Gaur 8-ko erreportaia: Askapenaren 2012-ko Boliviako brigada

Gaur 8-ko lagunek Bolivian egondako brigadistak elkarrizketatu dituzte joan den larunbateko edizioan.

Bolivia azken urteotan sekulako aldaketak bizitzen ari den Latinoamerikako herrialde horietako bat da. Bertan izan ziren Askapenako bost brigadista joan den abuztuan, jarrera politiko ezberdineko begiraleekin egoera aztertzen. Udan ikusitakoa orain Euskal Herrian kontatzen ari dira. Ez dute bidaia berehala ahaztuko.

Askapena 25 urtez internazionalismoa lantzen ari den Euskal Herriko taldea da. Makina bat urte daramatza prozesu eraldatzaileak eta errepresio egoera bizitzen ari diren herrialdeetara brigadak antolatzen». Horrela hasi izan dituzte beren ekitaldiak aurten Bolivia bisitatu duten brigadistek. Udan ikusitakoa orain kontatzen dute Euskal Herrian. Asteartean Hernaniko Ereñozun egon ziren eta asteazkenean Gasteizen, unibertsitatean. Horrela ibiliko dira herriz herri beraiek ikusitakoa adierazi nahian. Gainera, hitzordu garrantzitsua dute hilaren 10ean Altsasun, 25. urteurrena ospatzeko antolatzen ari diren jaialdia ahaztezin horietakoa izango dela dirudi-eta.

«Oso bidaia aberasgarria» izan da, esan dio GAUR8ri Maitane Txapartegi urnietarrak. Beste lau neskarekin batera, brigada bat osatu eta zentzu askotan oso garrantzitsua den Boliviako prozesu politikoa bertatik bertara ezagutzeko aukera izan du. Barrikadaren alde berean oso iritzi ezberdinak daudela ikusi ahal izan dute, Andeetako herrialdeak bizi duen aldaketa prozesua oso konplexua baita, konplexuegia hiru astetan goitik behera ezagutu ahal izateko.

Baina euskal brigadistek Gobernuaren inguruko pertsona askorekin zein Exekutiboaren lana salatzen duten eragileekin eta intelektualekin hitz egiteko aukera izan dute, herrialdearen egoerara hurbiltzeko modurik onenetakoa, zalantzarik gabe.

«Joan ginen kontaktuak zehaztu gabe. Azken urteotan Boliviarako brigadarik ez da egin eta gu bidea berriz zabaltzera joan ginen», esan diote GAUR8ri. Kontaktu berriak egiten ibili dira Hego Amerikako herrialdean, gerora erabiliko dituztenak. Gobernuaren inguruko jende askorekin hitz egiteaz gain, bestelako posizio politikoak dituzten intelektualekin ere egon dira.

Boliviako Exekutiboa Latinoamerika osoan nagusitzen ari diren gobernu aurrerakoien artean jarri behar da. Evo Morales kontinente osoko lehen presidente indigena da eta dagoeneko ia zazpi urte egin ditu agintean. «Hasieran sekulako ilusioa zegoen herritarren artean, gauzak aldatzea posible zela ikusi baitzuten. Baina gaur egun nolabaiteko dezepzioa dagoela esango genuke, ikusten dutelako urteak pasatzen ari direla, baina amestutako aldaketak iritsi gabe», adierazi digu Leire Alastuei iruindarrak. «Berriz hauteskundeak eginez gero, irabaziko al luke berriz egungo presidenteak?», galdetu diegu. «Batzuek berriz Moralesi emango diote botoa, baina beste batzuek ezetz esaten ziguten.

Nazioarteko elkartasuna

Boliviako prozesu politikoarentzat oso inportantea izan da Latinoamerikako beste prozesuek ere aurrera egitea. Herrialde horien arteko elkartasunaren lekuko izan ziren euskal brigadistak Cochabamba hirian. «CEDIB Boliviako informazio eta dokumentazio zentrora hurbildu ginen. Bertan, Kubarekiko Elkartasun Mugimenduak antolatutako kongresu batean parte hartu genuen», esplikatu digute. Herrialdeko departamentu ezberdinetako giza mugimenduen ordezkariak, Kubako Enbaxadako ordezkari bat eta euskal brigadistak, besteak beste, Che Guevararen erailketaren eta AEBetan giltzapean dituzten bost preso politiko kubatarren inguruan hizketan. Euskal Herriko egoeraz ere aritu ziren, jakina, brigaden helburuetako bat hemengo egoera kanpoan azaltzea baita.

