brigadak09 martxan!
2009ko brigaden kanpaina hasi da eta Apirilaren 30ra arte izen ematearen fasean gaude. Beherago brigadak pausoz-pauso atalean horren berri zehatza daukazue.
Brigadak zer, nora, zertarako?
Brigadak aukera ezin hobea dira internazionalismoan murgiltzeko: lehenik formakuntza eta prestakuntza saioen bidez, ondoren beste herri bateko askapen mugimendu eta borrokak bertatik bertara ezagutuz eta geurea ezagutzera emanez, eta azkenik, eta zinez garrantzitsuena, berriz ere etxean Euskal Herria Internazionalistaren eraikuntzan lagunduz.
Brigaden norakoak Askapenak urtean zehar jorratzen dituen ildoen araberakoak dira, nagusiki 4: Palestina (Asia mendebaldea), Europa (estaturik gabeko nazioak), Prozesu Bolivariarra eta Jatorrizko Herriak (Abya-Yala).
Brigaden bidez beste herri horietan ditugun harremanak eta elkartasun hariak sendotzen ditugu, brigadistek tokian tokiko mugimendu eta borrokak lehen eskutik ezagutzen dituzte, eta gure herri-lagunek geurea ere lehen eskutik ezagutzeko parada dute.
Beti azpimarratzen dugunez, maiz kontrakoa uste baliteke ere, brigadistek gutxi eman eta asko jasotzen duzue: gure herri lagunen elkartasuna, adeitasuna eta berotasuna, kasu gehien-gehienetan, norabide bakarrekoa, izan ere, gure lagun horiek ezin izaten dute gure herrian brigada bat egin, adibidez. Beraiek beren denbora, dedikazioa eta maiz etxea ere jartzen dute euskaldunak joan gaitezen. Horregatik, eta Askapenari brigadak antolatzea suposatzen dionagatik, brigadistek bueltan konpromiso minimo batzuk hartu behar dituzue.
Brigadak pausuz pausu:
- Martxoaren 1etik Apirilaren 20ra: izen ematea, honako telefonoetara deitu behar duzue: Nafarroa 948 212271, Iparraldea (19tatik aitzina) 0559206957, Araba 945280847, Bizkaia 94 4332880, Gipuzkoa 943 552365. Bertan zuen izena, herria eta telefonoa utzi behar duzue eta geu jarriko gara kontaktuan zuekin. Beste aukera bat... emaila: brigadak@askapena.eus, info@askapena.eus.
- Maiatza eta Ekainean zehar formakuntza eta prestakuntza.
- Ekaina bukaeratik eta Iraila bitartean brigadak.
- Eta bueltan... LANERA!