Euskal Herria Europako Jendarte Foroan. 1. kronika

Uztailaren 1etik 4ra bitartean Istanbulen burutzen ari da Europako Jendarte Foroa. Bertan Euskal Herriko zenbait eragilek hartzen dute parte, besteak beste, Askapena, Behatokia, Bilgune Feminista eta LAB.

Uztailaren 1ean, Anti-imperialist Network sare antiinperialistak 'Nazio gatazka eta inperialismoa' izenburupean mintegia antolatu du non Kurdistango PD (Bakea eta Demokrazia) alderdiak, Palestinako DFLP (Palestina Askatzeko Fronte Demokratikoa) alderdiak eta Euskal Herriko Askapenak (euskal erakunde internazionalista) hartu dute parte. Mintegia Istanbulgo Maçka Campusean egin da eta 150 lagunek bete dute gela. Bertan nazio askapena inperialismoaren aurkako borrokaren zati dela adierazi dute eta elkartasunetik elkarlanerako guneak eraiki behar direla azpimarratu. Askapeneko Jon Etxebarriak Euskal Herriko egoeraren berri eman du, bereziki, Zutik Euskal Herria ebazpena izan du ardatz euskal nazio askapen borrokaren egoera eta erronkak azaltzeko.