Esfendemos a tierra! Gure lurra defenda dezagun!

Aragoi eta Gaztelako brigada aurtengo helmuga berrietako bat izan dira. Brigada amaitu bada ere, datozen egunetan bai Aragoien nahiz Gaztelan jasotako esperientziak, ikusi eta ikasitakoak jasoko ditugu hemen. Hasteko eta lehen kronika honekin Aragoiko herriak aurrera daraman borroka ezagutuko dugu. Aragoi iparraldean, Nafarroako mugatik gertu dagoen Artieda herrian ekin zioten brigadari gure kideek, Aragoik sufritzen duen arazo larrienetariko bat ezagutuz: urtegiak.

Frankismotik gaur egunera arte luzatu den arazoa da. Ingurumenean sortzen duen ageriko kalteaz gain, lurrak eta etxebizitza galtzea dakar. Norberaren lurraldea utzi behar izateak  bizimoduari edota hizkuntzaren biziraupenari zuzenean eragiten dio. Horrez gain, urtegia eraikiz eta gero hango ura ezin dute erabili eta ur horren salmentak dakarren etekina ez dute jasotzen. Datu esanguratsu modura, frankismoan 10.000 pertsonatik 78k utzi behar izan zuten beren etxea jazarpen politikoak bultzatuta. Urtegien eraikuntzengatik, aldiz, 10.000tik 71ek utzi behar izan dute.

Artieda herrian, Esako urtegiaren handitzearen problematika dute. Herriko biztanleekin biltzeko aukera izan zuten brigadistek, handitzearen kontrako borroka gertutik ezagutuz. Urtegi hau 50. hamarkadan eraiki zen, hiru herri suntsitu zituen eta 1.500 pertsona haien etxetik kanporatuz. Urtegiaren pareta Nafarroan dago eta ur guztia Aragoien. Gaur egun handituz gero Artiedako lur gehienak ur azpian geldituko ziren, bertako biztanleak herria uztera kondenatuz. Era berean, urtegiaren mailatik behera dagoen Nafarroako Zangotzako herritarrak etengabeko arriskuan bizitzera behartuko zituzten, urtegia hausteko beldurrez. Bi herrien borroka dela adierazi zieten herritarrek brigadistei: “Aragoik eta Euskal Herriak sufritzen dugun arazoa da, ezinbestekoa dugu elkarlanean aritzea proiektu hau geldituko badugu”.

Handitzea geldiarazteko hainbat ekintza egin dituzte, baina esanguratsuena lurren desjabetzearen aurkako herri erresistentzia izan zen, ondoko bideoan ikusi dezakeguna:

Artiedatik Murillo de Gállego herrira mugitu ziren, han inguruan eraiki behar duten urtegiaren kontrako borroka ezagutzera. Murilloko herriaren ekonomia ibaiaren erabileran oinarritzen da. Urarekin lotutako kirolak praktikatzeko enpresa txiki asko sortu dute eta urtegia eginez gero hauek desagertuko lirateke, herriko biztanleak herria uztera behartuz.

Hemendik Biscarrués herrian egin behar duten urtegiaren aurkako borroka ezagutzera hurbildu ziren. Kilometro bateko luzera izango duen hormadun urtegia eraiki nahi dute, hango ingurua betiko kaltetuz eta herri batzuk urperatuz. Urtegien arazoa Aragoi osoak pairatzen duela helarazi zien bertako biztanle batek brigadistei: “Aragoiko biztanle guztiek badute ezagun edo senide bat urtegien eraikuntzagatik bere herria utzi behar izan duena”.

Urtegien aurkako borroka ezagutu eta gero Huesca herrira abiatu ziren brigadistak, bertako historia eta egoera soziopolitikoa ezagutzera. Halaber, hango kide baten eskutik Aragoiko independentismoaren historia ezagutu zuten, izan dituen gorabeherak gertutik ikasiz.

Brigadistak Zaragoza hirira abiatu ziren, Aragoiko biztanleriaren erdia biltzen duen hiriko errealitatea ezagutzeko. Hurrengo egunetan kronika eta argazkiak jasoko ditugu, zuei hemen eskaintzeko.
Herrion borrokak iruten ari gara!