Ciudad Juarez - Chihuahua

juarez feminicidioChihuahua. Txakur txiki eta argala da, Chihuahua, belarri luzea, osasun arloan arreta berezia eskatu ohi duena. Mexikoko 31 estatuetako batek eman zion izena arrazari. Estaturik handiena da Chihuahua. Amerikako Estatu Batuak (AEB) Chihuahua iparraldean; hormaz, alanbrez eta militarrez hesitutako mugaren bestaldean. “Iraken baino hildako gehiago Chihuahuan”, kalean batek adierazi digunez. Askapenako aurtengo brigada bertan da. 

argazki galeria

Rio Bravok banatzen ditu Mexiko eta AEB. Duela urtebete altxatu zuten alanbredun hesia ibaiaren bestaldean. Duela bi urte militarizatu zuten ibaiaren alde hau. Ustez, narkotrafikoaren aurkako gerra abiarazteko. Alde batera, El Paso, Texas. Bestera, Ciudad Juarez; bertan egin digute harrera eta zabaldu beren etxeko atea lagunek. Hainbat elkartetako kideekin bildu gara, entzuteko, ezagutzeko zer dagoen hainbeste hildako eragiten duen indarkeriaren atzean. 

Aurreneko hitzordua genuen tokian, ‘segurtasun’ indarrek inguratutako txoko bat, “precaución” berbadun zinta horiekin hesitua. “Norbait hilko zuten” diosku lagunak, zabal. Horrelakoak ikustera ohituta daude bizilagunak. 

Red de Mesa de Mujeres de Ciudad Juarez 

Ilmelda Marrufo, Red de Mesa de Mujeres de Ciudad Juarez sareko ordezkariarekin bi orduz aritu ginen kafe baten bueltan. Hamar elkartek iruten dute sarea, gehienak gizon eta emakumez osatutakoak. “Ez da hain erraza feminista bezala lan egitea; errazago eta eraginkorrago zaigu genero ikuspegitik elkarlanean aritzea”, Ilmeldak dioenez. Dena den, feministen artean ere sareak erreferentzialtasuna lortu duela dio. 

Orain arte egindako lanetan, honakoak azpimarratu ditu Ilmeldak. 2002an, galdeketa egin zuten herritarren artean, emakumeen aurkako indarkeriaren inguruan; erantzunen artean esanguratsuena, herritarrek poliziarenganako agertu zuten mesfidantza. ‘Alto a la impunidad’ kanpaina eta sinadura bilketa ere egin zuten, krimenak zigortu gabe geratzea amaitzeko. Ekimen horietan, desagertutako nesken hainbat amarekin eta beste elkarte batzuekin kontaktua egiteko aukera sortu zitzaien. Hainbat mobilizaziori esker, nazioarteko erakundeen arreta erakartzea lortu zutela adierazi digu Emakumeen Mahaiaren Sareko ordezkariak. 

Desagerketa eta erailketa kasuak ikertzeko 200 inguru gomendio dituen zerrenda aplikatzeko lan egiten dute, eta ikerketen informazioa lortzeko, kasu askotan epaitegiek ez baitiote ezeren berri ematen ezta familiei ere. Emahilketen inguruko nazioarteko behatokiarekin ere elkarlanean aritzen direla aipatu du Ilmelda Marrufok, “informazioa jaso eta zabaltzen”. 

Hilketen mapa eta azterketa geoerreferentziala egina dute, joerak eta arriskuak identifikatzeko eta prebentziorako. “Agintariak ez dute ezertxo ere egin identifikatutako leku horietan”. Batetik, maquiladora deitzen diren kate-lan fabrika handietako andrak, “giza-hondakintzat hartuak”, izan ohi dira biktima errazenak, “antolatutako krimenaren eta korrupzioaren biktima”. Abortu klandestinoetan hildako emakumeen kopurua ere esanguratsuegia dela dio Ilmelda Marrufok.  

Bestetik, bikotekideen tratu txarrak jasotzen dituztenak, “emakumea debaluatzen duen kultura matxistaren biktimak”, normalean behartsuak, “aberatsen artean ere kasu gutxi batzuk” gertatu arren, “baina, hilketarik ez”. Alde horretatik, Juarezko emahilketen inguruan, ondorio seinpleegirik ez ateratzeko eskatu du Emakumeen Mahaiaren Sareko ordezkariak: “Korrupzioak ez dezala arazo kulturala estali”. 

Liga Socialista Revolucionaria 

Leku berean bildu ginen beste bi kiderekin, Gero Fong eta Julian Contrerasekin, Liga Socialista Revolucionaria-koak biak, eta arlo desberdinetan lanean ari direnak: Juarezko unibertsitatean, ideia ezkertiarrak zabaldu guran, eta Frente Nacional Contra la Represión edota hiritarren asanbladan, militarizazio “gezurti eta logikabakoaren aurka” beharrean. 

