Eskozian gaur ez da erreferendumik egingo, baina egin zitekeen

eskozia brigada SNP scotlandEskoziarren aberri eguna den Saint Andrews egunean, gaur, azaroak 30, egitekoa zen erreferenduma bertan behera gelditu zen orain aste batzuk. Eskoziarrentzat berezi den gun horretarako aurreikusi zuen Eskozia gutxiengoan gobernatzen dagoen SNP alderdi abertzaleak erreferenduma, baina eskoziar parlamentuan berdeen babesa eduki arren gehiengoa lortzea matematikoki ezinezkoa izanik, ez dira erreferendumerako legea bozkatzeko aurkezten saiatu ere egin, hurrengo legegintzaldirako utzi dute. Izan ere, gogoan eduki behar dugu Alec Salmond buru zuen SNPk 2007ko hauteskundeak irabazi zituela independentziaren aldeko programa zuela, are gehiago, independentzia erreferenduma legegintzaldia amaitu aurretik egingo zutela adierazi izan du SNPk eta lehendakariak berak 2007tik orain gutxi arte.

Hala ere, udan SNPk Askapenako brigadistei aurreratu bezala, nahiz eta erreferendumerako dena prest eduki, formatua, galderak, eguna eta abar, atzera egin dute. Azken momentura arte ahalegindu dira erreferenduma egin ahal izateko parlamentuko beste alderdien babesa lortzen, baina alferrik. Horrela, independentzia bai/ez galderari autonomia gehiagorako galdera gehitu zioten, baina ez zen nahikoa izan alderdi unionista (Laboristak, Kontserbadoreak eta Liberalak) edo parlamentario batzuen babesa lortzeko.

Dirudienez erabaki taktiko izan daiteke, datorren urtean hauteskundeak egongo baitira Eskozian eta erreferenduma SNPren armarik nagusiena izan liteke parlamentuan gehiengo zabalagoa lortze aldera, honek erreferenduma egitea ahalbidetuko lukeela argudiatuta. Hala ere, ezkerreko alderdi independentistetatik, SSP Eskoziako Alderdi Sozialista kasu, aspaldi ari ziren SNPren ekintzak edo ekintza ezak kritikatzen. Maila diskurtsiboan independentziaren aldeko apustua egin bai, baina behin boterean egonda autonomia gehiagorekin konformatzea leporatu izan diote, benetako aldaketa politikoa eta sozialerako urrats sendoak eman beharrean. Are gehiago, kapitalismoaren krisiaren fase sakon honetan aldaketa politikoa eta soziala lotzen lortu edo saiakera ere egin ez izana leporatu diote SNPri, aukera paregabea galdu dela.

Hori guztia kontuan hartuta, ikusteke dago SNPk independentziaren bidean benetan aurrera jarraituko duen. Baina argi dagoena da 1998an eskoziarrek beraien autonomia berreskuratu zutenetik independentziaren aldeko nahia handituz joan dela. Lan ideologiko handia egin dute independentistek Independence First eta Scottish Independence Convention sareen bitartez. Lehenengoa 2003an osatutako nazio mailako foroa da, independentziaren gauzagarritasunaz, bideaz eta markoez eztabaidatu eta hausnartzeko. Bigarrena, berriz, independentziaren aldeko iritzia hedatzeko sortu zen 2005ean, independentziaren aldeko hainbat eragiletako ordezkarik osatzen dute eta herri ekimenak burutzen dituzte (gurean Independentistak sarearen antzekoa izan daitekeena). Bada, biek ala biek herritarrengan eragina izan dute eta independentziaren aldeko gogoa areagotzea ekarri dute gobernuan urte luzez egondako Laboristen politikek eragindako nekeak lagunduta.

Gainera, independentziaren aldeko iritzia eta botoa ez dator guztiz bat, inkesten arabera. Izan ere, egon baitaude Alderdi Laborista bozkatzen duten langile asko independentziaren aldekoak direnak. Hortik Laboristen jarrera (Kontserbadore eta Liberalekin batera) erreferenduma egiteko aukera bera ere ez onartzeko. Argi dago, eskoziarren beldur dira, eskoziar langileen beldur bereziki. Baina Euskal Herrian ez bezala, eztabaida ez da juridikoa. Ez du inork argudio juridikorik erabiltzen erreferendumaren edo independentziaren aurka, horren bideragarritasuna eta onura edo kalte ekonomikoa baizik (lehen ministro ohi kontserbadore Major eta Thatcherrek publikoki aitortu diote Eskoziari erabakitze eskubidea!). Abertzaleek parlamentuan gehiengo baten babesa lortu izan balute erreferenduma egingo zen, arazo barik. Eta gaur, Europako estaturik gabeko naziook hori ospatzen ibiliko ginen, emaitza edozein izanda ere, herriari hitza emateagatik, Euskal Herria, Korsika, Bretainia, Sardinia edota Herrialde Katalanetan ez bezala.

Ematen du gehiengoen jolasa dela Eskoziako araua, demokrazia, alegia. Antza gehiengoek ahalbidetuko dute hasiera batean erreferenduma eta ondoren herritarrek horrela erabakiz gero eskumen gehiago edo independentzia. Baina kontuz ibili behar dute eskoziarrek, ez dakigu Londresek balizko erreferendumaren emaitza benetan onartuko lukeen. Gugandik gertuago katalanen estatutaren adibidea daukagu, desberdintasun guztiekin eta edukietan sartu barik, non kataluniar parlamentuan guztizko gehiengoak onartutakoa Madrilek errespetatuko zuela esan ondoren erabat desitxuratu zuen. Horrek erakusten digu borroka instituzionala ez dela nahikoa, masa borroka eta desobedientzia zibila ezinbestekoak dira, estatu zapaltzaileek ez digutelako herri zapalduoi ezer oparituko, herri borrokaz baino ez dugula eskuratuko. Hortaz, herriok gara, herri langile antolatuok, herrion eskubideak eta erabakiak errespetatuko diren berme bakarra. Herriok gure askapen prozesuan sortu ditugun baldintzak aprobetxatu behar ditugu eta ez ditugu aukerak galdu behar, aukerak gutxitzeko edo galtzeko arriskua baitago, Bretainia, Korsika edota Galizian gertatu bezala. Hortaz, inteligentziaz jokatu behar dugu, arriskuen eta kontraesanen jakitun, bai, baina ausardiaz eta fase bakoitzean eraginkorrenak diren borroka moldeak aplikatuz.