'BIladi Hadi!'-ren azkena: 'Gernika' koadroa, Betleemgo harresian
Iturria: berria.info
Aitzol Lasa musikari lasartearrak Picassoren koadroa margotu du Aida errefuxiatu eremuko horman, Israelen 'apartheid'-a salatzeko. Hamabost metro da luze, eta zortzi metroko garaiera du.
Pablo Picasso margolariaren Gernika koadroa Betleemen ere ikus daiteke orain. Aitzol Lasa musikari lasarterrak amaitu berri du Israelen apartheid-a salatzeko margolan famatuaren kopia bat, Gari Berasaluze kazetariak Berriketan.info sare sozialean jakinarazi duenez. Aida errefuxiatu eremuan dagoen horman margotu du Lasak Gernika 1936... Palestina 1948-? leloarekin. Palestinako bandera eta ikurrina gaineratu dizkio, eta Biladi Hadi elkartasun brigada 2011 sinatu du.
Biladi Hadi taldekoak irailean saiatu ziren Gernika koadroa Betleemen margotzen, Berasaluzek azaldu duenez, baina posta zerbitzuak ez zuen zerbitzua behar bezala eman, eta koadroa margotzeko plantillak berandu iritsi ziren. Lasa, ordea, Eguberrietan itzuli da, eta Aidako errefuxiatu eremua eta olibondoak banatzen dituen horman herenegun Gernika margotzea lortu zuen. Hamabost metro da luze murala, eta zortzi metroko altuera du.