Herrialdean Evo Moralesen Gobernuak urteotan egin duena Leonida Zurita Vargas MAS-IPSP Cochabambako lehendakari eta MAS-IPSPko Nazioarteko Harremanetarako idazkariak kontatu zien brigadistei. Bere garaian Bartolina Sisa emakume nekazarien konfederakundeko buru zen Zurita, eta, gaur egun, Gobernuko kide. Giza mugimenduak agintean baitaude XXI. mendeko Bolivian, kontraesanak kontraesan. «Berarekin izan genuen elkarrizketan, herrialdeak bizi duen aldaketa prozesuan Gobernuak egindako lana azaldu zigun. TIPNIS Isiboro-Secureko Parke Naturaleko Lurralde Indigenaren inguruko gatazkak berebiziko garrantzia izan zuen elkarrizketa hartan. Egungo Boliviako gizartean ematen den eztabaida nagusia, Isiboro Secure parke nazionalean Villatunari eta San Ignacio de Moxos herriak lotzeko Gobernuak egin nahi duen errepidearen ingurukoa da», esan du Leire Aiartzaguena iurretarrak.

Horretaz gain, Evo Morales Gobernura iritsi zenetik gaur egun arte lortutako onurak azaldu zizkien. Esaterako, hainbat enpresen nazionalizazioak Boliviako Estatuari diru sarrerak handitu dizkio eta diru horren zati handi bat gizartearen oinarrizko beharretara bideratzen dute. Osasunaren arloan, zahar eta haurdunentzako laguntza bonoak atera dituzte. Gainera, oinarrizko soldata 400 bolivianotik 1.000 ingurura igo dute (45 eurotik 110 eurora), pobrezia gutxitu da… Benetako burujabetzak horrelako ondorioak eragiten ditu munduan.

TIPNISen, larri

Baina bazter guztietan dagoen eztabaida TIPNISen ingurukoa da. Euskal brigadistek bizi zuten unerik larriena lurralde hura bisitatzean iritsi zen. «Lau hitzetan esateko, Gobernuak errepidea egin nahi du bertako eta inguruetako jatorrizko herrien garapena lortzeagatik, baina indigena asko errepidea egitearen aurka dago. Kontaktu batzuen bidez iritsi ginen bertara eta une horretatik aurrera Poliziaren presentzia sentitu genuen, gainean eduki genituen. Oso kontrolatuta dute lurraldea, atzerriko potentziek gobernuz kanpoko erakunde batzuen bitartez Boliviako Gobernuaren egitasmoak hankaz gora bota nahi dituztelako. Poliziek uste zuten gobernuz kanpoko erakunde horietako batekoak ginela eta ez ziren gutaz fidatzen», esplikatu digute. «Bertan mobilizazioren bat egiten ari al ziren egun haietan?», galdetu diegu. «Ez».

Lurralde gatazkatsu batean sartu ziren euskal brigadistak, Gobernuaren lana kritikatzen duen mugimendu baten bitartez. «Gure lana egitera joan ginen: Euskal Herriko egoera azaltzera eta bertakoa ezagutzera. Hara sartu ginenean, berehala jarri ziguten kontrola». Gobernua oso kezkatuta dago gatazka horrekin eta bide berriak jarri ditu abian konponbidea aurkitu nahian. Eta oposizioak, bertakoak zein kanpokoak, gatazka hori erabiltzen du agintariak ahultzeko. Honela zioen Katu Arkonadak orain urtebete inguru GAUR8n bertan: «Itxuraz ingurumenaren eta indigenen aldeko borroka dena, bestelako interesek nahastu dute, Evo Moralesen Gobernua hankaz gora bota nahian. Bolivian eztabaida hazten ari da». Ez da harritzekoa, beraz, gaur egungo egoera politikoan sekulako garrantzia duen gatazka izatea errepide horren ingurukoa. «Gurekin egon den jende guztiak aipatu digun gaia da».

