Elizondoko gaztetxean Venezuelako Iraultzaz aritu ziren

Baztanen egiten ari diren jardunaldi bolibarriaren barnean, atzo arratsean, aurtengo udan Askapenarekin Venezuelan egondako brigadista batek iraultza bolibariarrari buruzko solasaldia eman zuen Elizondoko gaztetxean. Mintzaldian prozesuaren azterketa kronologiko bat egin zen, alde batetik, aurrekari historikoak eta 1989ko Caracazoaren berri eman zen, 1992an izandako estatu kolpeetaz eta 1998ko Chavezen garaipenaz. Puntu horretatik, prozesuaren aurkezpen xeheagoa egin zen, mugarriak izan diren gertakariak bereziki azpimarratuz.

V. errepublikaren eraketa eta konstituzio berria, zeinak demokrazia parte hartzaile eta protagonikoa aitortzen baituen; 2001eko lege gaitzaileak eta lursail handien eta hidrokarburuen erreforma; urte bereko estatu kolpea eta petrolio sabotaia eta segidan Venezuelak bere herritarrekin pilatutako zor historikoa kitatzeko abiarazi zituen misio sozialak. Lehen fase hori ezaugarritu ondotik izaeran eta subjektu eragilean, 2006an aldarrikatu eta abiarazi zen sozialismo bolibariarraren azterketa egitera pasa ziren: herri boterearen eta sistema sozioproduktibo berriaren eraikuntza batez ere; hala prozesuaren subjektu berriaz mintzatu ziren, Estatu komunalaz eta esperientzia sozioproduktibo desberdinetaz. Jarraian mehatxu inperialistaz aritu ziren, baita Venezuelak bere testuinguru erregionala integratzeko eta autónomo egiteko abiaturiko ekimenetaz. Landutako bertze alderdi bat laugarren belunaldiko guda edo guda mediatikoa izan zen eta, bukatzeko, prozesuaren ahultasunen inguruan aritu ziren: boliburgesia eta eskuin endogenoaren agerpena, burokratizazioa, eraginkortasun falta eta ustelkeria; segurtasun falta eta kriminalitate handia eta prozesuaren zuzendaritza unipertsonala. Urriaren 7ko hauteskundeetaz eta Chavezen egoeraz solastatzeko aukera ere izan zuten eta ondotik eztabaida interesgarri eta aberasgarria sortu zen bertaratutakoen artean.


 

Baztango jardunaldi bolibariarren ondoko hitzordua abenduaren 18an, astertean, izanen da. Erratzuko Lixutegian, asteko 20:00etan "la revolución no será retransmitida" dokumentala eskainiko dute.