Gabi Basañez eta Ion Etxegarairen askatasuna aldarrikatu dute Sopelan

gabi askatu ion askatu"Gabi etxean nahi dugu!" herri ekimenaren deialdiari erantzunez, 400 herritar inguruk egin zuten manifestazioa, atzo igande eguerdian, Sopelako kaleetan. Hain zuzen, Askapenaren kontrako polizia operazioan atxilotutako uribekostarraren alabaren ikaskideen aita-amek eutsi diote "errepresioarekin amaitzea" ere eskatzen zuen pankartari. Dozenaka eragile eta norbanakoez gain, ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak eta Berdeek bat egin zuten martxarekin, Sopelako Udalbatzak ostegunean onartutako mozioarekin bezala. Baina, azken egunetako gertaerak kontuan hartuz, atzoko manifestazioan, bigarren pankarta batek jarraitu zion Gabi Basañezen aldekoari; Ion Etxegarai askatzea eskatzen zuena, alegia. Aipatu gazte sopeloztarraren lagunek eutsi zioten horri. Etxegarai asteazken arratsaldean atxilotu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalaren inguruan, Madrilen, bere kabuz epailearengana aurkeztera zihoanean. Fernando Andreu magistratuak kartzelara bidali zuen, 2002ko martxoaren 15ean Algortan kutxazain automatiko bat erre izana egotzita. Madril aldeko Soto del Real espetxean daukate. Basañez, berriz, Alcalan dago.

argazki galeria

ukberri.net