Bolivian indar aurrerakoiak daude agintean, Euskal Herriko leku askotan bezala, eta horrek interesa eransten dio hango aldaketa prozesuari. Hango kontraesanetako batzuk hemen ere kudeatu beharko dira noizbait. «Poliziaren jarduera dela-eta sekulako eztabaida dago. Batzuek esaten ziguten urteotan politika aldatu egin dela Bolivian, baina Evo Morales agintera iritsi aurretik zeuden egitura polizialak, buruak, ez dira aldatu, lehen zeudenek jarraitzen dute. Egitura zaharkitu horiek ez dira oraindik aldatu. Arlo politikoan asko aurreratu da, baina beste arlo askotan ez da aldaketa handirik sumatzen».

Ekintzaileen kezkak

Manifestarien eta polizien arteko borroken irudiak mundu osora iritsi ziren orain hilabete batzuk, Exekutiboaren irudiaren kalterako. Gobernuak esaten du ez zela bere asmoa jendea egurtzea, baina beste erremediorik ez zuela izan. «Gobernuaren inguruko pertsona batek esan zigunez, iraultza batek bere burua defenditu behar du derrigorrez; mehatxua ikusten duten bakoitzean, beren burua defenditu egin behar dutela zioen».

Boliviako Gobernuak bide berriak zabaldu nahi ditu TIPNISen inguruko gatazka konpontzeko, baina guztiak ez datoz bat proposatu dituen ekimenekin. Rafael Puente ekintzailea, esaterako. «Evo Moralesen Gobernuaren lehenengo legealdian Barne ministrorde izan zen, MAS-IPSP alderdiko gazteen formakuntza politikoaz arduratzeaz gain. Gaur egun, CUECA (Colectivo Urbano por el Cambio) taldeko kide da eta hainbat komunikabidetan parte hartzen du, besteak beste, “Página 7” egunkarian zutabegile da ostiralero», esan digu Eider Etxebeste donostiarrak.

«Betidanik aldaketa prozesuaren aldekoa izan da, eta horrela jarraitzen du. Aldi berean, Gobernua era eraikitzaile batean kritikatzen du. Bere ustez, TIPNISeko errepidearen inguruko gatazka konpontzeko herriaren esku hartzea eta herritarrak kontsultatzea ezinbestekoak dira, ezaugarri horiek aldaketa prozesuaren oinarri direlako. Gobernuaren aldetik, kontsulta lurralde indigena horretan bakarrik egitea planteatzen dute. Rafaelen ustez, lurraldea parke nazional bat izanik, esku hartze prozesua ondo bideratzeko kontsulta estatu mailara, Bolivia osora alegia, zabaldu beharko litzateke», erantsi du Etxebestek.

Rafael Puentek eta beste begirale batzuek uste dute errepidea eginez gero, jatorrizko herriez gain, beste askok ere erabiliko dutela, bertan kokatu nahian: indigenei lurrak erosi eta kolonizazio moduko bat jarriko lukete martxan. Boliviako esperientziak indartzen du beren argudioa: «El Chapareko errepidea egin zenean horrelako prozesu bat eman zen eta han bizi ziren indigenek alde egin behar izan zuten». Lehenengo urteetan demokrazia parte hartzailea Gobernuaren lehentasunen artean bazegoen ere, Konstituzioa onartuz geroztik gauzak aldatu egin direla uste dute.

Marx, Engels, Che, Fidel...

Hugo Moldizek komunistatzat du bere burua eta Gobernuaren aholkulari da gaur egun. Berarekin egindako solasaldia oso interesgarria izan zela nabarmendu dute brigadistek. MAS alderdiaren ildo politikoa diseinatu zutenen artean dago Moldiz eta gaur egungo mundua ulertzeko Marx, Engels, Che eta Fidel Castro bezalako pertsonen teoriak hartzen ditu kontuan. «Ideal erromantikoetan erortzearen arriskua gainditzeko, errealitatearen analisia egitea ezinbestekoa dela esaten zigun», kontatzen du Uxue Urzelai ordiziarrak.

