Donostialdeko Askapenaren babesa Oarsoaldeko gazteekin!

Gure mugetatik kanpo begiratzea aski da ikusteko gatazka politiko baten konponbideak, honen ondorio diren presoen parte hartze aktiboa behar duela. Haiek gabe ez dago konponbiderik. Are gutxiago gazte belaunaldi berriak espetxean sartzen baldin badituzte. Eta noski, ongi baino hobeto dakite hori helburu gisa gatazka betikotzea dutenek. Hori da, adibidez, Kolonbiako Gobernuak itsu-itsu historikoki mantendu duen jarrera, nahiz eta azken aldian bere jokamoldea aldatu duela dirudien. Bide beretik, ez dugu zalantzarik berandu baino lehen Espainiako Gobernuak ere bere jarrera aldatu egin beharko duela.


Badira ia ireki ezinak diruditen ateak eta Euskal Herrian bizi dugun egoera blokeatu nahi duten politikari-polizien ateak, horietakoak dira. Hauen ustez, gure presoen ziegetako ateak ongi itxita mantenduz eta espetxeetako zerrenda luzea gazte berriekin are luzeago bihurtuz, herri honek behar duen konponbideari atea ixten diote. Eta egia da, ate horiek herdoilez beterik daude, herdoil gehiegiz. Ate horiek behin betikoz irekitzeko bultzada indartsu bat ezinbestekoa izango da, denbora gehiegi daramatelako itxita, eta bultzada hori denon artean eman beharko dugu, bakea eta justizia nahi dugun guztion artean.

Askapenak itxita nahi dituzten ate horiek parez-pare ireki nahi ditu. Horregatik, Oarsoaldeko gazteek eta, nola ez epaiketaren zain edo espetxean sartzeko arriskuan diren Donostialdeko gazte guztiek, gure etxeko ateak irekita dituzte. Horregatik, gu ere Donostiako kaleetan izango gara datorren urtarrilaren 19an “Euskal gazteria libre eta legala” lau haizeetara oihukatzeko.

Gora Euskal gazteria!

Gora Euskal Herria internazionalista!