Boliviako brigadaren kronika berri bat Santa Cruz eta Cochabambatik

Bolibiako brigadaren 3. kronika honetan Santa Cruz eta Cochabamba hirian egin eta ikusitakoa plazaratzen digute.

Santa Cruzeko parlamentuan Euskal Herriaren errealitatearen berri emateko aukera izan dute Askapenaren brigadistek baita Kubarekiko elkartasuna bideratzen duen erakundearekin hainbat ekimen burutu elkarlanean.

Santa Cruzeko azken egunean, nekazaritza eskola autogestionatu hau bisitatu genuen. La Guardian, Santa Cruz kanpoaldean kokatzen da eta herrialde indigenetako gazteei nekazaritza nahiz abeltzantzako jakintzak ematea du helburu, betiere eskola popularraren jarraibideak jarraituz.

Orain 40 urte sortu zuten apaiz batzuk Maximo Gorkiren esperientzia imitatuz, kalean bizi ziren haurrentzako aterpetxe bat ireki zuten. Haur hauek handitzen joan ziren eta beren beharrak aldatzen, hau dela eta, aterpetxea eskola tekniko bihurtu zen.

Gaur egun 70 ikasle izaten dituzte urtean gutxi gora behera, zenbakia mugatua izatearen arazoia “eginez ikastearen” metodologian oinarritzen direla da. Jatorrizko herrialdeetako ikasleak bakarrik onartzen dituzte. Hori ziurtatzeko bi idatzi aurkeztu behar dituzte: bata baliabide gutxiko naziotasun indigena batekoa direla esaten duena eta bestea bere komunitatean abeltzantza/nekazaritza proiektu bat martxan jartzeko babesa dutela ziurtatzen duena. Langileak ez dituzte lortu nahi, proiektuak martxan jartzeko gai diren eta beren komunitateetan aldaketa lortuko duten eragileak baizik.

Aukera berdintasunaren alde apustu egiten dute eta horregatik komunitate bakoitzetik neska eta mutila izan behar dira eta zonalde batetik gazte asko badatoz mugatu egiten da sarrera beste zonaldeetakoei aukera gehiago emateko. Momentu honetan, 14 jatorrizko herrialde ezberdinetako ikasleak dituzte. 

Garai batean atzerriko lankidetzaren bitartez finantziatzen baziren ere, orain dela 15 urtetik autofinantziatua da. Beraien diru iturri nagusia txerrikien salmenta da. Transgeniko gabea izatea eta hondakinen murrizketan oinarritzen da beraien egitasmoa

Esan bezala, Paulo Freirek sortutako hezkuntza popularrean oinarritzen da ikasteko metogologia. Hori moduloen antolakuntzan ikus dezakegu, hau ikasle eta irakasleen artean antolatzen baitute kurtso hasieran eta ebaluatu amaieran. Honetaz aparte, irakaskuntza soziopolitikoa ere ematen da, ikasleen bizi proiektua politikari lotua egon dadin. Aldaketaren parte direla diote, nekazaritza ekologikoaren eta hezkuntza parte hartzailearen bitartez.

Desafio ONGko Gabrielarekin batera irratsaio bat ere egiten dute, “los jovenes participamos” gai konkretu baten gainean hausnartzen dute errealitatea. Hau dela eta, guri elkarrizketa egin ziguten Euskal Herriaren historia, egoera politikoa eta kulturalaren inguruan hitz egin genuen.

Santa Cruzeko Parlamentuan Euskal Herriko aurkezpena

Edwin Muñoz (Santa Cruzeko Asanbleako kidea) MASeko kideak parlamentuan Euskal Herriko egoeraz hitz egiteko gonbidapena egin zigun. Oso esperientzia interesgarria eta baliagarria iruditu zitzaigun eta baiezkoa eman genuen.
Asanblearen parte diren MASeko kideen eta 5 indigenen aurrean Euskal Herriko historia politiko-sozialaz, euskararen egoeraz, ezker abertzaleak eta mugimentu sozialek bizi izan duten ilegalizazio eta errepresioaz jardun gara.