Berak egin zien irakurketaren arabera, Bolivia historia osoan izan duen aldaketa prozesu sakonena bizitzen ari da gaur egun. «Izan ere, azken 184 urteetan, hau da, Espainiarekiko independentzia lortu zuenetik Evo Morales Gobernura iritsi arteko urteetan, etengabeko krisiak egon dira herrialdean eta horiek gainditzeko era guztietako konponbideak jarri dira abian, baina betiere boteredunen onurarako. MAS alderdiak 2005ean, babes sozial ikaragarriarekin, Gobernua irabazi zuenetik, ordea, oligarkia zaharra boteretik urrundu egin da. Hala eta guztiz ere, iraultza politikoa eman den arren, iraultza sozialik ez dela eman ohartarazi zigun», erantsi du goierritarrak.

«Horretaz gain, egitura sozialean aldaketa handi bat izan dela dio Moldizek, ez iraultza bat. Gaur egun subjektu protagonista erabat aldatu da, orain nekazaria eta indigena delako. Subjektu horrek bere buruarengan konfiantza lortu du, indigenak bere burua indigena gisa baloratzen baitu egun, lehen ez bezala», adierazi digu Urzelaik.

Aurrera begira egin beharreko urratsak ere aztertu zituzten Gobernuaren aldeko komunistarekin. «Hugoren arabera, garapen sistema ezberdin bat behar da, kapitalismoak arriskuan jartzen baititu gizakia zein planeta. Erronkarik garrantzitsuena, errekurtso naturalen erabilera arrazionalaren eta halaber gizakiaren beharren asetzearen arteko oreka bilatzea da».

Giza eskubideak

Giza eskubideen egoera aztertu ahal izan zuten Yolanda Herrera APDHB Boliviako Giza Eskubideen Batzar Iraunkorreko lehenengo emakumezko lehendakariarekin eta Mabel Martinez idazkariarekin. «Erakunde hori diktadura garaian sortu zen, orain 35 urte, klandestinitatean. Gaur egun, giza eskubideak defenditzen jarraitzen dute. Lehengo egoerarekin alderatuta, gauza batzuk aldatu egin direla diote. Orain Boliviako Konstituzioan lehen jasotzen ez ziren eskubideak jasotzen dira: indigenen eskubideen katalogoa, giza eskubideen aitorpen unibertsala... Legalki eskubide horiek bermatu behar diren arren, euren aburuz, praktikan ez dira ehuneko ehunean horrela betetzen», azaldu digu Leire Aiartzaguenak.

Giza eskubideen alorrean herrialdeak dituen arazo larrienak esplikatu zizkieten brigadistei. Esaterako, bizitza eskubidea urratu zen 2008an, Poliziak bi gazte hil zituenean. Gazteak prekarietatean murgildurik daude eta, asko ikasi arren, ez dute lan kualifikaturako aukerarik izaten. Indigenei dagokienez, eskubideak ofizialki aitortuta dauden arren, TIPNISeko errepidearen inguruko gatazkan urraketa larriak ematen dira. Emakumeen kasuan, heriotza tasa oso altua da, haurdunen artean zein haurra izan berri dutenen artean. Horretaz gain, haurren hilkortasun tasa nahi baino altuagoa da. «Horiek horrela, egoera aldatzen ez bada, gizarteak bere presioa biolentziarantz bideratuko duela uste dute, nahiz eta eurentzat hori ez den irtenbiderik egokiena. Eztabaidatzeko espazio egokirik ez dagoelakoan daude ekintzaile horiek», diote brigadistek.

