Ekainaren 21ean ekitaldi politikoa Oñatin

Udara honetan 20 urte beteko dira Filtroko gertaera jaso zela. Urteurrenaren testuinguruan gaur hemen batu garen Askapenako kide, Oñatiko herritar eta eragileok elkarlanean ekainaren 21erako, Errefuxiatu eta Iheslari Politikoen Nazioarteko Egunerako, ekitaldi politikoa eta egun guztiko egitaraua antolatu dugu.

Urteetan zehar ugari izan dira arrazoi politiko eta jazarpenak bultzatuta Euskal Herritik ihes egin behar izan duten euskal herritarrak. Atzerrian ere errepresio gogorra pairatu izan dute ordea. Horren adibide dira Manueltxo Goitia, Luis Mari Lizarralde eta Mikel Ibañez euskal errefuxiatu politikoak, Uruguayen atxilotu eta Espainiara estraditatuak izan ziren 1994ako abuztuaren 24ean.

Estradizio hori ekidin asmoz ordea, asilo politikoaren aldarripean Filtroko ospitalaren kanpoko esplanadan batutako jendeak errepresiorik bortitzena pairatu zuen. Ehunka zauritu, dozenak atxilotu eta bi gazte uruguayar erail zituen Uruguayko poliziak: Fernando Morroni eta Roberto Facal.

Gertaera horretatik 20 urte betetzen diren honetan Euskal Herriko Iheslari Politikoek etxera itzultzeko erabakia hartu eta gauzatzen ari dira eta gatazka politikoaren konponbidean duten subjektu izaera azpimarratzen.

Guzti honegatik, datorren ekainaren 21ean errefuxiatu eta iheslari politikoen nazioarteko egunean Oñatin, Manueltxo Goitiren jaioterrian bertan egun guztiko egitaraua antolatu dugu Oñatiko herritarrekin elkarlanean. Egunaren ardatza eguerdiko 13:30etan burutuko dugun ekitaldi politikoa izango da.

Bertan, alde batetik Euskal Herriak bizi duen gatazkaren ondorioz, errepresio eta torturatik ihesi, Manueltxo Goitiaren antzera beraien etxetik alde egin behar izan duten iheslari eta errefuxiatuak izango ditugu gogoan. Eta bestetik, Uruguaiko herriak orain 20 urte emaniko irakaspen paregabeari omenalditxo egingo diogu, herri bateko kide izatearen duintasun eta borrokari, asilo politikoaren eskaera eta honen defentsa azken muturrera eramateko konpromisoari. Herrien arteko samurtasunak ez duela mugarik erakutsi ziguten eta torturaren eta inperialismoaren aurrean, internazionalismoaren erakustaldi bikainean, kaleak hartu eta euskal militanteak uruguaiarrak balira bezala defendatu zituzten, bizitza emateraino.

Ekitaldia amaituta herri bazkaria izango dugu eta baita kantaldi eta kontzertuak ere.

Hemendik gonbidapen luzatu nahi diogu Euskal Herriko jendarteari datorren ekainaren 21ean Oñatira hurbildu eta gurekin batera ekitaldi eta egun guztiko egitarauean parte hartu dezan.

 

Egitaraua:

- 12'00etan Kalejira eta pote internazionalista herriko plazatik abiatuta

- 13'30etan Ekitaldi Politikoa “Filtro, 20 urte: Herriak ez du ahazten” atzeko kaleko plazatxoan

- 14'30etan Herri bazkaria antixena parkean

eta ondoren Fran eta Zuriñe Hesian taldeko kideen emanaldi akustikoa.

- 22'00etan Kontzertuak atzeko kaleko plazatxoan:

- Bad Sound System

- Izerdi Gorria

 

Herri bazkariko txartelak ondorengo tabernetan aurki ditzakezu 10€ truk.

- Oñati (Arrano eta Boga)

- Bergara (Arrano)

- Arrasate (Irati Herriko Taberna)

- Aretxabaleta (Urbaltz)

- Gasteiz (Txapelarri)

- Soraluze (Herriko Tabernan)

- Elgoibar

- Elorrio (Herriko Taberna)

 

* Erosteko aukera ez baduzu, filtro20@askapena.eus helbidera idatzi eta txartela gordeko dizugu.