Gaur 8: 'Badatoz Askapenako brigadak'
Larunbatean Gaur 8an argitaratu zen erreportaia duzue jarraian irakurgai.
Apirilaren 20ra arte luzatu dute Askapenaren brigadetan izena emateko epea. Hamargarren urtez jarraian, Euskal Herritik munduko hainbat txokotara joango dira brigadistak, askapenaren aldeko borrokan diharduten herrien errealitateak gertutik ezagutu eta bueltan han bizitako esperientziak lau haizetara zabaltzeko.
Unai Belaustegi
2010ko Apirilaren 16a
Askapenak munduko hainbat errealitate ezagutzeko gonbitea egin du, aurten “Brigadak 10: Elkarlotuz” lelopean. Euskaldunok munduan borrokan ari diren gainontzeko herriekin harremanak izateko aukera egin dute. Azkainen, Hazparnen, Gasteizen eta Baionan egindako aurkezpenek ireki zituzten martxoan brigadetan izena emateko epeak, eta horretarako azken eguna apirilaren 20a izango da.Izena eman ostean, hainbat prestakuntza saio izango dituzte brigadistek, eskuzabal hartuko dituzten herrietako errealitatea ezagutu ahal izateko eta, handik itzultzean, kanpoan ikasitakoa hemengo egunerokotasunean aplikatzen saiatzeko. «Prestakuntza egokia jaso, beste herri baten askapen borroka eta herri mugimenduak ezagutzeko. Baina gure herriaren borrokak nazioartean ezagutarazteko ere badira brigadak, eta horregatik, bueltan, Euskal Herri internazionalistaren eraikuntzan laguntzeko baliagarriak izango zaizkigu», nabarmendu dute Askapenatik.
Iaz, Askapenaren hogeigarren urteurrena ospatu zuten eta «brigada arrakastatsuak» izan zirela gogora ekarri dute. Pakito Arriaranen erailketaren 20. urtemuga, Filtroko sarraskiaren 15. urteurrena eta Kubako iraultzaren 50. urtemuga, guztiak batera. «Euskal mugimendu internazionalistari begiratzerakoan, harrotasunez esaten dugu bidea egiten ari garela eta azken urteotan aurrerapausoak eman ditugula. Orain, gure joan-etorriko elkartasuna elkarlotu nahi dugu».
Iaz, brigadistek zenbait traba jasan behar izan zituztela aitortu dute Askapenatik. «Komunikabide handien intoxikazio saiakera handiak» izan zirela gogoratu dute. «Wallmapura maputxeen hizkuntzari eusteko eta beraien lurraldeak ezagutzeko erronkan Txileko hedabide eskuindarren kritikak» jaso zituzten, adibidez.
Askapenako kideek GAUR8ri esan diotenez, «ezaguna zaie estatu kolonialistei internazionalismoak duen indarra. Esaterako, munduan eta Euskal Herrian abian jarritako ‘Israeli Boikot’ kanpaina hasia da jada fruituak ematen. Besteak beste, Veolia konpainia frantsesak Jerusalemeko apartheid-aren tranbia eraikitzeari uko egin dio».
Parte hartzeko aukera
Askapenak brigadetan parte hartzeko aukera duten guztiak animatu nahi ditu. Gauza bera egiten dute brigadistak hartuko dituzten erakundeetako kideek ere, Bill Bonnar Scottish Socialist Partyko (SSP) batzorde exekutiboko kideak esaterako.
SSPren eta Askapenaren arteko harremana nondik nora sortu den galdetu dio GAUR8k Bonnari: «Urtarrilean Bartzelonan ospatutako Estaturik Gabeko Nazioak Sozialismoaren aldeko Borrokan jardunaldietan SSP alderdia ordezkatzera joan nintzenean hasi ziren gure arteko harremanak. Europan ezkerreko erakundeekin harremanak eraikitzeko interes handia dugu, gu bezala, independentziaren eta sozialismoaren aldeko borrokan dabiltzalako».
Europa, Palestina eta Abya Yala dira aurtengo jomuga nagusiak. Euskal Herria Europako herria izanda, kontinenteko hainbat lekutara joango dira brigadak, baita estaturik gabeko herrietara ere: «Gugandik gertu, badira independentziaren eta aldaketa sozialaren alde borrokan ari diren herriak –gogorarazi dute–. Gainera, Euskal Herriak elkartasun handiena Europako herrietatik jasotzen du, berriki Euskal Herriarekin IV. Nazioarteko Elkartasun Astean ikusi ahal izan dugun bezala».
