Euskal Herriarekiko elkartasuna munduan: Europako iparraldekoak indar handiz hasi dira lanean (gaur8-ko erreportaia)

amics i amiguesEuskal Herriarekiko Nazioarteko IV. Elkartasun Astea amaitu berri da eta, Askapenako kideen hitzetan, oso arrakastatsua izan da. Mundu osoko hemezortzi herrialdetako ia sei mila lagunek hartu dute parte proposatutako ekitaldietan. Elkartasun Astea aitzakiatzat hartuz, GAUR8 Venezuelako, Italiako eta Herrialde Katalanetako lagun batzuekin elkartu da, Euskal Herriaren gaur egungo egoeraren inguruan solasteko.

Unai Belaustegi/gaur8

argazki galeria

 

Duela egun gutxi amaitu da Askapenak antolatzen duen Euskal Herriarekiko Elkartasun Astea. Laugarrena izan da aurtengoa, eta guztira mundu osoko hemezortzi herrialdetako ia sei mila lagunek parte hartu dutela kalkulatu dute. «Hamaika herri, borroka bakarra» lelopean, Euskal Herriak bizi duen egoera salatzeko bat egin dute nazioartean eta, Askapenakoen ustetan, beste behin ere argi geratu da «herri honen borroka ez dagoela bakartuta eta bere babesa eta elkartasuna adierazten duten lagunen kopurua itzela dela». Ekintza politiko, manifestaldi eta edozein eratako ospakizunak nonahi izan dira.

Aurtengo urtea, gainera, oso berezia izan dela iruditu zaie antolatzaileei, «indar handiz» sartu diren iparraldeko herrialdeetako lagunei esker (Norvegia, Suitza eta Danimarka) eta «aspaldiko lagunek inoiz baino ekimen gehiago» egin dituztelako. Hasieran, otsailaren lehendabiziko astean izan behar zuten ekitaldiak, baina azkenean ia hilabete osora zabaldu dira, zenbait lekuetan.

Ahulenaren alde

Italia, Venezuela, Estatu espainiarra, Herrialde Katalanak, Irlanda, Eskozia, Alemania, Suitza, Danimarka, Norvegia, Britainia Handia, Uruguai, Mexiko, Argentina, Eslovenia eta Estatu frantziarrean egin dituzte ekimenak, besteak beste, Euskal Herriaren Lagunak elkarteko kideek.

Elkartasun asteak martxan jarri zituztenean, Euskal Herriaren alde lan egiten zutenak asko ziren, baina euren artean eta hemengo taldeekin koordinatuta zeudenak oso gutxi. Duela hiru urte, nazioarteko babes hori guztia antolatu nahian, Euskal Herriaren Lagunak izeneko taldeak sortzen hastea erabaki zuten eta, egun, hogeita hamar talde inguru badira euren egune- rokoan eta elkartasunaren izenean lanean dihardutenak.

Besteak beste, ondokoak salatzen dituzte talde horiek nazioartean: «Gure herrian gertatzen diren eskubide zibil zein politikoen urraketak; hainbat komunikabide, eragile zein alderdi politikoren ilegalizazioak, tortura kasuak, Jon Anzaren desagerpena edota espetxe espainiar zein frantsesetan gertatzen diren eskubideen bortxaketak».

Talde horietako bateko kidea da Jordi Villanueva i Vilamajor. Duela hiru urte sortu zuten Amics i Amigues d'Euskal Herria, Euska Herriarekiko solidario diren kataluniarren taldea. «Modu egonkorrean funtzionatzen dugu, eta euren kabuz batu diren pertsonek nahiz beste zenbait erakundek osatzen dugu taldea, tartean, Elkartasun Internazionalistarako Kataluniako Batzordea eta Endavant (Nazio Askapenerako Erakunde Sozialista) daude». Nahiko argi dute taldea osatzearen zergatia: «Lluis Maria Xirinacs abertzaleak zioen bezala, zapaltzaile baten eta zapaldu baten arteko gatazka dagoenean, ezinezkoa da neutraltasunari eustea. Erabiltzen dituen metodoak erabilita ere, beti ahulenaren alde egin behar da», adierazi du Villanueva i Vilamajorrek.

Maria Palacios Blanco Venezuelako Euskal Herriaren Lagunak taldeko kidea da eta bat dator aurrekoak esandakoarekin: «2002an gure presidentearen aurka egin zuten estatu kolpearen ostean hasi nintzen borroka honetan parte hartzen. Euskal Herriaren alde lan egitea egunerokoaren parte bihurtu da niretzat. Askok euskal herritarra naizela pentsatzen dute, baina Euskal Herriak bizi duen egoerak berak eraman nau horretara eta gero eta zailagoa egiten zait gobernu espainolak Euskal Herrian egiten dituen sarraskiekin ez harritzea». Hitz horiek erabili ditu Madrileko agintariek euskal herritarron aurka egiten dituzten gehiegikeriak deskribatzeko.

