Gaur Sahara eta Palestina

 Marka da gero! gaur bi zita internazionalista egongo dira Euskal Herrian, egia esan gehiagotan ere gerta liteke, (gertatu beharko litzateke!), izan ere egunero dago motibo tamalgarriren bat beste herri baten alde kalera ateratzeko, batzar bat egiteko, elkartasun ekintzaren bat... Gaur behintzat bi daude eta biak dira oso garrantzitsu.

Bilbon Sahararen alde manifestazioa deitu da eguerdirako eta, zalantzarik gabe, saharaiuek merezi dute Marokok egin duen azken basakeriagatik eta azken 35 urtetako okupazioagatik, euskal herritarrok Marokoren monarkia zapaltzailea eta espaniar eta frantses estatuen konplizitatea (edo laguntza erabatekoa) kalean ozen salatzea. Saharar herriak pairatzen duen okupazioaren kontrako gakoa Euskal Herrirako ere berdina da gainera: autodeterminazio eskubidea.

Bestalde Lapurdin, Senperen, bada batzar bat deitua Euskal Herria Palestina sarea osatzeko. Sare honen helburua Palestinarekiko elkartasuna kordinatzea eta bultzatzea da, horreterako hainbat arlotako lagunak bilduko dira: alderdi politikoetako ordezkariak, sindikatuetakoak, irakasleak, ikasleak, artistak, norbanako internazionalistak... Palestinar BDS (Israelgo estatuari Boikota, desinbertsioak eta zigorrak) mugimendutik datorren deialdiaren aurrean erantzuna da sare honen sortzea, munduko beste herri batzuetan egiten ari diren antzera. Palestinarrek pairatzen duten okupazioari amaiera emateko ere autodeterminazioa da giltzarrietako bat.

Zeinen tresna eraginkorra eta justua eta zenbat kostatzen zaigun herrioi bera eskuratzea!

Bietara joatea ezinezkoa da, eta aukera izanda ez batera, ez bestera ez joatea, berriz, ardurarik eza: herri txikiok elkarren alde egin ezean banaka-banaka zapaldu eta jango gaituzte. Historiak milaka adibide ematen dizkigu, zoritxarrez.