Europan, Italia, Sardinia, Bretainia, Eire, Eskozia eta Grezia izango dira, besteak beste, brigadisten helmuga. Eskozia zein Grezia garrantzia handiko gertaeretan murgilduta daude aurten. SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak independentziari buruzko erreferenduma iragarri du azarorako eta, jakina, prozesuak berebiziko interesa piztu du gainontzeko herrietan, hango erabakiek Europako beste herri askoren etorkizunean eragina izan dezaketelakoan.
«Abuztuan Eskoziara joango den brigadaren helburu nagusia bertan ematen ari den autodeterminazio prozesuaren berri bertatik bertara jasotzea da», esan digute antolatzaileek.
Orain dela hamabi urte Eskoziak autonomia berreskuratu zuenetik, autodeterminazioaren aldeko mugimendua asko sendotu da bertan. 2007ko hauteskundeetan Eskoziako Alderdi Nazionalak, independentziaren aldeko programa argi batekin, Gobernua lortu zuen. Hori dela eta, Eskoziako prozesutik ikasteko asko daukagula uste dute Askapenako kideek: «Euskal Herrian irekitzen ari den fase politiko honetan berebiziko garrantzia du independentisten indar metaketak nola eman diren jakitea, hau da, eragile politikoetatik haratago parte hartzen ari diren beste eragileen lana zelakoa izan den, eduki dituzten eta dauzkaten kontraesanak zeintzuk izan diren eta zelan kudeatu dituzten».
Bestalde, unionisten jarrera ere ezagutu nahi du Askapenak, «konfrontazio politikoa zelakoa den, independentziaren aurkako diskurtsoak zertan oinarritzen diren eta abar».
«Nolakoa da egungo Eskoziako egoera politiko-ekonomikoa?», galdetu diogu Bonnari. «Eskozia krisi ekonomikoak bete-betean harrapatu du. Langabezi tasa altuak eta pobreziaren igoera ekarri ditu krisiak. Hori gutxi balitz, zerbitzu publikoetan gastuak nabarmenki murriztu dira. Zerbitzu publikoak babestu nahian, greba kanpaina ugari egin dira. Eskoziako Alderdi Komunistak paper garrantzitsua jokatu du kanpaina horietan. Gainera, Erresuma Batuko hauteskunde kanpainaren erdi-erdian ere bagaude, nahiz eta hemen kanpaina oso modu ezberdinean bizitzen dugun. Eskoziako politika, ingelesa baino ezkerralderago egon ohi da beti».
Eskoziara joaten diren brigadistak, SSPrekin elkartuko dira eta bertako kideekin elkarlanean aritzeko aukera izango dute. Eskoziaren independentziaren eta sozialismoaren aldeko borrokan diharduen alderdi honek, kapitalismoarekin amaitu eta gizarte berdintasuna eta ingurugiroa errespetatuko dituen mundu berria eraiki nahi du. Eta horretarako, Bill Bonnarek esan digunez, «ezkerreko alderdien arteko loturak sortu beharra dago inoiz baino gehiago, sozialismoaren aldeko borroka nazioarteko borroka baita».
Greziari dagokionez, brigada uztailaren hasieran abiatuko da harantz. «Azken bi urteotan Greziako egoera politikoa gori-gorian dago, langile klasearen eta herri sektoreen mobilizazioak areagotu egin dira eta erakutsi digute neurri neoliberalen aurrean eta, orokorrean, kapitalismoaren aurrean, Europan ere badagoela erresistentziarako aukera», Askapenakoen arabera.
Grezia azkenaldian egunero ateratzen ari da hedabideetan eta bertako alderdi politiko, sindikatu eta era guztietako erakundeek aurrera eramandako ekintzek nonahi dute oihartzuna. «Eskolak eta unibertsitateak okupatu dituzte, greba orokor arrakastatsuak burutu dituzte eta Euroguneko estatu bateko gobernua kolokan jartzea lortu dute behin baino gehiagotan. Horregatik, ezkerreko ikuspegitik, asko dago ikasteko greziar herri eta langile sektoreetatik, eta horixe da brigadaren helburuetako bat. Horrez gain, Europar Batasun honen aurrean ezkerreko indarren arteko elkarlana sustatzea dugu helburu».
