Emakumeen Mundu Martxa, ALBA-mugimenduak eta MAB mugimenduak mintzagai Brasileko brigadisten kronika berrian

Escola Nacional Florestan Fernandes formazio eskolan egon ostean, Sao Paulora joan dira Brasileko brigada kideak. Bertan Movimiento Sin Tierrak (MST) duen egoitzan topaketa batzuk burutu dituzte beste bi brigadekin batera. Hemen kronika:

Sao Paulora hurbiltzen ginen heinean kotxeen abiadura gero eta motelagoa zen auto pilaketak zirela eta. Izan ere, hirian 12 milioi biztanle erroldatuta daude (estatu osoan 44 milioi orotara). Brasilgo hiri eta estatu jendetsuenak izateaz gain, gune ekonomiko garrantzitsuenak direla esan daiteke, nekazaritza-ekoizpen ikuspegitik zein industrial eta finantzierotik ere. Makro-hiri bat izanda, kontraesanak agerikoak dira, muturreko egoerak bata bestearen alboan biziz. Jendea egoera oso kaxkarrean bizi den faveletatik gertu sekulako segurtasun neurriez inguratutako eraikuntzak topatzen ditugu. Kalean lo egiten duen jendearen gainetik, trafikoa ekiditeko helikopteroz hiritik mugitzen diren aberatsak entzun daitezke. Izan ere Sao Paulo helikoptero pribatuen trafiko handien daukan munduko hirietako bat da.

Hiri erraldoi honen kale batean badauka MST-k bere egoitza, oso era diskretoan eta segurtasuna asko zainduz. Izan ere, boteretsuen interesei aurre egiten dien mugimendu honek errepresioa ondo ezagutzen du eta Brasilen gauzatzen ari den indar korrelazioaren aurrean ez dira batere baikorrak.

MST-ko egoitzan hiru topaketa izan genituen: Emakumeen Mundu Martxa, ALBA-mugimenduak eta errepresen kontrako MAB mugimendua.

"Marcha Mundial das Mulheres"-eko Sarak ekimen honen helburuak, eginkizunak eta garapena azaldu zizkigun. Ekimena 1995ean hasi zen Quebec-en genero indarkeriari eta emakumeek pairatzen dituzten beste arazoei (pobrezia barne) aurre egiteko. Idazkaritza Brasilera eta handik Mozanbikera pasatu zen.

2000. urtean "Emakumeen Munduko I. martxa" egin zen. Beranduago, kanpaina bat izatetik mugimendu iraunkor batera pasatzea erabaki zen. Hurrengo urteetan beste "Munduko Martxa" batzuk egin dira eta beste osagai berri batzuk gehitu dira Martxaren lan eremuan. Adibide batzuk Brasilen gutxiengo soldataren inguruan egindako kanpaina edo elikadura subirautzari feminismotik egindako ekarpenak dira. Martxak nazioarteko ekimena antolatzen du bost urtean behin eta bost urteko tarte horietan nazio-mailako ekimenak antolatzen dira.

Jarraian ALBA-movimientos-en Alcides Garcia koordinazio taldeko kide kubatarrarekin bildu ginen. Berak azaldu zigun nola inperialismo yankiak latinoamerikari begira diseinatuta zeukan ALCA-ren (Ameriketarako merkataritza askerako eremua) aurrean erantzuna antolatu zen. Neoliberalismo urte horietan, 1990-2000 hamarkadetan, herrien partetik eta gobernu progresista batzuen partetik erantzun bat antolatu zen ALCAren kontra. Momentu adierazgarrienetariko bat, Argentinako Mar del Platako konferentzian Hugo Chavezen " ALCA, ALCA, Al carajo!" adierazpena izan zen.

Horrela sortu zen ALBA, Alianza Bolivariana para las Americas, zapalkuntza kapitalistaren ofentsiba bortitzaren aurrean, herrietatik herrietara sorturiko alternatiba. Alternatiba honek herrien beharrei erantzun behar zien herrien integrazioa gakoa izanda, Simon Bolivarrek aldarrikatu eta borrokatu zuen moduan.

Alcidesek komentatu zigunez, hasiera batean Chavezen asmoa gobernuak eta mugimenduak gune eta maila berean ordezkatuak egotea zen. Hala ere, aurrerago ikusi zuten, gunean egoteko herri mugimenduaren ordezkariak estatu bakoitzaren gobernutik izendatzeak, herri mugimenduaren parte hartzea nabari baldintzatzen zuela. Dependentzia bat sortzen zuen herri mugimenduaren askatasuna murriztuz.

Gauzak horrela, herri mugimenduak ALBAtik organikoki ateratzea eta ALBA-movimientos bezala antolatzea erabaki zen. Momentu horretatik aurrera ALBA-movimientosek bere bidea egin du, beste ALBAren osagarri bilakatuz. Gobernuen ALBA biltzen denean, paraleloki, ALBA-movimientos biltzen da ere.

Momentu honetan ALBA-Movimientosek koordinadora bezala lan egiten du. Ez dauka egitura organikorik baina presentzia dauka 24 herritan eta 500 erakunde baino gehiago dira partaide. ALBA-Movimientosen bidez Latinoamerikako herrien integraziorako pausuak ematen dira eta inperialismoaren erasoen aurrean erantzun herrikoi eta koordinatuak antolatzen dira.

Azkenengo topaketa errepresek kaltetutakoen mugimenduaren kideekin izan zen: MAB, Movimento dos Atingidos por Barragens. Brasilen makroproiektu hauek komunitate batzuk kaltetu dituzte, haien lurretatik kanporatuz edota lanbideak baldintzatuz. Beraz, herri zapalketa eta naturaren suntsiketaren aurrean sortutako mugimendua da hau. Hasiera batean, errepresen kontrako borrokak lokalak ziren, baina 1991n mugimendu nazional bezala antolatzea erabaki zuten, borroka hauei bisilitate eta ikuspegi orokorragoa emanez.

Gurekin bildu ziren kideen mezua argia zen: ura eta energia ez dira merkantzia. Energiaren inguruko eztabaidan galdera zehatz hauek jartzen dituzte mahai gainean: energia zertarako? eta norentzat?.