Canoren erahilketa dela eta

Azaroaren 5ean izandako gertakarien arira, Askapenak honakoa jakinarazi nahi du:

Bakerako eta negoziaketarako aukera paregabea galdu du  berriz ere eta  hala beharrez  Santosen gobernuak, Uriberen bide orriari jarraiki. Izan ere, azken urteetan FARC EP-ek eta baita ELN-k ere, pausu garrantzitsuak eman dituzte bake bide bati ekiteko, besteak beste, “giza ituna” deiturikoan eta   Piedad Cordovaren bitartekaritzari esker, insurgentziak hainbat bahitu askatu ditu. Gobernuak ez dio ordea maila berean erantzun jarrera eta ekimen hauei eta errepresioa eta bide armatuaren hautua baino ez du egin, duela bost hamarkada egin bezala, oraingoan FARC-en buruzagia zen Alfonso Cano estrajudizialki erahilaz.

Heriotzaz geroztik igorritako bigarren komunikatuan, gerrilariek euren irmotasuna azaldu dute, adieraziz ez dituztela armak utziko ez eta antoaltzeari uko egingo ere, gatazkaren arazoak bere horretan dirauten bitartean. Izan ere, ez dira nolanahikoak Kolonbiako herriak jasan eta bizi behar dituztenak egunerokoan: 4 milioi barne errefuxiatu eta 6 milioi errefuxiatu atzerrian, 50 mila desagertu baino gehiago, paramilitarismoa eta positibo faltsuak estatuaren esku hartze zuzenarekin, 7500 preso politiko, biztanleriaren erdia pobreziaren mugan…

Honegatik, azken erahilketa salatzeaz gain, Kolonbiako gobernuari dei egiten diogu, behingoz irtenbide demokratiko bati bide emango dion negoziaketa prozesu bati hasiera eman diezaion. Ondorioz, ideia eta proiektu  guztiak defendatuak izan daitezen, inpunitatearekin amaitu dadin, nekazariek lurrak izateko eskubidea izan dezaten,  jatorrizko herrien  eskakizunak beteak izan daitezen eta   pobrezia eta mixeriari bide eman dion eredu ekonomikoa amaitu dadin.

Hamaika herri borroka bakarra!