Egoeraz eta testuinguruaz Gero Fong aritu zitzaigun. Militarrak Juarezko narkotrafikoari aurka egiteko etorri omen ziren, Felipe Calderon Mexikoko presidenteak hala aginduta, duela bi urte. “Oso presidente ahula” dela azaldu du Gero Fong-ek, hauteskundeak irabazi gabe eskuratu zuelako kargua, legitimitate bakoa, eta narkoaren aurkako ‘gerra’ asmatu zuela, herritarren onespena lortu aldera.Hiritarrek begi onez ikusi zuten militarizazioa, segurtasuna ekarriko zuelakoan. Hasierako asteetan bai, baretu omen zen egoera, baina, gero, exekuzioak berragertu ziren, hildako kopuru handiagoak eraginez: egunero bi izatetik, bost exekuzio izatera pasatu ziren Juarezen. Gu egon ginen lau egunetan, hamar bat, bataz beste.  

Brigadistok militarrez josita ikusi ditugu kaleak. Ez dituzte narkotrafikatzaileak harrapatzen, Gero Fong-ek dioenez. “Ez dago atxiloketa esanguratsu bakar bat ere”. Droga saltzaile txikiak akatzen dituztela dio, baina, narkotrafikoarekin bukatzeko asmorik gabe, isuri ekonomikoa etengo lukeelako. “Herrialdeko enpresa handienak -Pemex, petroleo eta gas enpresa mexikarra- baino gehiago mugitzen dute droga kartelek”. Orduan, zein da militarren zeregina? “Giza eskubideen aurka aritzea”. 

Martxa (manifestazio) txikiak egin izan dituztela kontatzen du Fong-ek, “gauza handirik ez”. Beldurra da nagusi hiritarren artean. Hala ere, kanpoko eta nazioarteko arreta erakartzea lortu dutela, neurri batean. Iaz, unibertsitatean, mugimenduarekin bat egiten zuten irakasle bi eta ikasle bi erail zituztela azaldu du. 1.500 pertsonako martxa bat egitea lortu zuten (milioi t’erdi biztanleko hirian), eta beste behin Prokuradoriaren aurrean “eskandalua” eragin zutela. Hortik sortu zuten asanblada, “unibertsitatetik eta ezkerretik, eta zabalagoa izango den mugimendua eragiteko helburuarekin”. Hiru eskaera nagusi dituzte: desagerketak argitzea, militarrak kanporatzea, eta zigorgabetasuna amaitzea. 

Julian Contrerasek hitza hartu duenean, unibertsitatean eta hirian beldurra zenbaterainokoa den azaltzeko, militarrek eta sikarioek zelakoak egiten dituzten kontatu digu. Kasu izugarriak, beldurra erraietaraino sartzeko moduko adibideak, arnasa etetekoak, tripak nahastekoak. Apunteak hartzen ari ginela, boligrafoari eusteko ere indar gabe utzi gaitu. Nola mobilizatzen diren herritarren aurka egiten duten askotan, eta hedabideek narkoarekin nahasten dituzten. Hain da handia hildakoen kopurua, beldurrak segurtasuna eskatzen duela, indar armatuek kaleak okupatzen dituztela, beldur handiagoa, segurtasun eskaera handiagoa, okupazio handiagoa, eta horrela…  

‘Amor por Juarez’ kanpaina aipatu digu Contrerasek. “Hiritarrek bakea nahi dutela adierazten duen kanpaina, baina, ez dute adierazten nolako bakea nahi duten”. Muntaia handi bat, Contrerasen ustez, A Gripearena bezala (maiatzaren 1eko mobilizazio guztiak zapuztu zituen, jendeari etxean geratzeko agindua eman ostean, ‘kutsatzeko arriskuagatik’). Arazoari kimaketak egiten dizkion muntaia, sustraietara jo beharrean. Juarezen, %40 behartsua da eta %50 maila behe-ertainekoa.  

Danbateko batzuk entzun ditugu kanpoan. Tiro-hotsak izan daitezke; nork jakin, Juarez bezalako hiri batean. Insentsibilitatearekin eta paranoiarekin bizitzen ikasi behar izan dute. Itxaropena mantentzea benetan zaila dela dio Contrerasek, askok uste duelako dena galdua dagoela. 