Greziako bidelaguna, Greziako Erakunde Komunista (KOE) izango dute. Bertako egoeran buru-belarri sartuta badabiltza ere, KOEk, Askapenaren antzera, internazionalismoaren aldeko apustu sendoa egiten du, eta munduko herri ezberdinei ematen dien babesa etengabea da. Irlanda, Palestina edota Euskal Herria bera ere sarri agertzen dira erakundearen aldarrikapenen artean.
Abya Yala
Aurtengo brigaden beste zutabe nagusia, Abya Yalako herriak izango dira. «Bi ildo nagusi jorratuko ditugu Abya Yalan: prozesu bolivartarra eta jatorrizko herrien borroka. Bietan, herrien subiranotasuna dago auzian: batean, sozialismoaren bidean aurrerapausoak emateko, eta, bestean, jatorrizko herrien burujabetza berreskuratzeko».
Aurten ere, urteurren berezi batekin aurkituko dira Amerikarantz abiatzen diren brigadistak: «Abya-Yalako herri askok espainiar erreinuarekiko independentziaren 200. urtemuga ospatuko dute eta hor ere beraien eta gure prozesuak elkarlotu nahi ditugu. Hau da, beraiekin batera oihukatu nahi dugu independentzia». Kolonbia, Venezuela edota Mexiko izango dira brigadistek bisitatuko dituzten herrialdeetako batzuk. Mexikon, besteak beste, Chihuahuako Desagerrarazi Politikoen Amen Komiteko kideekin harremanetan jartzeko aukera izango dute brigadistek.
Chihuahuako erakunde hau 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Mexikoko Estatuak orduko egoera politikoa, ekonomikoa eta soziala salatzeko egin ziren ekimen eta erakundeen aurka zuzendutako errepresio bortitzean desagerrarazi zituen ehunka lagunen egoera argitzeko sortu zen. Urteak joan eta urteak etorri, desagertu kopuruak ikaragarri handia izaten jarraitzen du Mexikon (guztira, 1.200 inguru izan zirela kalkulatzen dute). Chihuahuan zein Mexiko osoan sortutako komiteetako kideek ez dituzte senideak ahaztu nahi. «Bizirik eraman zituzten, eta bizirik nahi ditugu bueltan», oihukatzen dute oraindik ere.
Alicia de los Rios Chihuahuako Desagerrarazi Politikoen Amen Komiteko kidea da eta oso argi du Euskal Herritik joaten direnek ez dutela esperientzia berehala ahaztuko. «Nik izena ematera animatuko nituzke irakurleak, elkartasunaren benetako esanahia zein den erakusten duen esperientzia delako. Egia da lan asko egin beharra izaten dela, baina, aldi berean, ondo pasatzeko aukera ugari ere izango dituzte. Mexiko zoragarria da, batez ere erresistentzian jarraitzen dutenekin biziz gero», nabarmendu dio GAUR8ri.
Azkenik, beste behin ere, Palestinako brigadaren garrantzia azpimarratu du Askapenak. «Urtean zeharreko borroka edo lan internazionalistaren zutabe nagusietakoa Palestinarekiko elkartasuna da. Horretarako palestinarrek eman diguten tresna BDS kanpaina da –“Israeli boikota, desinbertsioa eta isunak” deritzona–. Horren barnean, PACBI kanpaina dago; hau da, irakaskuntza, kultura eta kirol arloan Israeli egindako boikota».
Hainbat izan dira Askapenak Palestinarekin elkartasunean egindako ekimenak: «‘Euskal Herrian elkartasunez’ manifestuaren bidez ere lagundu dugu eta horren isla izan zen Elkartasunez Tour ekimena». Orain, elkartasun hori indartzea nahi dute eta kultur brigada bat bidaliko dute Palestinara. Hemengo brigadistek, besteak beste, Health Work Committees erakundeko kideekin elkarlanean aritzeko aukera izango dute. Erakunde hori palestinar orori osasun baldintza egokiak eskaintzen saiatzen da hamalau zentroren bitartez.