Horren ondoren, Edwin Muñozek Boliviako historiaren laburpen bat egin digu eta gerora, Asanbleako sortzaile izan zen emakume indigenak Asanblea Konstituziogilearen sorreraz eta garapenaz hitz egin digu.
Saio honen ostean, Evo Moralesi Europako hainbat herrialdek (Estatu frantses eta espainola barne) egin dioten mespretxuaz hitz egin dugu bi telebistetarako.
Ardura handiko ekintza izan da, baina gure egoera zabaltzeko oso baliagarria.

Cochabamba hiria

Cochabamba hirian, jatorri anitz, hizkuntza propioak eta internazionalismoa lantzen dituzten erakunde eta mugimendu sozialekin egon gara. Santa Cruzeko egonaldian MASeko kideekin egon ginenez, diskurtso ofizialaz jabetzeko aukera izan genuen, eta oraingo honetan, erakunde sozialen ikuspuntuaz informatu ahal izan gara.

"Movimiento de Solidaridad con Cuba", Cochabambako erakundearekin buruturiko ekintzak

Mugimendu honek Kubako iraultzarekiko elkartasuna bultzatzatzen du Cochabambako hirian. Besteak beste, AEBtan preso aurkitzen diren “Kubako bostekiko” elkartasun kanpaina bultzatzen du. Era berean, Cubako Estatuak Bolivian bultzatzen duen internazionalismoa jendarteratzen du, hala nola, “Yo, sí puedo” alfabetatze programa edota “Operación milagro” ikusmen arazoak prebenitzeko zerbitzua. Era berean, nazioarteko beste borroken inguruko sentsibilizazio lana burutzen dute Cochabanbako hirian.

“Movimiento de Solidaridad con Cuba” erakundearekin hiru ekintza burutu ditugu, “Barrura begiratzeko lehioak” dokumentalarekin Bideo Foruma, “Cercado- Amistad Cuba Bolivia” Ospitale Oftalmologikora bisita eta Hego Ameriketako eta Karibeko herrialdeen arteko internaziolalismoari buruzko hausnarketa.

“Barrura begiratzeko lehioak” bideo foruma

2013ko uztailaren 10ean, asteazkenarekin, kultur emanaldiak eskaintzen dituen taberna batean, “Barrura begiratzeko lehioak”, bost euskal preso politikoei buruzko dokumentala antolatu du “Movimiento de Soliodarida con Cuba” erakundeak. Esan, proiekzioa iada antolaturik zutela eta Askapenako brigada bertan geundenez forumean  gure bizipenak elkarbanatzea egoki ikusi eta gonbidatu gintuztela.

Dokumentalean, euskal preso politikoei buruzko bost istorio eta biografia biltzen ditu, “sarri ezkutatua izan den errealitate sozial hau modu gizatiar batean erakusteko asmoarekin”. Bideo forumean hogeitabost bat lagunek parte hartu dugu eta emanaldiaren ondoren, solasaldi interesgarria izan da. Bertaratuek, gatazkaren ondorioen inguruko interesa, Euskal Herriko Askapen Prozesuaren inguruko kezka eta etorkizunari begira gatazkaren konponbidearen inguruko hausnarketak burutu dituzte. Askapenako 2013ko bigradakideok, kezka hauekiko gure bizipen eta hausnarketak helarazi dizkiegu bertaratuei.

Cercado- Amistad Cuba Bolivia” Ospitale Oftalmologikora bisita

“Cercado- Amistad con Cuba” Ospitale Oftalmologikora visita burutu dugu “Movimiento de Solidaridad con Cuba” erakundearen bitartez. Bertan, Kubako Iraultzak bultzatzen duen “Operación Milagro” nazioarteko kanpaina internazionalistaren barnean dagoen Cochabambako Ospitaleak burutzen duen lanaren berri izateko aukera izan dugu. Bertan, Kubatik etorritako talde teknikoak harrera egin digu eta Ospitaleko funtzionamendu zehatz mehatz azaldu digute.

