Gasteizko Palestinarekin Elkartasun Plataformak kaleratutako komunikatua
Hona hemen pasa den astean "Israeli Boikot" lelopean ospatu beharreko kalejira bertan behera uzteko arrazoiak 'Gasteizko Palestinarekin Elkartasun Plataformak' kaleratutako komunikatuan.
Komunikatua:
Pasa den astezkenean, Gasteizko Palestinarekin elkartasun plataformakook Israeli Boikota aldarrikatzeko kalejira batean parte hartzera deitu zintuztegun. Boikota Israelek 62 urtetan zehar aurrera eraman izan duen genozidioa eteteko tresna eraginkorrena iruditzen zaigu. Kanpainia hau Palestinan bertan hasi zen bertako eragile askok deituta orain dela bost urte.Gaur egun kanpaina honen uzta batzuk ikus ditzakegu iada, besteak beste, Veolia konpainia frantziarrak Jerusalem inguratzen dituzten kolonia ilegal israeldarrak konektatzeko tranbia eraikitzeko proiektutik atzera egitea (hori bai, bere kontrako presio kanpaina indartsu baten ondorioz), gobernu norvegiarrak Elbit enpresa (Israelgo armadak armarik gabeko zibilak hiltzeko erabilitako armamentua ekoizten duena) saltzeko hartutako erabakia edo Black British Rock enpresak Afrika Israel enpresa(orain arte Israelgo kolonia ilegalak eraikitzen aritu duena) alde batera uztea, etab.
Boikot hau arlo ekonomiko, kulturalean eta baita kirol arloan ere egiten da. Plataformatik azken hau azpimarratu nahi genuen gure kalejira Baskonia dendatik hasi behar genuenean. Ondoren Imaginarium dendatik pasatzeko asmoa geneukan El Corte Inglesen bukatzeko. Azken bi hauek hamarnaka produktu israeldarrak saltzen dituzte, hauetariko batzuk lurralde okupatuetan egindakoak, El Corte Inglesen saltzen diren Carmel datilak kasu.
Ez gaude Baskoniaren kontra. Hori dela eta, Baskoniak liga irabazterakoan kalejira bertan behera uztea erabaki genuen, Israel defendatzen dutenak Palestinarekiko elkartasuna eta Euskal Herrian maitatua den talde baten kontra egotearekin nahastu ez zezaten. Tituluaren ospakizunak Andra Mari zuriaren enparantzan egin behar ziren asteazkenean , gure kalejiratik oso gertu, baina trasladatu egin dira ostegunera eguraldiagatik. Gure esku dago Lior Eliyahu baskoniatik alde egitea exijitzea. Jokalari hau Maccabiko bere taldekide ohiekin batera joan zen Israelgo armada babestera Gazako herria sarraskitzen zuen bitartean. Ez zen derrigortuta joan, Baskoniako foro batean agertzen den bezala, soldaduei Coca Colak ematera, nekatuta zeuden hainbeste tiro egin eta gero, jokalari batzuk bakarrik, ez guztiak, joan zirelako (argazkiak daude).
Baita ere Baskoniako zuzendaritza Israelekiko konplizitatea salatu nahi genuen, Maccabi etortzen den guztietan zelaia Mossadeko agentez betetzen delako eta edozein Palestinaren aldeko aldarrikapena Ertzantzaren aldetik bortizki erreprimitzen delako. Aurten, zelaiatik kanpo, Palestinako banderako koloreekin milaka puxika kendu zizkiguten, pankarta guztiak lapurtu zituzten bere emaileak kolpatuz eta 3000 euroko izuna jarri zioten pertsona bati partidua eten gabe zelaira salto egiteagatik Palestinako bandera batekin (ikur terrorista erakusteagatik izunaren arabera).
Gasteizko Palestinarekin Elkartasun Plataforma