Brigadak09: elkartasuna ala elkartasuna
2009ko brigadistak etxean dira eta etxeko lanak txukun eginda, oraindik lan gehiago izango badira ere. 9 brigada eta hamaika herri izan dira guztira eta hamarnaka brigadista.
Lehenengo datuak blaust botata, gogora aurrena etortzen zaiguna formakuntza eta prestakuntza saioak burututa eta brigadetan parte hartzeko gogoz egon arren, brigada gozatu ezinik gelditu zaizkigun brigadistak dira.
Israelek ez zuen onartu Palestinarako brigadistetako bi Tel Aviv-eko aireportutik ateratzen, 12 ordu aireportuan pasa eta gero, Madrilerako bidean jarri zituzten, eta han berriz ere polizia zain. Espaniar estatuko eta Israelgo polizi eta abarren arteko informazio trukaketa beti ere tartean.
Brigada, saminez, baina aurrera atera zen eta lan aparta eginez gainera. Orain berriz, Palestinarekin elkartasunez manifestuaren zabalkundean buru belarri dabil Askapena, munduan gero eta gehiago indartzen doan israeli boikot mugimendua Euskal Herrian ere zabalduz. Mingarria bezain alperrikakoa da brigadistei Palestinan sartzen ez uztea. Areago, elkartasuna azkartzea besterik ez dute lortuko.
Maputxe herriarekin antzerako esan daiteke. Wallmapura joandako brigadistek sekulako jazarpen eta kriminalizazio mediatikoa pairatu behar izan dute Txileko hedabide atzerakoien aldetik. Izan ere, brigadaren egonaldian maputxeen borroka `puri purian egon zen (eta dago), batetik maputxeen lurren berreskurapenak eta komunitate berrien eraikuntza eta bestetik txiletar polizien errepresioa, abuztuaren Jaime Mendoza Collio maputxea hil zuena. Hedabideen intoxikazioa hainesterako izan zen, ezen ematen zuen maputxeen matxinada beraiek zuzentzan ari zirela! Txileko barne ministroa bera atera zen hedabideetan gure brigadistak nortzuk ziren, izen-abizenak baita non jaioak ziren ere bazekitela... to deskubrimendua! Behin Puelmapura pasa zirela eta Gulumapura berriro sartzen ez zieten utzi eta brigadistek bueltako hegazkina Argentinatik lotu behar izan zuten. Kasu honetan ere maputxeekiko elkartasun lanak segida tinkoagoa izango du etorkizunean, 6 brigadista gehiagok herri horren askapen borroka lehen eskutik ezagutu eta gero.
Uruguayen, berriz, gazi gozoak nahastu zaizkigu. Remi Aiestaran zenaren anaia brigadan zen eta bertara heldu eta ordu batzuetara jaso zuen tamalezko berria. Beste brigadista bat eta biak bueltatu behar izan ziren Euskal Herrira. Gazitik asko baina gozotik ere bai. Han geratu ziren brigadistek lan handia egin zuten eta, besteak beste, Abuztuan Norma Morronik Euskal Herrian egindako bisita prestatu eta Filtroko urteroko martxan buru belarri jardun ziren. Norma gure herrira etorri izana Euskal Herriak eta Uruguay-ek elkarri zor zioten zerbait zen eta ederki asetu gaitu bi herriok, eta zorionez, Norma bera ere.
Filtroren sarraskiak 15 urte eta Pakito Arriaran hil zutela 25. Aspaldiko partez Askapenak brigada bidali zuen ertamerikara (El Salvador, Honduras, Nikaragua), gehien bat El Salvador-en zentratuz. Orain dela egun batzuk Arrasaten espaniar entzutegui nazionala debekatzen saiatu zen ekitaldia prestatzeko lan ederra burutu zuten eta lehen eskutik ezagutu zuten bertan FMLNren eskutik bizitzen ari den aldaketarako itxaropena: Begoña, Marta eta Pakito zuten guztia ematera bultzatu zituena. Gilberto Rivera FMLNko legebiltzarkideak aspaldi etorri nahi zuen gure herrira eta ekitaldiaren debekuaren gainetik El Salvadorreko prozesua azaldu digu lehen eskutik, Euskal Herrikoa ezagutu duen bezala, bi herriok Pakito, Marta, Begoña eta hamaika euskaldun internazionalistak zabaldutuko bidetik goaz eskutik helduta.
Abya-Yalan aldaketarako itxaropena errealitate bat da, Boliviatik brigadistek beste urte batez halatsu trasmititu dute, jatorrizko herrien orena heldu da, aski da! oihua orain da gure garaia! bilakatu da eta bestelako mundu bat posible dela egunez egun eraikitzen ari dira. Independentziaren egunean gainontzeko jatorrizko herriekin batera han ibili zen Euskal Herriko ordezkaritza gure jantzi eta banderarekin Evo Morales eta gainontzeko agintarien aurrean. Ikasgaiak, berriz, hamaika: jatorrizko herrien antolakuntza eredu propioak, unibertsitate indigena, gazte, emakume, nekazari eta kokaleroen borrokak...
Aldeak alde, Venezuelan ere aurrera doa prozesu bolivariarra, gizarte justizian, duintasunean eta berdintasunean oinarritzen dena. Aurten gainera, Iñaki Etxebarria euskaldunaren estradizio eskaera tartean egon da, eta azkenean zorionez, espaniar estatuaren asmoak hutsean gelditu dira. Garaipen hau oso garrantzitsua da ez bakarrik Iñakirentzat, Venezuelan eta munduan dauden iheslari politiko guztientzat baizik. Eskertu beharrean gaude, bere askatasunaren alde borrokatu ziren Euskal Herriaren Lagunak eta gainontzeko talde solidario guztiei, Chavezen aurkakoen indarkeria ere pairatu behar izan zutenak.
Venezuela, Bolivia, El Salvador, Ecuador, Nikaragua... Kuba aspaldiko lagunduen dago bere 50. urteurrenean, eta libre eta burujabe segitzen du bere etorkizuna bere arabera erabaki eta gauzatzeko. Jakina, askapen borrokan gabiltzan herriontzat, gaueko argia ematen digun laguna izaten jarraitzen du. Zer esango dugu ba: beste 50 urterako (gutxienez)!
Mexikon jende askoren ahotan dabil datorren urtea: 2010. Mexikoren independentziaren urteurrena, bai eta Mexikoko iraultzarena: Zapata eta Pancho Villa, bitartean ordea, mafien eta gobernuaren indarkeria eta gerra zikina areagotzen doa brigadistek bertatik bertara ezagutu duten bezala.
Errepasotxoa bukatzeko Sardinia. Herrion Europaren eraikuntzan bidaide dugun herrietako bat, mendeetako kolonizazioari eutsi eta Berlusconiren jauntxokerien gainetik bere herri sen apartarekin askapena borrokan ari den herria, euskaldunoi sekulako harrera egiten diguna gainera.
Hamaika herri eta prozesu egonik ere, mundu bat eta bera dugu bere alde borroka egiteko eta bide horretan herriok elkartasun internazionalista ezinbestekoa dugu. Brigadistok ezinbesteko pieza dira Euskal Herrian internazionalismo hori gero eta indartsuagoa izan dadin, elkartasuna jaso dezagun elkartasuna eman dezagun.