Ospitalearen azpiegitura Bolibiako gobernuak ipinitakoa da. Ikusmena berreskuratzeko tresneria teknikoa, botikak eta lantalde teknikoa berriz Kubako Gobernuari esker garatzen da. Guztiz doakoa eta hiritar guztiei zabalik dagoen ospitale honetan, herritar orori kontsulta pasa eta gaisotasunei erantzuteko laser bidezko operazioak burutzen dituzte modu prebentibo batean.

Brigadakideok, herrien arteko xamurtasuna bultzatzeko Kubako Gobernuak darabilen nazioarteko elkartasun eredugarria zuzen zuzenean ezagutzeko aukera izan dugu.

Hego Ameriketako eta Karibeko herrialdeen arteko internaziolalismoari buruzko hausnarketa

Ospitaletik bueltan, “Movimiento de Solidaridad con Cuba” erakundeko Leila Pèrezekin elkarrizketa sakona izan dugu Hego Amerika eta Karibeko internazionalismoaren inguruan. Leilak, urte guzti hauetan jasotako elkartasunaren testuingurua deskribitu digu.

2006. urtean Bolibia ALBAn (Alianza Boliviana Para Los Pueblos De Nuestra America) sartu zen. Horrek, Kuba, Venezuela eta Bolibiaren arteko aliantza ekarri zuen eta internazionalismoa garatzeari bidea ireki zion.

Kubak, Bolibiari batipat alor hauetan eskaini dio elkartasuna; medikuntzan, ospitale oftalmologikoak sortuz (Operación Milagro) eta bestelako ospitaleetan giza baliabideak eskainiz, Kubako alfabetizazio metodoa eskainiz (Yo, sì puedo) eta Bolibiako errealitate linguistikora moldatuz (hizkuntza indigenak) eta energiaren inguruan baliabide teknikoak eskainiz (energia fotovoltaikorako ekipo teknikoak eta kontsumo txikiko bonbilen zabalkundea).

Kubako internazionalismo honek, Bolibiarren ikuspegi aldaketa ekarri du. Izan ere, osasunaren kasuan adibidez, osasun publiko eta doakoaren aldeko apustua egin du, ordura arteko sistemari alternatiba eraginkorra posible dela erakutsiz. Bolibiak ere, Kubako herriari bere elkartasuna erakutsi dio, Kuban jasandako hainbat hurakanen ondoren elikagaiak eskainiz. 

Cochabambako Hezkuntza Fakultatea

Uztailaren 11an Cochabambako Hezkuntza Fakultateko klase batera joan ginen. Horko ikasleak berez, irakasleak ziren. Haien ardura: eredu elebidunetan klaseak ematea Boliviako jatorrizko hizkuntzetaz.

Gure eskamentutik abiatuta nolakoa izan den Historian zehar euskararen berreskurapena eta gaur egungo euskararen aldeko ekimen nagusiak kontatu genizkien. Horretaz gain, eskoletan dauzkagun ikasteko ereduak eta haien emaitzak azaldu genizkien. Davidek euskararekin esperientzia personalaren berri eman zien.

Hasieran oso lotsatu zeunden gure agerraldiagatik. Ez zuten espero. Baina azalpena eman ondoren interesa piztu zitzaien eta euskararen egoera eta  haien hizkuntzen egoerekin erkatuz gogoeta mordo bat egin genuen elkarrekin.
Giroa berotu zen eta ikasle (irakasle) batek ipuintxo bat kontatu zigun quechuaz. Haien irakasleak, Noemi Floresek, kanta bat abestu zuen. Gure partetik “Hegoak ebaki banizkion” entonatu behar.

Hunkigarria, benetan. Hau bai elkartrukea!

2013ko Bolibiako brigada