Isiltasuna eta elkartasuna

Herri baten borroka herrian bertan geratzen bada, ito egiten omen dira borroka eta herria bera. Horregatik, hori gerta ez dadin, nazioartean borrokaren berri ematea ezinbestekoa dakusate lagun hauek guztiek. «Komunikabide nagusien aldetik dagoen informazio eskasiak asko laguntzen du Euskal Herriak bizi duen salbuespen egoerari eusten», aipatu du Paolo Artonik.

Artoni Milango Euskal Herriaren Lagunak taldeko bozeramailea da, eta oso ziur agertu da euren taldeak gure herriarekiko duen loturaz: «Estatu errepresiboen erasoei aurre egin eta beste mundu bat eraikitzeko elkartasuna ezinbestekoa dela uste dugu. Elkartasun aktiboa garrantzitsua da kontzientzia hartzen joateko. Honek, aldi berean, guretzat ere balio du, proposamen politiko berriak planteatzen direlako. Zentzu honetan, Askapena erreferentzia puntu inportante eta bidaide bihurtu da».

Palaciosen ustetan, eurak ongi informatuta daude, baina gizartearen zati handi bat desinformaturik dago erabat: «Borroka mediatikoan parte hartzen duten multinazionalen eskuetan dago. ETAk atentatu bat egiten duenean, berehala iristen zaigu informazioa, baina Jon Anzaren desagerpenaz, torturez, ilegalizazioez, Agudoren kasuaz edo presoei ezartzen dizkieten kondenez ez da ezer jakiten. Gai honetan, zuek herri bezala eta guk erakunde bezala akatsak ditugu, ez baitugu lortzen errealitatearen berri ematea. Esperientzia handia daukagu hemen bizi dugunok, eta hori aldatu beharra dago».

Aldatzeko aukera bat komunikabide alternatiboak jarraitzea izan daitekeela uste du Palaciosek. «Iñaki Etxeberriaren kasuaren ondoren, Euskal Herriaren inguruko irratsaio bat egiten hasi nintzen eta zuen herriaren inguruan ikasten ari naiz, nire entzuleei zuen berri emateko». Artoniren arabera, Italian dauden Euskal Herriaren lagunek informazio ona izaten dute, baina ez du nahikotzat jotzen: «Hori ez da nahikoa, gainontzeko jendearengan eragin beharra dago, gure inguru politikoan bizi ez den jendearengan».

Euskal Herritik hurbilago egon arren, Kataluniako lagunek ere antzeko zerbait diote: «Euskal Herriaren eta Espainiaren arteko gatazkaren inguruan dagoen isiltasunak espainiar gizarte osoa ezjakintasunera bideratzen du. Katalunian ere antzeko zerbait gertatzen da, baina, agian komunikabide alternatiboei esker, ez hainbeste».

Independestistak sarearen kasua adibide garbia da Villanueva i Vilamajorren iritziz. «Bere sorreraren oihartzuna nahiko txikia izan da eta albisteak Normandiako atxiloketetan zentra- tu dira. Independentistaken sorrera bera Estatuari zaplazteko bat ematea bezalakoa izan da».

Palaciosek beste adibide garbi bat eman du komunikabideen inguruan: egunotan Venezuela eta Hugo Chavez albistegi guztietan agertu izana. Baita Askapena bera ere, Estatu espainiarreko zenbait egunkaritan «ETAren gobernuz kanpoko erakunde» bezala deskribatu baitute. Palaciosek oso argi hitz egin du horren inguruan: «Gure komandanteak argi eta garbi utzi du gaia. Venezuela herri subiranoa da eta ez dio inori azalpenik eman beharrik. Are gutxiago espainiar epaile bati. Agian, gu gara eurei azalpenak ematen hasi behar dugunak».

«Arazoa oso konplikatua da», jarraitu du Palaciosek. «Badakigu gure agintariek kasu hauetan nola jokatu behar duten, diplomaziaren izenean eta, batzuetan ados ez gauden arren, ulertzen diegu. Baina hori euren egitekoa da, ez gurea. Guk, iraultzaileok, argi eta garbi daukagu erabaki horren atzean gobernu espainola dagoela. Gutaz pentsatzen dutenaz ez gara kezkatzen. FARC-EP Estatu espainiarrean erakunde terrorista bada, gurean ez, eta eurekin hitz egitea iraultzaileon betebeharra da. Guretzat terroristak Kristobal Kolon, Pizarro eta konpainia izan ziren eta egungo Uribe, Aznar edo Sarkozy izan daitezke. Estatu espainolak `dena da ETA' esaten du eta, ondorioz, 700 preso daude espetxeetan eta ia erakunde abertzale guztiak legez kanpokoak dira».

