Bobby Sands gogoan zaitugu

30 urte bete dira maiatzaren 5ean Bobby Sands gose grebaren ondorioz hiltzen utzi zutela, ondoren beste bederatzi militante errepublikarren heriotzek jarraitu zioten. Orotara IRAko 7 eta INLAko 3 militante hil ziren gose greba haietan. Oihartzun handia izan zuten heriotzok munduan barrena, hamaika txokotan egin ziren protestak eta mobilizazioak. Hamar gose grebalari irlandarren borroka hori britainiar inperialismoaren aurrean duintasun erakustaldia itzela izan zen.

Ondorio oso garrantzitsuak izan zituen 1981eko gose grebak, sufrimedu handia eragin zuen komunitate errepublikarrean eta koadro politiko oso garrantzitsuak galdu zituen mugimendu errepublikarrak, baina bestalde, garaipen handia izan zen kriminalizazio eta ulsterizazio kanpainari aurre egiteko, ezinbestekoa. Errepublikarrek beti diote hildako hamar kideak, gaur egun heroiak, pertsona arruntak zirela, baina salbuespeneko egoera batean egonik apartekoak bihurtu zirela, herritik ateratako langile klaseko pertsonak ziren herriarentzat dena eman zutenak.

Hiru hamarkada pasa dira duintasun lezio horretatik, denbora luzea, Gatzak eta Elurtxurik eman diguten duintasun erakustaldiak iraun duena. Errepresioa kartzeletara eraman zuten irlandar errepublikarren kontra euskal militanteen kontra egin izan duten eta oraindik ere egiten ari diren moduan. Zorionez, asko dira hango eta hemengo preso politikoek eman dizkiguten lezioak, heroiak egon dira Irlandan, gurean ere egon dira eta oraindik ere badaude.

Baina ez dugu heroi gehiagorik nahi, nahikoak dauzkagu gure historia borrokalaria idazteko. Mundu osoko preso politikoak dira heroiak, baina ez ditugu horrelako heroiak nahi, heroiak baino ohiak nahi ditugu, preso politiko ohiak alegia. Preso politikoak kalean nahi ditugu, baina espetxeetan bahituta mantentzen dituzten bitartean gure heroaik izaten jarraituko dute, gure herrian beste herrietako preso politikoekiko elkartasuna lantzen jarraituko dugu, nazioartean euskal preso politikoekiko elkartasuna sustatzen jarraituko dugu, eta elkartasunez haratago elkarlanera ekingo diogu.

Tiocfaidh ár lá, gure eguna heldu egingo da.

Bobby, gogoan zaitugu!