, ekonomiko zein soziala egiten dute. Koordinadora hau hainbat kolektibok osatzen dute: Phosboucraa lantegiko langileek, preso politikoen zein desagertuen senideek, elbarrituek edota arrantzaleen senideek.

Euren aldarrikapenak oso argiak dira eta hala jakinarazi ziguten:

  • Preso guztien baldintza gabeko askatasuna.
  • Desagertuta dauden saharar guztien auziak argitzea.
  • Sahararren kontrako giza eskubide urraketak bertan behera gera daitezela.
  • Said Danber martiriaren kasua argitzea eta senideen nahia errespetatua izan dadila.

 Euren aldarrikapen politikoei aterabidea eman asmoz, nazioarteko organo zein herritarren ikuskaritza derrigorrezkoa dela irizten diote.

Koordinadoraren aurkezpen orokor honen ostean, aipatutako kolektiboetako hainbat kide aritu zaizkigu hizketan. Oholtza inprobisatu batetik, Gdeim Izikeko gertakariengatik atxilotutakoen senideak, garai ezberdinetan familia bereko hiru desagertuen emakume bat, Gdeim Izikeko preso politiko baten aita, Phosboucraako langile ohi bat, Gdeim Iziken desalojoaren ondorioz eraildako baten anaia eta sahararren artean urteak militatzen daramatzan gizon historiko bat bere adinagatik Espainako okupazioa eta gaur egungoa bizi izan duena. Testigantza ezberdin guzti hauei esker, Gdeim Izik ekimenaren ondorioak eta urte hauetan saharararren erresintentzia mugimenduaren hainbat aurpegi ezagutu ahal izan genuen. Hala nola, Euskal Herrian ezaguna dugun  dispertsioaren ezarpena (1200 km inguru egiteko 24 orduko autobusez); 1975az geroztik egon diren 650 desagertuak, erailketen zigorgabetasuna; langile saharrarren baldintzak etab…

Bilkuraren momentu hunkigarrienetarikoa brigadako kideok ehunka Euskal Herritarron izenean saharar preso politikoei helarazteko postalak eman dizkieguenean izan da. Ekimen hau Askapenak, orain dela 3 urte, munduko preso politikoei elkartasuna adierazteko kanpainan abiapuntua dauka. Haien begietan zirrara puntua nabaria zen eta momentu berezia izan da denontzat.

Eguna bukatzeko 15 bahituen amen komitearekin bilkura izan genuen. 15 gazte talde hau 2005.eko abenduaren 25an itsasoan desagertu zen. 2005.eko maiatzean burututako intifadako parte hartzaile hauek, Saharako kostatik Kanarietara abiatu ziren Saharan ematen diren eskubide urraketaren informazioa zabaltzera begira. Bidai honetan desagertu ziren eta hauen inguruko argipen gutxi egon  izana, Marokoko agintariak honen inguruan izan dituzten jarduera nahasiak eta kontrajarriak eta batez ere, historikoki Marokok saharar militanteen kontra abiatutako errepresio bortitza aintzat hartzen, familiek argi daukate Marokok desagertu zituela. Hau dela eta, geroztik emandako pausu guztiak eta izandako erantzunak oso ondo garatutako txosten batean bildu dituzte eta igorri dituzte guk ahal dugun txoko guztietara eraman ditzagun.

Goiz honek gazte aurpegia zuen.

Lehenengo batzarra marokoar naziotasuna ezabatzeko taldea osatzen duten gazteekin izan genuen. 30 gazte inguru osatzen dute, hauetatik 15-20 gaztek marokoar naziotasunari uko egin diote. Honetaz gain, beste ekimen asko burutzen dituzte, azpimarratzekoa da Espainiako kontsulatuaren okupazioa, bertako estatuari asilo politiko eskaera eginez.

Ekintza honek bi helburu zituen: alde batetik, Mendebaldeko Sahararen deskolonizazio prozesuan espainiar estatuaren erantzukizun historikoa salatzea; eta bestetik, nazioartean okupazioa zein giza eskubideen urraketa agerian uztea. Espainiako kontsulatuak marokoar poliziari entregatu zizkion. Blokeo mediatikoa gainditzeari begira, talde honek hiruhilabetekari propioa kaleratzen du eta eskuz-esku banatzeaz gain, interneten bidez irakurgai dago.

Ostean Ikasle eta ikasketa kualifikatuak dituzten langabetuen mugimenduarekin elkartu ginen. Ezer baino lehen Mendebaldeko Sahara okupatuan goi ikasketak edota ikasketa unibertsitarioak egiteko aukerarik ez dagoela aipatu behar dugu; gertuen dagoen unibertsitatea 1500 kilometrotara dago eta egun biko bidaia da. Bere lurraldea okupatzen duen estatuan ikastera behartuta daude, askotan gaizki ikusiak diren ingurugiro batean. Hala ere, beraiek argi dute ikasle garaia enbaxadore lana egiteko baliatu behar dutela, eta berez urte hauek euren egoera zabaltzeko baliatzen dituzte. Jarduera honetan bai polizia zein ikasle marokoar asko oztopo daukate. Politikoki herri aldarrikapenak ikasle sindikatuko arloko aldarrikapenekin uztartzen dituzte: matrikulatzeko eskubide askea (unibertsitate guztietan matrikulatzeko zailtasunak dituzte); berdintasuna ikasketetan edota Mendebaldeko Saharan ikasteko eskubidea izatea.

Ikasketen beste aurpegia, Mendebaldeko Saharan dagoen langabezi tasa altua eta batez ere ikasketa kualifikatuak dituzten gazteen kasua da. Horregatik ikasle sindikatu honetan salaketa hau eta kolektibo honen aldarrikapenak barneratzen dituzte ere bai. Mendebaldeko Saharako okupazioa dela eta, marokoar okupazioak lurralde honetan duen utzikeria dela eta, lanerako aukera gutxi daude eta daudenak ere, ikasketa kualifikatudun gazteentzat aproposenak ez dira. Herri hau itotzeko eta husteko beste trikimailua dela zalantzarik ez.

Eguna bukatzeko, Aaiuneko hondartzara joan ginen, lehenengo egunetan ezagututako emakumeen foroak gonbidatuak.

Aaiunetik ateratzeko “abenturita” izan genuen, txakurrak atzetik genituenez gure txoferrak rally bat egin zuen Aaiuneko kaleetatik hauek despistatu nahian, kotxeko paperak ondo omen ez zituelako. Zeregin hau ezinezkoa zela ondorioztatuta kotxez aldatu eta lehenengo kontrolean gaizki ulertze bat izan ondoren (brigadista batek pasaportean dirua gordeta zuenez poliziek xantaia egiten ari ginela uste zuten) gure helmugara heldu ginen.

Haimaz beteriko hondartza batera, non ikusten zen haragi bakarra jan genituen gamelu hanburgesenak izan ziren. Irudi polita egunari bukaera emateko, ortzi-mugatik eguzkia sartzen…