«Brigradistek elkartasuna adierazten dute, bai, baina orokorrean ematen dutena baino askoz ere gehiago jasotzen dute», gogorarazi digute Askapenakoek. Horregatik, garrantzitsua dakusate brigadetatik bueltan egiten den lana ere, «norbere esperientzia hutsean gera ez dadin han bizitakoa. Hamaika herri eta prozesu egonik ere, mundu bat eta bera dugu bere alde borroka egiteko eta bide horretan herriok elkartasun internazionalista ezinbestekoa dugu. Brigadistak ezinbesteko pieza dira Euskal Herrian internazionalismo hori gero eta indartsuagoa izan dadin, elkartasuna jaso eta eman dezagun».
CHIHUAHUA
ALICIA DE LOS RIOS, «LITXA»
«Herri mugimenduok bozketei begiratu gabe egiten dugu lan»
Alicia de los Rios oso leku arriskutsuan bizi da, Mexikoko iparraldean dagoen Chihuahua hirian. Bertan, errepresioak eragindako biktimen amak komite batean elkartu ziren eta De los Riosen etxekoek ere esku hartu zuten 1970eko hamarkadako lehen urrats haietan: izebak aurrena eta amak gero. Aliciaren ama desagerrarazitakoen zerrendan dago gaur egun.
Mexikoko egungo egoera sozioekonomikoa eta politikoa laburbiltzeko eskatu diogu: «Mexikon gero eta pobre gehiago daude, oso herrialde polarizatua baita. Langabezia da nagusi. Eta kalean gero eta nabarmenagoa da gosea. Hezkuntza eta osasuna bakar batzuen eskubideak dira, ez guztionak. Droga trafikatzaileen arteko borroka dela-eta, herrialde osoa dago gerra egoeran. Eta horrek kaleen militarizazioa eragin du. Chihuahuan, kaleko gerraren biktimak pobreak dira beti: langileak, emakumeak, ikasleak... Zapatistek abian jarritako Beste Kanpaina ekimenak zaku berean sartu zituen guztiak: soldaduak, Polizia Federala eta narkotrafikatzaileak. Biktimak, herriarenak dira. Egoera horretan, erresistentziak bere lana egiten du, herri mugimenduok bozketei begiratu gabe egiten dugu lan. Tamalez, lanerako prest dagoen jende gutxi eta lan gehiegi dugu, eta horrela borrokak atomizatu egiten dira».
Alicia de los Riosen arabera, herri mugimenduak Mexikoko bazter guztietan kriminalizatzen dituzte, hegoaldean bezala iparraldean. Gogora ekartzen du hasiera batean errepresaliatuen amak ez zirela politikan sartzen. «Pixkanaka, semeari edo alabari egindakoa izugarria zela konturatzen hasi ziren, eta orduan eragile politiko bihurtzea beste erremediorik ez zuten izan. Giza eskubideen aldeko taldeekin, nekazariekin, askapenaren aldeko teologiaren jarraitzaileekin... jarri ziren harremanetan. Nabarmentzekoa da Chihuahuako amek ez zutela inoiz hauteskundeetako lehian esku hartzeko asmorik izan. Beraien helburu bakarrak seme-alabak non zeuden argitzea, preso guztientzako amnistia lortzea eta ihes egindakoek itzultzeko aukera izatea ziren».
Estatuak zer eman diezaiekeen ere badaki Alicia de los Rios abokatuak, PRI alderdiak hauteskundeak galdu eta Foxek irabazi zituenean, presidenteak Fiskaltza berria eratu baitzuen, eta garai hartan berari egokitu baitzitzaion Chihuahuako amen aldarrikapenak defenditzea. «Hainbat desagertu eta hilketa salatu ziren, Fiskaltza berriak iker zitzan. Baina ez zegoen inolako borondate politikorik eta ikerketa benetan penagarria egin zuten. Izan ere, Mexikoko Armada bezalako erakunde indartsu bat ikertzea ez da batere erraza. Beti aipatzen diren hiru botereek, judizialak, legislatiboak eta exekutiboak, bat egin zuten ikerketa guztiak indargabetzeko, krimen izugarri horien inpunitatea bermatzeko».
Euskaldunekiko elkartasuna askotan adierazi izan dute. «Ideiak ezin dira legez kanpo utzi», oihukatu zuten egindako mobilizazioetako batean.