Euskal Herria eta Honduraseko borrokak mintzagai Buenos Aireseko "Taberna internacionalista vascan"

Fisikoki urruti egon arren, asko dira Argentina eta Euskal Herria lotzen dituzten harremanak. Askotan nabari da gertutasuna, sentikorki hurbil egotearen sentsazioa ohikoa da Buenos Aireseko hainbat txokotan. Bereziki, gure herriarekiko elkartasuna bi astero pizten da Taberna Vascan, La Dignidad gune herrikoiean antolatzen den espazioan. Bertan, Euskal Herriaren borrokarekiko elkartasuna eta munduko edozein borroka anti-inperialista ezagutzeko aukera izaten da arratsalde partetik gaueko ordu txikietaraino.

Pasa den asteburuan bertan aurkitzen diren Rayco Sánche, Norte Apache eta Iker Eizagirre Askapenako kideek hurbiltasun hori sentitu eta Euskal Herriko egoeraz hitz egiteko aukera izan zuten. Hona hemen bidali diguten kronikatxoa:

Hemen ere irakurgai duzue gazteleraz hitzaldiaren kronika Resumen Latinoamerikanoko kideek eskutik: La lucha hondureña y de Euskal Herria: testimonios de sus propias resistencias

Hemendik gabiltzan bi euskaldunek, bertan hitzaldi txiki bat emateko gonbidapena jaso genuen, eta nola uko egin. Norte Apatxeko (Rayko) euskal rapero konprometitua alde batetik eta Askapenako militante izanaz bestetik, guretzako ohorea izan zen gure herri txikian gertatzen ari diren gertakizunez berri ematea. Horrela, Euskal Herriko gazte mugimenduaz solastu ginen, gazteon borroka politiko eta sozialetan, jasaten dugun errepresioaz eta etengabe ematen ditugun erantzunetaz ere bai. Dudarik gabe, jakin mina zegoen azken urteetan askapen borrokan emandako aldaketen inguruan, eta horri eusteko tartea ere eduki genuen.

Mundu zabaleko borroka topaleku da taberna vasca, eta gurekin Honduraseko Berta Caceres eduki genuen, COPINHeko (Consejo cívico de organizaciones populares e indígenas) erreferente. Berak ertamerikako herriek bizi duten egoera latzaz hitzegin zigun, transnazionalen praktika kriminaletaz eta herri antolatuak beren lurren defentsan mantentzen dituen borroketaz. Egoera gordina benetan, inperialismoak zapalduriko lur hauetan bizi dutena.

Mintzaldia eta gero, musika ederraz gozatzeko aukera eduki genuen. Batetik Naya Ledesma mexikarra, bere gitarra eta ahots zoragarriaz barren barrenak mugitzeko gai zen trobadorea. Bestetik Rayko, hizlaria eta rap abeslaria. Bere musika eta letra zorrotzez, taberna guztia dantzan jarri zuen bizkaitarra. Eta bukatzeko, hondurasen jaiotako biolin jole batek olerkilari baten laguntzaz egin zuen emanaldi zirraragarria.

Gune benetan aparta sortu zen pasa den ostiralean, internazionalismoa herrien arteko xamurtasuna dela gogorarazi ziguna berriro ere.

Hamaika herri borroka bakarra!

Gora elkartasun internazionalista!