Goierrin ere Espainiar Estatu inperialista epaituko dute eta Askapenarekiko elkartasuna adierazi

Espainiako Auzitegi Nazionalaren bidez estatu espainiar inperialistak burutu nahi duen hurrengo ilegalizazio saiakera salatu eta auziperatu zein antolakunde internazionalistekiko goierritarren elkartasun eta xamurtasuna adierazteko kanpaina bat abian jarri dute. Hemen bidalitako oharra:

Estatu espainiarra ez da nor herritarron elkartasun-nahia eta internazionalismo konprometitua epaitzeko. Gu geu, askatasunean sinistuz egunero lanean dihardugun herritarrok epaituko dugu estatu inperialista, kapitalista eta patriarkarra, baita Goierrin ere. Hona hemen antolatu ditugun hainbat ekimen:

  • Irailak 9: Ordiziako euskal jaietan “Elkartasuna da herrien xamurtasuna” gunea.

  • Irailak 19: Urretxuko euskal jaietan “ Estatu espainiarra epaitzera goaz” mobilizazioa.

  • Urriak 3: Ordizian Goierriko herritar eta eragileok estatu espainiarra epaituko dugu herri-epaiketaren bidez.

  • Urriak 12: goierritarrok Iruñera joango gara herri-sententzian parte hartzera. Autobusak antolatuko ditugu.

Bestalde, Goierriko hamaika herritako udaletan ere elkartasun-ekimenak burutuko ditugu eskubide zibil eta politikoen aurkako beste eraso hau salatzeko. Jada, Itsasondoko udalak adierazpena onartu du EHBilduko zinegotzien aldeko bozekin eta PNVko zinegotziaren abstentzioarekin. Hona hemen adierazpenaren puntuak:

  1. Elkartasun internazionalista bultzatzeko lanean diharduten erakunde eta pertsona guztiekiko babesa;

  1. Askapena, Askapeña, Herriak Aske eta Elkar Truke-rekiko nahiz inputatutako bost euskaldun internazionalistekiko elkartasuna;

  2. Askapena, Askapeña eta Elkar Trukek egiten duten lana ez oztopatzeko exijentzia;

  3. Walter Wendelin, Gabi Basañez, Unai Vazquez, Aritz Ganboa eta Dabid Soto euskaldun internazionalisten aurkako epaiketa euren absoluzioaz amaitzeko, dagozkien eskubideak itzultzeko eta zor zaien erreparazioa emateko erreklamazioa.

Datozen egunetan, besteak beste, Urretxun, Zaldibian, Ordizian, Seguran, Beasainen edota Ormaiztegin ere eztabaidatuko dira adierazpen instituzional hauek.

Espainiar estatu inperialista epaitzera goaz Euskal Herriaren aurka urte luzez egindakoagatik, naziorik gabeko kartzela den estatuari eusteagatik, saharar herriaren ukazio eta zapalketan duen erantzukizunarengatik, NATOko kide izateagatik, Abya Yalan edo Latinoamerikan egindakoagatik eta egiten ari denagatik, baina baita milaka pertsona etxerik gabe kalean bizitzera kondenatzen dituelako, energiaren oligopolio handiak langileon bizkar aberasteko politikak bultzatzen dituelako, zerbitzu, azpiegitura eta erakunde publiko guztiak pribatizatzen ari delako edota langileok zuzenean miseriara kondenatu nahi gaituelako ere. Horregatik guztiagatik, urriaren 3an Goierrin estatua epaitu eta urriaren 12an, Iruñean, goierritarrok ere estatu espainiar inperialistari zapata altxatuko diogu.