GaztEHerria Bruselara doa maiatzaren 29an
Prentsaurrekoa burutu du GaztEHerriak maiatzaren 29an Bruselan egingo duen manifestazioa iragartzeko. Nazioarteko eragileek eginiko gonbitari kasu eginez Euskal gazteriaren eskubide zibil eta politikoen defentsan, eta gazteen aukera independentzia dela ozen aldarrikatzeko. Apirilaren 2an Durangon jaso zuen euskal gazteriak nazioarteko gazteriaren babesa eta herri zapaldu guztien etsaia berbera dela azpimarratu zuten orduan.
GaztEHerria llama a participar en la marcha (gara.net)
Jarrain prentsaurrekoan irakurritako testua duzue:
Aurtengo udaberriarekin batera euskal gazte independentista eta ezkertiarrok burujabetasunaren alde pauso garrantzitsuak ematen hasiak gara. Durangoko ekimenaren aurretik esan genuen Euskal Herria fase politiko berrian sartua dela. Indarrak bildu eta independentziarako bide geldiezina abiatu da, honen adierazle izanik eragile politiko, sozial eta sindikalek independentziaren alde egiten ari garen urratsak. Honek agerian utzi du Espainiar Estatuaren egonezina. Eta hau hasiera besterik ez da.
Gazteok independentziaren aldeko apustu sendoa egin dugu. Guk ere gure indarrak bildu eta independentziaren aldeko herri olatuari gure ekarpena egiteko jaio da GaztEHerria, Independentzia, alternatiba bakartzat ikusten dugun gazteon bilgunea.Durangon jarri genuen gure lehen harria Aberri Egunaren testuinguruan. Oztopoak oztopo, 10.000 gaztek bat egin genuen Independentziaren alde. Durangon argi geratu zen euskal gazteriaren hautua independentzia dela. Milaka gaztek, independentzian amestu, eta gaurdanik eraikitzen hasteko konpromisoa daukagula argi utzi genuen Durangon. Milaka izan ginen ere Aberri Egunean parte hartu genuen gazteak eta hain justu, Aberri Egun horrek markatu du aro berri honen hasiera. Orain, gure proiektua, independentzia, lau haizeetara zabaltzeko unea heldu da.
Euskal Herrian, esan dugu, ematen ari garen pausuez kontziente gara. Espainiar Estatua ere kontziente da, eta hain zuzen horregatik saiatuko da ahalik eta gehien oztopatzen ekindako bidea. Nazioarteko eragileak ere kontziente dira ordea, eta horren adibidea dugu nazioarteko zenbait gazte eragileek Gernikan egindako adierazpena.
Badakigu, gure eskubideak bermatzeko bidean, nazioarteko agenteen inplikazioaren beharra dagoela eta era berean, independentziaren bidean bakarrik ez gaudela ikusi araztea. Europan eta mundu osoan zehar asko dira euren herrien askatasunaren alde lanean dabiltzan gazteak. Hala ikusi genuen, Durangon eginiko ekimenean, euskal gazteoi euren babesa eta elkartasuna azaltzeko, bertaratutako nazioarteko ordezkaritza zabalaren bidez.
Baina Independentziaren aldeko lana garesti ordaintzen da Euskal herrian, gazteok ongi dakigu hori. Horren adibide dugu gazteok jasaten dugun etengabeko kriminalizazioa zein operazio polizial amaigabeak. Honen aurrean nazioarteko eragileen babesa etengabea eta mugagabea izan da. Testuinguru horretan kokatzen da apirilaren 1ean Gernikan aurkeztu zuten manifestua. Bertan, besteak beste, euskal gazteon eskubide zibil eta politikoen defentsa sutsua egin eta independentziaren aldeko lanaren zilegitasuna azpimarratzen da.
Guk, gazteriak, dagozkigun eskubideen defentsan arituko ginela argi azaldu genuen oinarritzat daukagun Gazteriaren Adierazpenean. Egun, eskubide horiek ez dira errespetatuak, gazteriak ezin du bere lana askatasun osoz burutu, mehatxuen eta errepresioaren mamua etengabea baita. Honen aurrean gure ahotsa ozen entzuteko, gure eskubideak errespetatuak izan daitezen exijitzeko, erantzuleen aurrean azalduko gara.
Demokratikoa definitzen den Europar Batasunaren barnean, oinarrizko eskubide zibil zein politikoak, indibidual eta kolektiboak, etengabe urratzen dituzten estatuak daude. Eta hor kokatzen dira hain justu Espainiar eta Frantziar estatuak ere. Bere burua demokratikotzat daukan instituzioak, Europako Batasunak alegia, eta berau osatzen duten estatuek, ezin dute beste aldera begiratu. Ezin dira itsu eta mutu geratu urraketa hauen aurrean. Beraz, eskubide guztien errespetuaren bermea Europaren erantzukizuna ere den heinean, pausu zehatzak eman ditzatela exijitu nahi dugu.
Ezin ahaztu, Europar Batasuneko zuzendaritza espainiar estatuaren esku dagoen honetan, Espainiaren gabezia demokratikoan berriz ere erreparatu behar dugula, independentismoaren kontrako estrategia salatuz. Errepresio antzu eta amaigabeari harresi demokratiko bat eraikitzeko konpromisoa hartu behar dugu.
Mila arrazoi ditugu, gure aukera, independentzia, ozen aldarrikatzeko! Gure eskubideak errespetatuak izan daitezen, independentzia nahi duen herri oso bat dagoela argi ikustarazteko, maiatzaren 29an Bruselara joateko deia egiten diogu euskal gazteriari. GAZTEHERRIA BRUSELARA!
GaztEHerria
Leioan, 2010eko maiatzaren 4an