«Boliviako Gobernuko hurrengo presidentea emakumea izan daiteke», esan digute bat-batean brigadistek. Hori bai, horretarako emakumearen posizioa gehiago indartu behar da gizartean. Horri buruz aritu ziren Julia Ramos diputatu nazional eta lur zein landa guneko garapenerako ministro ohiarekin. Gaur egun Bartolina Sisa konfederazioko exekutiba nazionaleko burua da Ramos, hau da, Boliviak gaur egun bizi duen prozesuan berebiziko garrantzia duen emakume nekazari indigenen taldeko zuzendaritzako kide.

Bartolina Sisa orain 200 urte Tupac Katariren ondoan Boliviako independentziaren aldeko borrokan ibili zen emakumearen izena da. Emakumeek beraien buruarengan sinestea eta indarrez betetzea dute helburu taldean. Emakumeen batasuna ere bilatzen dute. Bartolina Sisa taldeak 1.700.000 emakume biltzen ditu gaur egun eta gehiago daude izena emanda taldea indartu asmoz. «Gainera, Bartolina Sisa taldeak Gobernuan duen esku hartzeak erakusten du jatorrizko emakume nekazariak erabakiguneetan ere hitza izateko gai direla. Gobernuan bi sexuek duten presentzia parekoa da, baina ez zifretan bakarrik, denek baitute erabakitze ahalmen berbera, lehen ez bezala. Formazio eta informazio tailerrak antolatzen dituzte erabakiak hartzeko gai izango diren emakumeak sortzeko», azaldu du urnietarrak. Taldeak sekulako garrantzia ematen dio komunikazio alternatiboari. Irrati libre bat sortzeko urratsak egiten ari dira. Aurki horrelako zerbait entzun ahal izango dute herritarrek, kate hori hautatuz gero: «Emakume guztiak indartuz gero, mundua alda dezakegu eta Bolivako Gobernuko hurrengo lehendakaria emakumea izan daiteke».

Euskal brigadistek ez dute arazorik izan Bolivian neska izateagatik. «Oso ondo tratatu gaituzte», jakinarazi digu Maitane Txapartegik. Galdera ezinbestekoa zen, Latinoamerikako gizarteetan matxismoak sekulako indarra duelako.
 
 
JAIALDIA ALTSASUN «INTERNAZIONALISMOA BEHARREZKOA DELAKO»

Altsasuk hartuko du datorren larunbatean, hilaren 10ean, Askapenaren 25. urteurrena dela-eta antolatutako jaialdi bikaina. Gauean, 22.30ean hastekoa da, Burunda pilotalekuan, Obrint Pas, Vendetta eta Los Zopilotes Txirriaos taldeen kontzertua, egunari amaiera ezin hobea emateko. Sarrera 12 eurokoa izango da, baina aldez aurretik erosiz gero, 10 eurotan geratzen da.

Baina egun horretan Sakanako herriko giroa askoz ere lehenago hasiko da berotzen. Egitarauak goizean goiz, 11.00etarako, iragarri du ongietorria: joaldunak, txalaparta, postu desberdinak... Berehala hasiko da Porrotx eta Irrien Lagunek eskainiko duten saioa eta eguerdirako iragarri dute ekitaldi internazionalista, «25 urte eta aurrera goaz» lelopean, Iortia kulturgunean. Ondoren, bazkaria. Arratsaldean, 18.00etatik aurrera musikak hartuko du protagonismo guztia, gaueko kontzertura arte.

«Askapena Hego Euskal Herrian NATOri ezezkoa eman zitzaionean jaio zen, han-hemenka inperialismoaren aurka  gogor egiten zenean», gogorarazten dute euskal internazionalistek. «Hari guztiari elkartasuna adierazi asmoz, hamaika herri garen arren borroka bakarra dela ohartzen hasi ginen euskaldunok ere. Sorreratik jakitun ginen, elkartasunak joan-etorrikoa izan behar zuela, herri borrokalari batek beste bati eskainia eta jasoa» jakinarazten dute Askapenatik. Geroztik, irmoki heldu dio bere konpromisoari, Euskal Herriaren askapenean aktiboki parte hartuz, «gainerako herriekiko elkartasunaren gorena» gure herria askatzean gauzatuko dela uste baitute.

Jose Angel Oria (Gaur 8-2012ko Azaroaren 02a)