Erasoei herri gisa erantzuteko deia
Herri mugimendu ezberdinetan diharduen herritar talde batek hausnarketa bateratua plazaratu du Martin Ugalde Kultur Parkean egin den agerraldian.
“Hezkuntza erreformen bidez Euskal Herria eta euskal herritarrak asimilatzeko tenorean frantses eta espainiar estatutik eratorritako erasoaldi bortitzaren aurrean garatu beharreko herri erantzunaren beharra” kokatu dute hausnarketaren oinarrian. Agerraldi honekin aipatu erantzuna artikulatzeko abiapuntua jartzea izan dute xede nagusi, eta aurrerantzean ekimenaren inguruko adostasunak biltzeko asmoarekin harreman dinamika bat martxan jartzeko konpromisoa hartu dute.
Areago, herritarren eta eragileen ekarpenak jasotzeko posta helbide elektronikoa ere sortu dute: herrideialdia@gmail.com
Espainiako eta Frantziako gobernu guztien helburua beren estatuan nazio bakarra bizitzea izan da. Horretarako, paretik kentzen saiatu dira beren administraziopeko gainontzeko herri, kultura, nortasun, bizi eredu eta hizkuntzak nazio estrategia oso baten baitan.
Azken aste eta hileotan Euskal Herriaren eta euskal herritarron aurkako asimilazio estrategietan urrats nabarmenak ikusi ditugu. Garai politiko berriak bizi omen ditugun honetan, Estatu Frantses eta Espainolak errezeta zaharrak aplikatzen jarraitzen dute. Frantziar Gobernuak argi eta garbi utzi du ez duela onartzen Euskal Herrirako lurralde kolektibitaterik, eta berau gutxiesten saiatu da Valls ministroa behin eta berriz. Hauteskunde kanpainan hala agindu arren, Gobernuak argi utzi du ez duela berretsiko Europako Hizkuntza Gutxituen kartarik, eta Peillon ministroak abian duen hezkuntza erreforman ez dela onartuko ikasleek euskara ezagutzeko duten eskubiderik, besteren artean. Bitartean, suprefeturak ikastolen finantzazioa erasotzen ari dira, ahal den lekuan trabak jartzen.
Espainiar Gobernutik datozkigun albisteak ez dira hobeak. Euskal Herriko udaletan Espainiako bandera eta ikurrak inposatzean dute gogoa Madrilen. Areago, Wert ministroak sinatzen duen hezkuntza erreforma onartu berriak hezkuntzak herri baten asimilaziorako daukan garrantzia berezia erakusten du. Berak esan zuen euren asmoa “Kataluniako ikasleak espainolizatzea” zela, eta nekez ukatu daiteke espainiar administrazio peko lurralde orotarako asmo bete bera duenik. Frantziakoaren bide beretik, euskararen normalizazioari mugak ezartzea, hizkuntza ordezkapenaren bidez euskaldunak asimilatzea eta Euskal Herrian bertako hizkuntzan bizi ahal izatea ekidin nahi ditu aipatu lege honek, zalantza izpirik gabe, baina Espainiaren kanpo esku-hartzearen araudia estutu eta beste era batzuetara euskal jendartean eragingo duten neurriak ere inposatu ditu. Inposatzailea, zentralizatzailea, uniformizatzailea, espainolizatzailea, atzerakoia, adoktrinatzailea, segregatzailea eta elitista da erreforma. Injustizia sozialean, berdintasunari trabak jartzen dizkion jendarte patriarkalean, egoera ekonomiko larri honetara kondenatu gaituen elite ekonomikoari mesede egiteko diseinatutako jendarte eta hezkuntza ereduan oinarritzen da erasoaldi berria.
Eta, hau guzti hau, Frantziar eta Espainiar Gobernuetatik arlo sozialean ezarritako krisi eta murrizketa bidegabeen testuinguruan, nortasunak, hizkuntzak, hezkuntzak eta enparauak baino afera garrantzitsuagoak daudela irudikatu nahi duten garaiotan.
Euskal Herrian ez gara fin ibili. Apenas erantzun diegu aspaldiko eraso bortitzenei, eta erantzun diegunean bakoitzak beretik egin dugu, nork beretik eta guztion artean erantzun ordez. Bakoitzak bere beharretatik, bakoitzak bere diskurtsotik, bakoitzak bere helburuetatik ekin dugu ekin dugunean, herritar guztioi zuzenean eta maila paretsuan eragiten digun erasoaldia ez bailitzan. Ez da nortasun, hezkuntza, hizkuntza edo sozio-ekonomia kontua. Guztiak batzen dituen afera da honokoa.
Bada garaia Euskal Herri bezala pentsatu eta bizitzeko; legeria zahar eta ustelak gainditzeko, inposaketa kudeatzen jarraitu ala geure bidea egin erabakitzeko. Bada garaia indarrak batu, gogoak batu eta ahotsak batzeko elkartzen gaituenaren inguruan eta aldentzen gaituenaren gainetik. Herri gisa erantzutea dagokigu. Euskal Herriak eta herritarrok burujabe izan behar dugu, uneoro alor orotan jartzen dizkiguten marra gorriei aurre eginez. Guri dagokigu erasoei marra gorriak jartzea eta inolako konplexurik gabe, bakoitzari dagokigun alorretik diskurtsoa osatuz, Euskal Herriak eta herritarrok herri eta herritar izan nahi dugula aldarrikatzea. Inoren menpe egotetik euskal herritar bezala bizitzera pasatuz. Euskal curriculuma gauzatuz, euskaraz biziz, gure ikur propioak erabiliz, gure jendarte eredu propioa eraikiz, inposaketen aurrean desobedientziarekin erantzunez…
Hala, herri mugimenduan ari garen hainbat kidek hausnarketa hau herriari zabaldu eta aipatu erasoen aurrean herri erantzun bat artikulatzeko beharra ikusten dugu. Zentzu horretan gonbitea luzatzen dizuegu, norbanako zein eragile, bakoitzak beretik ekarpena egin eta zapaltzaileen aurrean herri gisa agertu gaitezen. Gure aldetik, harreman dinamika bat abiatzeko konpromisoa hartzen dugu aurrerantzean hausnarketa honen inguruko adostasunak bildu eta herri erantzun hori artikulatzeko asmoarekin.
Bukatzeko, posta helbide elektroniko bat sortu dugu irakurketa honen inguruko iritzi, proposamen eta ekarpenak jasotzeko: herrideialdia@gmail.com.
Eskerrik asko eta hurren arte.
Herri mugimenduetan dihardugun Naroa Geresta, Azaitz Gartzia, Ikoitz Arrese, Idoia Trenor, Mattin Troitiño, Walter Wendellin, Haizea Solagurenbeaskoa, Guillermo Perea, Mikel Luloaga, Saioa Iraola, Xabat Laborde, Guillermo Paniagua, Lucas Magliocchetti eta Haizea Makazagak sinatuta.