Bolivia: II. Kronika: CONAMAQ

bolivia brigadaJatorrizko Herriek mendeetan zehar burututako borrokari eta azken urteetan jatorrizko gizarte mugimenduek eragindako presioari esker, haien eskaerak zein eskubideak Boliviako agenda politiko-sozialean txertatu dituzte. Honela, herri gisa dituzten eskubide kolektiboen inguruan dinamika bat sortu da, eta honek eragin handia du Boliviako jendarte, demokrazia eta estatu-ereduaren eztabaidan.

Boliviako brigada, egunotan burututako harreman kontaktuen barnean, CONAMAQekin (Consejo Nacional de Ayllus y Markas del Qullasuyu) bildu da. Hau Batasun Hitzarmena osatzen duten bost mugimenduetako bat da.

argazki galeria

Egun Amerika moduan ezagutzen dugun eremua  Jatorrizko Herrientzat Abya Yala da eta hau lurralde desberdinez osatua dago. Horietako bat Tawantisuyu (Quechueraz) da (Inka Inperioa deritzoguna). Andeetan kokatzen da eta lau lurraldez osatua dago. CONAMAQ horietako baten Gobernua da, Qullasuyu lurraldearena hain zuzen ere eta arbasoek utzitako balore eta printzipioetan oinarritzen du bere antolamendua.

Erakunde honen helburu nagusia Qullasuyua berregituratzea da, berezko antolaketa eredu, ohitura eta jakintzak barnebilduta. Egungo errealitatean autodeterminazioa eta Estatu nazioanitza aldarrikatzen dute, mendebaldeko sistema politikoa eta Qullasuyuko Jatorrizko Nazioen sistema elkarren osagarritzat hartuz.

CONAMAQen baitan 16 jatorrizko herri daude eta hauek guztiak kosmobisio andinoaren baitan bizi dira. Kosmobisio andinoa dualitatean (eguzkia-ilargia, eguna-gaua, emakumea-gizonezkoa,...), ziklikotasunean (ezer ez da lineala), armonian eta orekan eta kolektibotasunean oinarritzen da. Printzipio hauek guztiak Pachamama (amalurra) ulertzeko modua dira. Hau bizitzaren jatorria da eta zentzu sakratua dauka. Naturarekiko harremana orekan eta zaintzan oinarritzen dute, eta ez jabetzan. Hau suntsitzeak norbere burua suntzitzea suposatzen du eta horregatik amalurrarekiko errespetuak berebiziko garrantzia du. 

 Honen guztiaren adierazgarri izan zen brigadak erakunde honekin bildu zenean bizi izan zuen errituala. Topaketaren hasieran, gobernuko autoritateek beraientzat sakratua den koka hostoarekin amalurra gurtu zuten.