Casa de la Cultura para Todos 

Juarezko beste leku batera joan gara. Bilgune bat: anarkistak, komunistak, ezkerreko adar desberdinetakoak… Euskal Herrian gaztetxe baten pareko izango zen eraikina, nolabait. Hormak margoz eta kartel koloretsuz beteta, liburuak apalategietan, musika eta bideo euskarriak, sukalde bat, patioa… Selene izeneko gazteak kontatu digu aterpe honen istorioa, bederatzi urte gorabeheratsu. Eta, errepresioagatik bakarrik ez, barne-eztabaidengatik ere bai, normala denez. 

Asanbladetan ika-mika luzeak izan dituztela gogoratu du Selenek. Batzuk, praktikoa (garbiketari buruzkoak, adibidez), beste batzuk, ideologikoa (drogen ingurukoa, konpontzeko gai zailenetakoen artean). Behin ere ez dituzte erabakiak bozketa bidez hartu, baizik eta adostasun batera iritsita. Une batean, bost lagun finko baino ez zirela eta ‘elite’ moduko bat bihurtu zirela konturatu ziren, eta horrekin bukatu gura izan zuten. Kalera atera behar zuten. 

Kale antzerkiak, performance-ak, irrati emisioak, kartel formatuko Griterio egunkaria (inprenta bat dute gaztetxean), serigrafia tailerrak, argazki errebelazioak... Baina, polizia-jarraipenak, errepresioa eta atxiloketak ere jasan behar izan dituzte urteotan, telefonoak hartuta, etxean miaketak eta suntsiketak, lapurretak… Gaur egun, diru iturriak lortu guran ari dira, gaztetxearen eraikina erosteko asmoz, proiektu handinahitsuagoak abiatu nahian (irratiari berrekin, eskolaren bat sortu…). 

Euskal Herriko hainbat gaztetxerekin antzekotasun asko ikusi ditugula kontatu genion, proiektuetan, eguneroko arazo txikietan, errepresio moldeetan. 

Lomas de Poleo 

Ciudad Juarezetik apur bat aparte, lautada zabal batzuk daude, hektarea lehorrak, baina, hango biztanleek urteetan nekazaritzarako eta abeltzaintzarako erabili dituztenak. Duela bost urtetik hona, eguneroko lan gogorrari lurrak mantentzeko borroka gehitu behar izan diote, Mexiko eta AEBen makroproiektu binazional batek interes ekonomiko handia eman diolako lurraldeari. 

Ez ginen lurraldera sartu, hesituta eta armekin zelatatuta dutelako, inor gehiago ez sartzeko. Baina, handik hurbil hartu gintuzten bizilagunek, hain justu bilera bat egin behar zutela-eta beren egoeraz mintzatzeko tartea egin zigutenean. Zuhaitz baten gerizpean, borobilean eserita, gizon eta andrek eurek bizitakoa kontatu ziguten, nola familia asko kanporatzen ari diren Lomas de Poleotik (hasieran, 200 inguru; egun, hamabost bat), nola eroskeriaz, engainuz, mehatxuz eta indarkeriaz husten ari diren lurrak, diru asko dutelako jokoan, interes handiak.  

“Nik zuhaitz bati adar bat puskatuz gero, isuna ezartzen didate, baina, beraiek, frutarbolak, etxola, dena ostu didate”. Gogoratu dutenez, hesira inguratutako bat kolpeka hil zuten, eta beste behin, etxola bati su eman, eta barruan zeuden bi ume kiskali. 

Giza eskubideen nazioarteko taldeek elkartasuna adierazi dietela kontatu ziguten, eta borroka molde baketsuen ikastaroak. Egun, epaitegietan ari dira tirabiretan, eta aurrerapausu txikiren bat ere eskuratu omen dute auzietan, inguruko aberaskume boteretsuenari. Bide hori jarraituko omen dute, nahiz eta jakin epaitegiak ere erosita daudela. “Galtzekotan, borrokatuta izango da, eta, gainera, irabaztea posible ere badela uste dugu”. 

Marcos Subkomandanteak elkartasun gutun bat helarazi zien, eta beraiek kopia bat eman nahi izan ziguten, elkartasun keinutxo bat adierazi nahian Euskal Herriko “konpak” garenoi, iazko brigadistak ere gogoan. Hango emakume zaharrenetakoak dioen moduan: “Vienen del Pais Vasco, que está más allá de El Paso”. 

Jaia ere bai 

Azken gauean, lagunek parrandan atera gintuzten gauez, Xochimilco izeneko arte galeria underground batera. Hainbat musika talde eta estilo desberdinekoak patioan, gela desberdinetan… Baten jotzen ari ziren bitartean, bestean prestatzen zuten hurrengo taldea.  

Juarezen, borroka bai, egunerokoa, bizirik irauteko. Baina, jaia ere bai, bizitza bizitzeko baita. 

Chihuahuan gaude orain, Pantxo Villa zenaren hirian…