Beldurraren pandemia

 

Beldurraren pandemia
 
Abisatu zigun lagun batek baino gehiagok. “Mexikora zoazte? Kontuz gaixotu barik!”. Ikusentzule maiteok, hedabideek, ohore handiz, aurtengo azti handiena aurkezten dizuete: A Gripea! Publikoak begiak estali ditu, arnasa eten zaio, heriotza ere eragin omen dezake hurbiltzen zaionari. Eta, hala ere, uda honetan lau lagun etorri gara Euskal Herritik Mexikora. Begizabalik. Arnasa hartzen jarraitzeko asmoz.
 
 
Mexiko iparraldera jo dugu. “Juarez eta Chihuahuara? Erotuta zaudete ala? Nor zaren begiratu gabe hiltzen dute jendea han!”. Eta, hala ere, gu hara. Lehendabizi, Juarezera, lau egun, eta gero Chihuahuara. Handik idazten ari gara testu hau (eta, konturatuko zinenez, bizirik jarraitzen dugu).
 
Juarez ez da lasaia, egia. AEBekin dago mugan, eta militarrek hartua dute hiri osoa: kontrolak sarreretan, irteeretan, kale izkinetan. Felipe Calderon presidenteak bidali zituen, duela bi urte, narkotrafikoari aurre egiteko, antza. Ondorioak bestelakoak dira, ordea. Frente Nacional Contra la Represión taldeko bi kidek, Gero Fong eta Julian Contrerasek, beste errealitate bat marraztu ziguten: “Narkotrafikoaren aurkako ‘gerra’ asmakizun hutsa da”.
 
Batetik, presidenteak hauteskundeak irabazi gabe hartu zuen kargua, eta, nola edo hala, herritarren onespena lortu nahian, hitz eman zuen segurtasuna ezarriko zuela exekuzio gehien zeuden hirian. Baina, hiltzen dituztenen kopurua ez da gutxitu: egunero bi izatetik, bost izatera, bataz beste. Gu egon ginen lau egunetan, hamar. Bestetik, agintarien helburua ez da narkotrafikoa desagerraraztea, isuri ekonomikoa etengo lukeelako. “Herrialdeko enpresa handienak (Pemex, petroleo eta gas enpresa mexikarra) baino gehiago mugitzen dute droga kartelek”.
 
Droga saltzaile txikiak akatzen dituzte, bai. Gazteak, gehienak. Baina, baita kazetariak, nekazarien lurren abokatu defendatzaileak edota herri mugimenduetan parte hartzen dutenak ere. Hedabideek, guztiak sartzen dituzte zaku berean: “Narkoarekin lotuta zeuden”. Segurtasun indarrak beti beti daude tiroketa guneetatik urrun, kasualitatea. Beldurrak kutsatutako gizartea etxean geratzen da, desmobilizatuta. Babesgabe sentitu, militar kopurua igo, giza eskubideak murriztu, beldurra areagotu.
 
Emakumeak ere hil edo desagertzen dira, kopuru izugarrietan. Maquiladora izeneko fabrika handietan (zure etxeko elektrotresna gehienek Juarezetik jaso dute piezaren bat), kate-lan amaigabeak egiten dituzte miseria baten truke, eta etxera bidean, antolatutako krimenaren ehizaki erraz dira. Abortu klandestinoetan ere (ilegala da abortua estatu honetan), asko hiltzen dira. Eta korrupzioak ikustezin bihurtzen badu ere, bada beste arazo bat, kulturala, matxismoarena, bikotekideen esku ere hiltzen baitira asko. Hala laburbildu zigun Juarezko emahilketen fenomenoa Emakumeen Mahaiaren Sareko ordezkariak, Ilmelda Marrufok. “Agintariek ez dute ezer egiten”. Informazioa ezkutatu, zigorgabetasuna bermatu. Beldurra zabaldu biktimen artean, salatzera ez ausartzeko.
 
Abstentzioa izan da garaile Chihuahua estatuan (%70), azken hauteskundeetan. Carlos Murillo soziologoak eman zigun azalpena: “Alderdi politiko bat zein bestea gauza bera zela konturatu ziren herritarrak, aldaketarik ez zegoela, ez bazen okerrera. Gainera, jendeari hemen bost axola bizitza publikoa. Norberekoikeriaren kultura da nagusi”. Ez badu protestatzen, ez zaiola ezer pasatuko sinetsita bizi da gizartea.
 
Tlatlolariekin bildu gara Chihuahua hirian. Hemen ere, ez pentsa askoz txikiagoa denik hilketen kopurua: egunero, lauzpabost, bataz beste. Gogoeta eta hausnarketa talde bat dira tlatlolariak, zapatistak, berba luze eta zabal egitea gustatzen zaiona. Informazioa nola prozesatzen dugun aztertzen dute, masa komunikabideek duten eragin ideologikoa. “Zergatik dio gaurko egunkarian polizia buruak dena kontrolpean dutela? Mezu hori zabaltzeko beharra dutelako, badakitelako kalean bestelakoa dela egoera”. Pentsatzeari tarte handiagoa eskaintzeko beharra azpimarratu digute.
 
Eta A Gripea? Barreak, algarak, negar ez egitearren; enfin. Apirila bukaeran etxean geratzeko agindua ekarri zuen A Gripeak, kutsatze alarma piztuta, eta, artxila murtxila! Maiatzaren 1eko kale protesta guztiak desagerrarazi zituen. Turismoaz bizi direnak kexu agertu zaizkigu, bisitariak uxatu baititu propagandak. Mexikon, goseak gehiago hiltzen du gripeak baino. Baina, agintariek gurago dute behartsuak behartsuago utzi, errealitatea azaleratu eta ipurdibistan geratu baino, ez dadila boterea gaixotu. Gaixoa, erregea bilutsik.
 
Dena den, bai Juarezen eta bai Chihuahuan, sormenerako espazioak eta jai egiteko tarteak ere aurkitu ditugu. Margotutako hormak, piztutako bozgorailuak, musika, aldarrikapenak, laguntasuna, elkartasuna… Hedabideek ez digute esango zeinen osasungarria den hori guztia, puztutako gaixotasunen aurkako sendagai, eta ez dugu jakingo, ez badiogu elkarri kontatzen.
 
Agur bero bat, Mexikotik.
Segi errealitateak biluzten, eta aldarrikapenak margotzen.
 
Askapenaren brigada Mexikon,
2009ko abuztuaren 13an.