Espainiar estatu inperialistak bere epaia jaso du Lizarran ere

40 bat lagunek Lizarrako foru plaza hartu dute gaur Euskal Herriko mugimendu internazionalistaren kontra urriaren 19an abiatuko den epaiketa fartsari aurre egiteko lurralde osoan abiatu den Herriak Libre! dinamikari erantzunez eta espainiar estatuaren praktika inperialista herri epaiaren jo puntuan jarriz.

Kolorez beteriko mobilizazioa izan da, nahiz Abya Yalako prozesu askatzaile eta iraultzaileen ikurrak zein estatuak kartzeleratuko herrien ikurrinak presente egon direlarik. Herrien borroken musika momenturo ere ozen entzun da inguru osoan mobilizazioan zehar. Guardia Zibilak gertutik jarraitu du mobilizazioa, zenbait argazki ateraz eta goizeko lehen ordutik patrol ta guzti plazatik bueltaka ibili delarik.

13:00etan abiatu da ekimena. Kioskoa herrien askapen prozesuen ikurrez bete eta bertaratutakoek “Espainiar estatu inperialista zapalkuntzen errudun! Herriak eta Askapena libre!” lelodun pankarta zabaldu dute. Ingurutik zebilen jendeari propaganda banatu zaie ere. Lizarrako tradizio internazionalistako kideak bildu dira ere, El Salvador Elkartasuna kolektiboko zein herri Sahararrarekiko elkartasunezko eragileetako jendea kasu. Egun hauetan bere 19.urteurrena ospatzen duen Pinupe Gaztetxeak ere txertatua zuen deialdia bere egutegian.

Ordu bateko kontzentrazioa burutu ostean kide batek hitza batzuk eskaini dizkio bertaratutakoei. Hurrengo 19an abiatuko den kriminalizazio prozesu juridikoa zertan datza azaldu ondoren, bertan espainiar inperialismoari leporatu nahi izan dizkioten akusazioak azpimarratu ditu.

Indar berezia hartu du Abya Yalako herri originarioen gaineko atzoko eta gaurko zapalkuntzak, 2010ean Mexikoko Oaxaka estatuan paramilitarrek erahildako eta Lizarrarekin harreman berezia izan zuen Bety Cariño iraultzaile emakume mixtekoa gogoratuz . Era berean indartsu salatu da Saharako herriaren egoera Lizarran bakea eta duintasuna bilatuz uda igarotzen duten kanpamenduetako haurrak gogora ekarriz . Biak ala bietan espainiar estatuak duen erantzukizuna gogor salatu da. Keinu bat egin zaie ere Bardeetako lur komunalei, aurki milaka soldadu inperialistek okupatuko dituztela gogoratuz. Estatuko gainontzeko herri zapalduek ere bere oroimena eduki dute.

Ekimena zapatada kolektibo batekin eta Urriaren 12an Iruñean burutuko den Herri libreen martxarako deialdiarekin bukatu da, azaldu dutenez Lizarratik ere bitartekoak eskainiko direlarik jendea bertaratzeko. Internazionalismoa epaitua eta baldintzatua izan nahi den honetan, indartsu atera eta inperialismoa jarri da jo puntuan gaur Lizarran ere.