Fermin Vila euskal preso politiko sustengatzeko ibilaldia antolatu dute Belfasten

Larunbat goizean Belfast Basque Solidarity Committeek Fermin Vila euskal preso politikoarekiko elkartasuna adierazteko eta bera eta bere familia sustengatzeko hain beharrezkoa den dirua lortzeko Belfasteko Black eta Divis mendieetatik lau ordutako mendi martxa antolatu du.

Ikusi Fermin Vilaren aldeko mendi martxaren bideoa

Goiz hotz, euritsu eta lainotsua izan arren adin guztietako (gazteena 8 urte eta zaharrena 65 urteetakoa) 25 lagunek parte hartu dute, tartean Belfasteko Sinn Féineko zinegotzi bat. Gidaria Belfasteko artista ezaguna den Eamonn Maguire izan da eta amaiera Farmers Inn mendiko tabernan izan da. Bertako jabeak bere sustengua adierazi nahi izan du eta salda eta sandwichak banatu ditu parte hartzaile nekatu eta hoztuen artean. Etorri ezin izan duten hainbat lagunek ere dirua eman dute.

Mendi martxa hau Ferminen extradizioaren aurkako kanpaina zabalagoaren parte da. Ferminek 15 hilabete daramatza Belfast ondoan dagoen Maghaberry espetxean preso. Joan den azaroan Belfasteko epaile batek Ferminen aurka bidalitako euro aginduari ezetza eman ondoren beste lau berri bidali zituen Entzutegi Nazionalak. Urriaren 28an bista egonen da.