Askatasunaren bidean izan gaitezen itsaso

Atzoko egunez, Espainiako Gobernuaren aginduz Guardi Zibilak buruturiko EPPKko bitartekarien atxiloketa salatu eta larunbatean Bilbon burutuko den “Tantaz tanta itsasoa gara” ekimenean parte hartzera deia egiten dugu

Lehenik eta behin, elkartasun eta animoak bidali nahi dizkiegu atzoko egunez atxilotuak izan ziren Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Mikel Almandoz, Aitziber Sagarminaga, Aintzane Orkolaga, Jose Campo, Egoitz Lopez de Lacalle eta Asier Arangureni, baita beraien gertukoi ere.

Euskal Herri aske bat nahi dugu, horregatik borrokatzen gara, horren alde egiten dugu borroka. Askatasuneranzko bidean konpromisoak hartu eta lanean dihardugu egunero, konponbidearen aldeko hautua egin dugulako.  Gure hondar alea jarriz, negar eta izerdi tanta bakoitzaz, urratsez urrats bidean egiten ari gara.

Espainiar Estatuak ordea ez du nahi, eta jorratzen ari garen bidea etetea besterik ez du bilatzen. Demokrazia izenean dihardute, bakearen aitzakipean justifikatzen dituzte beraien ekintzak eta errepresioa erabiltzen dute herri oso bat zapaltzeko. Salbuespen politikak, dispertsioa, atxiloketak, indarkeria... eskura dituen tresna guztiak baliatzen ditu herritarron aurka, herri oso baten kontra. Asmo horren isla argia da atzoko egunez EPPKko bitartekarien atxilotzea. Konponbidearen aldeko borrokan hartutako konpromisoak zapuztu eta herri baten askatasun nahiak etsipenean murgildutzeko saiakera berri bat izan da.

Baina ez dute lortuko. Euskal Herriak tinko eutsi behar dio askatasunaren banderari eta borrokan jarraitu. Horregatik, atxiloketak salatzeko gaur eta bihar antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu nahi dugu eta bereziki larunbatean Bilbora joateko deialdiarekin bat egin. Bakoitzak bere tanta jarriz geldiezina izango den itsasoa osa dezagun.