Begoña, Marta eta Pakito internazionalistei omenaldia
Atzo, Arrasateko herriak omenaldi xume, eder eta hunkigarria eskaini zien Begoña García, Marta González eta Pakito Arriaran-i El Salvador-en hil zituzten 3 euskaldun internazionalistei.
Herria pankarta eta kartelez josita zegoen eta 200 bat lagun elkartu ginen eguerdiko 13etan Sebero Altube plazan.
Txalapartariekin hasi zen omenaldia eta ondoren aurreskua dantzatu eta lore eskaintza egin zitzaien 3 internazionalistei eta beren senideei. Bertsolariak jardun ziren gero, hildakoen figuren gainean bertso hunkigarriak boteaz.
Hizlarien txandan, Xabier Zubizarreta, Arrasateko alkate ohia izan zen gidaria, eta berak hartu zuen aurreneko hitza. Gogorarazi zuen 1985ean Pakitori herrian egin zitzaion omenaldi erraldoia, zeinean Euskal Herri osotik eta beste herri batzuetatik etorritako lagunak, artistak, etab joan ziren Arrasatera. Berak, orduan olerki bat egin zion Pakitori, eta atzo berriro irakurri zuen.
Ondoren Felix, Pakitoren anaiak, Begoña, Marta eta Pakitori eskaini zion Iosu Peralesek kontakizun baten barruan idatzitako gutun bat, oso hunkigarri egin zena 3 internazionalisten bizitzekin zituen paralelismoengatik. 'Gato'-k ere bide beretik jarraitu zion, 'Pakito Arriaran, de Arrasate a Chalatenango' liburuaren arduraduna izan da, baina bere hitz-hartzean 3 internazionalistak hartu zituen gogoan. Beste une zirraragarri bat 'Radio Venceremos'-etik heldu zitzaigun, irrati hau FMLN-rena zen eta bertako esatari ezagunenak ekitaldirako propio bidalitako mezua entzungai izan zen. Ekitaldia bukatzeko Askapenaren ordezkariak hartu zuen hitza. Gabi Basañezek 3 internazionalistak goraipatu zituen bai eta Nicaragua-n hil zuten Ambrosio Mogorron euskalduna ere, eta Askapenarentzat 4 lagun hauek duten garrantzia azpimarratu zuen.
Ekitaldia bukatzeko EL Salvador-eko 'Txanba' Payes kantariak 80. hamarkadako 4 abesti iraultzaile kantatu zituen eta Internazionala eta Eusko Gudariak-ekin amaiera eman zitzaion kaleko omenaldiari.
Jai eguna, ordea, ez zen orduan bukatu, herriko gaztetxean bazkari zoragarria egin zen eta Txanba berriro animatu zen kantatzera, gainera pantaila batean El Salvadorreko irudiak proiektatu ziren, Pakitori han egin zitzaion omenaldiarenak.
Eskertu behar zaio Arrasateko herriari egindako lan guztia, (aste honetan zehar ere ekimen gehiago izango dira), bereziki antolatzaileei. Besarkada bat!
Gora Begoña!
Gora Marta!
Gora Pakito!
Gora Ambrosio!