Hori dela eta, edonon egonda ere, Euskal Herriaren laguna izatea ez dela erraza esan dute denek. «Euskal Herriaren alde lan egiteak akitu egiten du. Makilakadak binaka etortzen dira. Gure ingurukoek ulertzen ez duten eran kriminalizatzen gaituzte. Baina Estatu espainolak zapalduak dituen herrietatik zuek zarete zapalketaren hesiei ostikada emateko gertuen zaudete- nak», argitu du Villanueva i Vilamajorrek. Italiako lagunek era honetara jarraitu dute gaiarekin: «Familiako batek edo lagun batek maite duen norbaiten argazkia publikoki erakutsi ezin izana ez da onargarria. Iraultzaile baten zatirik garrantzitsuena kentzea da hori, maitasuna kentzea».

Italiako lagunek, otsailaren 20an, manifestaldi jendetsua antolatu zuten Milanen. Italia osoko jendea joan zen bertara, 1.500 pertsona inguru. Euskal Herriaren Lagunez gain, Kolonbia Berria Erakundea, Lonbardiako palestinar komunitatea, Milango kurduen komunitatea, sindikatuak eta Sardiniako ezkerreko partidu politiko txiki batzuk batu ziren, besteak beste. «Martxa oso garrantzitsua izan zen. Buruan, `Hamaika Herri, borroka bakarra' lema eraman zuten eta, jarraian, `Sozialismorantz... Askatasuna Euskal Herriarentzat'. Manifestaldiaren hasieran, gure elkartasuna adierazi nahian, euskal preso politikoen argazkiak eraman genituen». Han, aukera hori izan zuten, Euskal Herriko leku askotan, berriz, debekatuta dago.

Oraina eta etorkizuna

Villanueva i Vilamajorren ustetan, Katalunian «Euskal Herria impasse egoeran dagoela» ikusten dute, «zaharkituta geratu den marko batetik beste baterako jauzia antzematen da». «Alde batetik, ilusioz hartzen dugu, jaiotzear dagoenagatik. Tristuraz, bestetik, igarotzen ari zareten sufrimenduagatik».

Etorkizunean ere borrokan jarraitzeko asmotan agertu dira guztiak. Venezuelako lagunek sozialismoaren aldeko borrokari gogor eusteko eskatzen dute: «Zuen bizi maila traba izan daiteke, baina egungo krisi egoerak kontzientzia hartu eta antolatzeko baliagarria izan behar du».

Kataluniakoek, berriz, herri guztien batasunaren beharra nabarmendu dute, «Europa izeneko meloi ustela behin betiko apurtzeko». «Hil ala biziko zerbait da. Hizkuntza eta kultura guztien biziraupena ziurtatu behar dugu».

Euskal Herriarekiko Nazioarteko IV. Elkartasun Astea arrakastatsua izan da. Venezuelako hiriburuan, esaterako, «Simon Bolivar iraultzaile, internazionalista eta jatorriz euskaldunaren irudian, ikurrinaren kolorez jantzitako lore eskaintza» egin zuten. Ondoren, marmitakoa banatu zuten.

Balorazio positiboa

Beraz, ekintza politikoez eta manifestaldiez gain, beste hainbat ekimenek lagundu dituzte Elkartasun Astearen ospakizunak. Skatu eta Berri Txarrak musika taldeak Suitza, Italia eta Esloveniako lurretatik ibili dira eta Irlandan, Parisen eta Londresen, beste herrialde batzuetako doinuak izan dira protagonista. Pozik agertu dira Askapenakoak nazioartean izandako oihartzunaz. Euren ustetan, hiru izan dira ekintza aipagarrienak: «`Egunkaria kasua' Irlandan aurkeztea, «Itsasoaren Alaba» dokumentala proiektatzea eta errepresioaren eta presoen gaia jorratu izana». Josu Martinezek zuzendutako dokumentala Europako hainbat hiritan estreinatu dute, zuzendariaren beraren eta GITE-IPESeko Txema Uriarteren laguntzaz. Errepresioaren eta presoen gaiari dagokienez, aldiz, «abokatuak, senideak, preso ohiak eta amnistiaren aldeko mugimenduko eta Etxerat-eko kideak ibili dira aurkezpenak egiten. Eta Milano eta Irlandan egindako manifestaldiak ere denen ahotan egon dira.

Mundu berri bat eraikitzeko bidean, nazioartean Euskal Herriari eta euskal herritarroi babes handia eman digute, beraz. Askapenak azaldu duen bezala, «keinu hauek isilarazten saiatu arren, herri honen borroka ez dago bakarturik, sozialismoaren eta askatasunaren bidean babesa eta elkartasuna adierazten diguten lagunen kopurua itzela eta ugaria baita».