Askapenaren brigadak: Elkartasunaren ordezkariak

 

 

 

 

 

 

 

Gipuzkoako Hitzak argitaratutako artikulua

PDF bertsioan Ikusi (6.eta 7. orrialdeak)

Udaro bezala, oporretan pentsatzen ibiliko dira hainbat euskal herritar, atzerrira egingo duten bidaian. Baina haien gogoetetan, ez da hondartza, mendi edo turismorik izango.

Askapena mugimendu internazionalistaren brigaden bitartez, turistentzat idatzitako gidaliburuetatik at dauden errealitateak ezagutuko dituzte: urteetako zapalkuntzari aurre egiten ari zaizkion herriak, prozesu bolivartarrean buru-belarri dabiltzan komunitateak, elkartasun eta elkarlanean altxatu diren lantokiak... Euskal Herritik mundura, internazionalismoaren elkartasunaren eskutik.

Joan den azaroan, 25 urte bete zituen Askapenak; mende laurdena, internazionalismoa ikur gisa hartuta herrien arteko elkartasuna sustatzen. Urte horietan guztietan antolatu dituzte brigadak, eta aukera eman diete milaka euskal herritarri borrokan dauden herrien egunerokoa bertatik bertara ezagutzeko. Urteak pasatu ahala, aldatu egin dira helmugak, beti unean uneko beharretara eta errealitateetara egokituta. Prozesu sandinistak erakarrita, elkartasun uholdea sortu zen lehenengo urteetan; ez Nikaraguara soilik, baita Erdialdeko Amerikako beste hainbat herrialdetara ere. Zapatistak Mexikon matxinatu zirenean, urte batean ehun brigadista inguru joan ziren hara.

Argentina, Bolivia, Venezuela, Sahara eta Palestina izango dira uda honetako herrialdeak. Urtero, Euskal Herriak dituen beharrak eta nazioarteko egoera nolakoa den aztertzen dute brigadetako arduradunek, nora joan erabakitzeko. Aurten, egoera ekonomiko latzak bultzatuta, Argentinan langileek berek kudeatzen dituzten fabrikak ezagutuko dituzte. Venezuelan ere herritarrek auzolanean ateratako proiektuen berri izango dute. Bolivian, berriz, prozesu bolivartarra eta komunitate gutxituen arazoak eta nolakotasuna izango dituzte aztergai. Saharan eta Palestinan, ikusiko dute nola erantzuten duen herri batek zapalkuntzaren aurka.

Brigada bakoitzak errealitate desberdin bat ardatz duen moduan, brigadisten ezaugarriak ere desberdinak dira. Julen Zulaika Askapenaren brigadetako arduradunetako baten aburuz, "beste errealitate batzuk ezagutzeko gogoa behar da, jakin-mina". Denbora librea izatea ere ezinbestekoa da, gutxienez bizpahiru aste emango baitituzte atzerrian. Ez da gauza bera Palestinara joatea —"hizkuntza tarteko, ingelesez jakitea beharrezkoa da"— edo Boliviara —"euskal kultura ezagutzea, euskalduna izatea garrantzitsua da, han etniek pisu handia baitute"—.

Joan-etorriko prozesua

Brigadak lan tresna politiko garrantzitsu eta aberasgarritzat ditu Zulaikak, eta azaldu du atzerriko komunitateetara egindako bidaia brigadisten zereginen "hasiera" besterik ez dela; izan ere, "joan-etorriko" prozesu moduan ikusten ditu Askapenako kideak. "Norbera aberasteko balio dute brigadek, eta bertan jasotzen dugun esperientziaren motxila norberaren baitan ez geratzea planteatzen dugu, baizik eta ezagutza hori zabaltzea. Beti esaten dugu brigadisten lana itzultzean hasten dela". Urtero, Askapenak hainbat hitzaldi antolatzen ditu Euskal Herrian, atzerrian izan diren brigadistek ekarpenak egin eta hainbat eragileren artean bizi izandakoa plazaratu dezaten.

Argi du Zulaikak: "Internazionalismoa ez da balioetan geratzen den zerbait; herriok asko dugu elkarrengandik ikasteko". Haren ustez, brigaden helburu nagusia Euskal Herriari gainontzeko herrien ekarpena egitea da. Ekarri horretan, etorri izan dira atzerritik Euskal Herrira, parte hartu dute hainbat mobilizazio edo topaketatan. "Baina kanpoan ez dute lantzen brigada kontzeptu gisa, nahiz eta interesgarria izango litzatekeen. Brigada kontzeptua gehiago da gu joatea, haiek etortzea baino".

