Euskal Herriko egutegi eraiki dezagun!

Aspalditik ekindako bideari jarraiki, azken urteotan hazi egin dira, alde batetik Euskal Herria burujabe izateko hautua eta bestetik gure nazio identitatea desegiteko estrategia. Horren erakusle dira euskal nortasuna biltzen eta irudikatzen dituzten indarrak zatitzeko ahaleginak, eta baita frantses nahiz espainiar ikuspegia eta nortasuna txertatzea helburu duten sinbolo eta neurrien biderkatzea ere.

Pauso horien artean kokatu genezake hezkuntzako administrazio ezberdinetatik hizkuntza zein edukien arloan bideratzen ari diren aldaketak, hainbat eremutara zabaltzen den Euskal Herriko lurraldetasun historiko zein geografikoaren desitxuraketa, selekzio edo kirol ekimen frantses eta española gure herrira ekarri eta gurea propioa izateko eskubidea ukatzea, euskararen normalkuntzari jartzen zaizkion etengabeko oztopoak, egun gailentzen den eredu ekonomiko globalaren menpeko egin nahi gaituen jendarte eredu hierarkiko, indibidual eta kontsumistaren sustatzea eta beste hainbat eta hainbat adibide. Maila berean kokatu behar dugu egutegi arrotzen inposaketa bera ere, gaurko egunez herri mugimenduko kide ezberdinak hemen batzera ekarri gaituena.

Egun Euskal Herri osoan frantziar zein espainiar egutegiak dira gure bizi erritmoa, lan eta klase egunak edo eta jai egunak markatzen dizkigutenak. Naziotasun arrotzen baitan antolatzen diren egutegiak dira hauek eta bi helburu nagusi dituzte: alde batetik, naziotasun sentimendu arrotzak errotzea; eta bestetik, gure herriaren ukazioan urratsak ematea. Horren adibide dira, bi estatuek inposatuta Euskal Herriko egutegian gorriz markatuak ageri zaizkigun egunak:

  • Maiatzak 8: Frantziarrek II.Mundu Gerran eskuratutako garaipena ospatzen dute.
  • Uztailak 14: Frantziarrentzat sinbolo garrantzitsu bat da. Monarkiaren amaiera (1789) eta lehen errepublika frantziarraren hasiera gogoratzen du.
  • Uztailak 25: Uztailaren 25a kondaira bati jarraituz espainiarren patroi zaindaria izendatu zuten 813. urte inguruan.
  • Urriak 12: Hispanitatearen eguna da, Kolon Ameriketara iritsi zela ospatzen dute egun honetan. Egun, 18/1987 legearen arabera eta ofizialki, Espainiako Jai Nazionala du izena, nahiz eta arrazaren egun gisa ere ezagutzen den
  • Azaroak 11: Frantzia osoan ospatzen den jai egun a da. Hau ulertzeko, Lehenengo Mundu Gerraren amaierara joan behar dugu, 1918ean Alemaniak eta Frantziak armistizio bat izenpetu zuten, gerrari amaiera emateko.
  • Abenduak 6: 1978ko abenduaren 6an erreferendum baten bidez Espainiar konstituzioa onartu zen Espainiar estatuan. Francoren diktaduratik demokraziarako trantsizioan giltzarri izan zela ospatzeko baliazten da jai egun hau.

Ikusi bezala, egun guzti hauek Estatu arrotzen historia markatzen duten datak dira, botere eta indar erakustaldi nabarmenak, naziotasun arrotzen gaineko sentimendua errotzea bilatzen dutenak. Bide honetan, Euskal Herriak bizi duen zatiketa eta nazio eskubideen urraketan urrats berri bat eman zuten 2009an. Hain zuzen ere, Hego Euskal Herriko zatiketa administratiboan sakondu asmoz, urriaren 25a Gernikako Estatutuaren eguna izendatu zuten, EAEko jai egun ofizial bilakatuz. Egun honetan ospatu asmo dena, 1979an aitortutako Gernikako Estatutua da.

Estatutu hau Euskadiko Autonomia Erkidegoa eratu zuen lege organikoa da, nolabaiteko autonomia emanez Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako lurraldeei, nahiz eta sasi-autonomia hori ez den inoiz benetan erabat betetzera iritsi. Lege honen benetako oinarria, ordea, nazio aldarrikapentak baretzea izan zen modu honetan garai hartako mugimendu abertzalea lasaitu asmoz. Euskal Herria bera autonomia ezberdinetan zatikatu zute eta nazio eskubideen aurkako zapalkuntzan urrats bat gehiago eman zuten.

Aurtengo ikasturtean ezartzen da lehenengoz urriaren 25a jai egun bezala, eta beraz, beharrezko ikusten dugu tratamendu berezi bat ematea eta inposaketa honen aurrean erantzutea, herri oso bati egiten dioten eraso berri bat baita.
Azken urteotan jai egun arrotzen gainean hainbat dinamika eta borroka  garatu izan badira ere, eremu eta arlo bakoitzean oso garapen ezberdinak izan dituzte.

Ildo beretik egutegi propioaren aldarria ere, ez da berria euskal jendartean, saiakera eta eztabaida franko eman izan dira gaiaren inguruan. Beharrizan berdinak bultzatu gaitu aurrera, gure bizi erritmo, lan/klase egun eta jai egun propioak ospatzearen beharrak; gure historia, nortasuna eta beharrak aintzakotzat hartu eta oinarri izango dituen egutegi propioa nahi dugu, Euskal Herriko Egutegia behar eta nahi dugu.

Bide horretan urratsak eman nahi baditugu ordea, hau da, Euskal Herriko Egutegia eraiki nahi badugu, ezinbestekoa ikusten dugu eragile eta mugimendu ezberdinok batu eta hausnarketa hau batera garatzea elkarrekin eta kohesioan lan egin dezagun.
Ildo beretik, bihar Hispanitatearen egunean, lanera zein eskoletara joateko deialdia luzatu nahi diogu herritar orori, ezer ospatzerik ez dugun egun honetan ahalik eta normaltasun osoz jokatu dezagun.

Bestetik, Urriaren 25ean Euskal Herriaren zatiketan sakondu nahi duten politikariak Estatutuaren urtemuga ospatzen ari diren bitartean, herritarrak kalera irtengo garela adierazi nahi dugu. Euskal Autonomi Erkidegoko egutegian gorriz markatu berri duten egun hau ez dugu jaitzat hartuko, ez dugu gure nazio nortasunarekiko eraso gehiago onartuko.

Bukatzeko, Euskal Egutegiaren inguruko hausnarketa honen baitan aurrerapausuak ematera gonbidatzen ditugu eragile zein mugimendu ezberdinak. Herri honen eraikuntzan aurrerapausuak eman ditzagun, tresnak esku artean ditugu!

Bilbon, 2011ko urriaren 11an

Bai Euskal Herriari, Euskal Herrian Euskaraz, Ikasle Abertzaleak, Gazte Independentistak, Euskal Herriak Bere Eskola, Askapena, Esait, Anitzak, Bilgune Feminista, Anitzak, Elkartzen.