Errefuxiatuaren nazioarteko egunaren harira

Ekainaren 20a nazioarteko errefuxiatuen eguna izanik,  ezin ahaztu Euskal Herritik alde egin behar izan duten ehunka lagunak. Haiekin batera, saharar, kurdu, palestinar eta kolonbiar errefuxiatuez oroitzen gara, gainerako guztiak itzalean utzi gabe.

Milioika dira guztira kasurik  gehienetan  egoera tamalgarrian bizi  direnak, baina esperantzari lotuak. Palestinarrek esaterako, zenbaitek behintzat, sei hamarkada pasa arren, oraindik euren etxeetako giltzak gorderik dituzte, etxea aspaldi eraitsia dela edo kolonoek zerraila aspaldi aldatu zutela ondo dakiten arren.

Guztiak, bizi garen mundu zoro baina ongi marrazturiko sistema kapitalistaren ondorio dira. Hala, herri zapaldu edo herri langileok inperioen aurrean ortzak erakusteari ekiten diogunean, gureganako indarkeria etengabean, joan  beste modurik ez dugu arnasten jarraitzekotan. Barne mailako gatazkak edo kanpotik eragindakoek, beti dute helburu bera: lurralde baten eta bertan bizi garen herritarron erabateko kontrola eta zapalkuntza, eliteen  interes ekonomiko edo politikoak babestearren.

Lehenik eta behin salatu behar genukena da, errefuxiatuei legez dagozkien estatusak  egun ez duela inolako indarrik, urteak pasa ahala geroz eta gutxiago dira, ihesean datozenei aterpea ematen dieten estatuak. Txanponaren bi aldeak bailira, alde egitera behartzen du batek, besteak kasurik onenean zokoratu eta txarrenean berriz errepresioaren hatzaparren esku uzten du errefuxiatua, bere herrian berriz, bere herrian arrotz berriz.

Honegatik, ezinbestekoa zaigu borroka internazionalista, gure herria askatzeko bidean gainerako herri zapalduei elkartasuna erakusteko batetik, eta arazo izugarri honi irtenbide bateratua emateko bestetik, errefuxiaturik gabeko herrion eta herri langileon mundua osatzeraino. Auzolanean jarritu besterik ez dugu beraz, besarkada bat zuon etxeetatik urrun zaudeten milioika lagunoi, laister arte!

Askapena