Urtero brigadista berriak bilatzeko arazorik ez dutela azaldu du: "Badago jakin-mina, gogoa; beste gizarte horiek ezagutzeko premia sumatzen da jendearengan". Urtarrilaren 15ean hasi zuten 2013ko kanpaina, martxorako hegazkineko txartelak hartzea komeni baita; bestela, horiek garestitu, edo bestelako eragozpenak izan daitezke. Aurten, 50 brigadistatik gora izango ditu Askapenak —20-25 Gipuzkoan—, eta horietako %80 gazteak dira.

Beste errealitate batzuk

Gazte horietako bat da Manex Mantxola, 21 urteko urretxuarra. Pare bat aste egingo du Saharan, eta gogotsu dago. Interesgarritzat du Askapenaren brigaden planteamendua, "herrialde baten errealitatea ezagutzeko bide aproposa" iruditzen baitzaio. Hala, eta bidaiaren xehetasunak guztiz zehaztu gabe dituzten arren, ezagutuko ditu, besteak beste, Aaiun hiria, unibertsitatea, Marokok eraikitako harresia, Tindufeko iheslari kanpamendua eta Saharako Emakume Taldea.

Amalur Alvarez da Gipuzkoako aurtengo beste brigadistetako bat; 25 urteko donostiar horrek "aspalditik" zuen brigadista joateko gogoa, eta aurrekoetan alde batera utzi ondoren, lehentasun gisa hartu du aurten. Palestinan izango da, hiru asterako. Biek aurretik zuten Askapenaren brigaden berri; ezagutzen zuten egitasmo horretako kide izandako jendea, eta haien testigantza nolabaiteko akuilu izan dute erabakia hartzeko garaian.

Saharako eta Palestinako errealitatea ezagutzeko "gogotsu" daude biak. Mantxolak dioenez, "Saharako herria ez da erraz makurtzen"; "zer ikusi eta zer ikasi" izango dutela uste du. Alvarezek badaki egoera "gogorrak" pasatuko dituela, baina badaki, era berean, "esperientzia oso aberasgarria" izan daitekeela. Harreman bizia izango dute; izan ere, hango errealitatea ezagutzeaz gain, Euskal Herrikoaren berri ere emango dute, "inori leziorik eman gabe". Brigadak, hain zuzen, antzekoak diren bi komunitateen arteko trukea baitira.

Alvarezek Askapenak emandako formazioa nabarmendu du. "Brigada bakoitzak, bere helmugaren inguruko prestakuntza emateaz gain, Euskal Herriaren inguruko ezagutza ere ematen digu, gure egoeraren berri emateko gai izan gaitezen". Askapenak garrantzi handia ematen dio bidaia aurreko prestakuntzari. Zulaikak azaldu duenez, Palestinari eta Saharari dagokienez, ez hainbeste, baina Hego Amerikako brigadistek elkarrizketa eta agerraldi ugari egiten dituzte hango hedabideetan, eta horretarako prest egon behar dute.

Mantxolak eta Alvarezek ez dute zalantzarik; oraindik Euskal Herrian dauden arren, brigadak gomendatuko lituzkete. Mantxolaren esanetan, norbait "turismoaz aspertu bada, eta bidaiatzeko gogoz badago, eraikin politak baino, nahiago badu esperientziak izan eta gauzak aldatzen hasi, izena eman beharko luke Askapenaren brigadetan". Alvarezen irudiko, "Askapenak lan bikaina egiten du; prestakuntza saioetara joate hutsak merezi du". Aurretik Askapenarekin izandako jendearen kontakizunek animatu dute donostiarra behin betiko pausoa ematera, eta, horregatik, bueltan "hitz ederragoak eta osatuagoak" izango dituela uste du.

Izan ere, Zulaikak arestian azaldu duenez, brigadisten zeregina itzultzean hasten da. Orduan bihurtuko dira elkartasunaren ordezkari. Haien hitzak lagungarri izango dira hurrengo urtean beste hainbeste brigadista egon daitezen. Ahoz aho, elkartasunaren haria eten gabe.