#Brigadak14 aurkeztu zituzten larunbatean Iruñerrian

Pasa den larunbatean, otsailaren 8an, Iruñerriko Egun Internazionalista ospatu genuen Iruñerriko Gazte Mugimenduaren lokalean, alde zaharrean kokatzen den Kalekalde lokalean.

Goizeko 11etan brigaden aurkezpena egin zen, eta honetarako zenbait brigadistaren laguntza izan genuen, Venezuelan, Bolivian, Saharan, Palestinan... egondakoak. Bakoitzak bere bizipenak kontatu zituen. 20 lagun inguru bertaratu ziren haien esperientziak entzutera, dudak galdetzera eta internazionalismoa zer den esperientzia desberdinetatik ikastera.

Brigadista berrien zalantzak argitu eta gero, kalejira batekin jarraitu zuen egunak. Alde zaharreko kaleak trikitixa eta pandero soinuekin alaitu genituen. Bitartean, Askapenako taldekideak bazkarirako mahaiak prestatzen joan, eta 15etarako, 30 pertsona inguru eseri ginen kuxkux goxo goxoa dastatzera.

Bazkalostean tonbolarekin jarraitu genuen: Askapenako kamisetak eta sudaderak opari, jendearen zortea frogatu zen. Honen ondoren, mahai gainean jokuak nagusi izan ziren arratsaldeko 7ak arte.

Eguna ondo bukatzeko, Akorten rock soinuaz gozatzeko aukera izan genuen eta hauen ondoren Josu Jon imas-en kontzertuekin kanta eta dantza egin genuen. Zuei esker Kalekalde gazte lokala txiki geratu zitzaigun!

Iruñerriko Askapenako taldeak eskerrak eman nahi dizkio egun hau aurrera eramatea posible egin duen jendeari. Eskerrik beroenak Kalekalde Gazte lokalari, haien lekutxoa festa polit hau ospatu ahal izateko uzteagatik, Akort eta Josu Jon Imas taldeei haien kontzertu bikainengatik, gerturatu ziren brigadistei eta, nola ez, egun osoan zehar Kalekalde lokaletik pasa zineten guztioi.