Gora Euskal Herria askatuta! Gora El Salvador askatuta!

Askapenak une honetan duen informazioaren arabera (Audientzia Nazionalaren ebazpena, "El Mundo" egunkarian argitaratua) ez dago argi jakiterik bihar Pakito, Begoña eta Martari prestatutako omenaldia egiterik dagoen "biktimei" min ematen ez bazaie, ala debekaturik dagoen eta kitto. Debekua etorri edo gauzatuko balitz, zera adierazten dugu:

 

Askapenak, euskal erakunde internazionalistak, gogor eta amorruz hartu du Audientzia Nazional Espainolak Pakito Arriaran, Begoña García eta Marta Gonzalez euskaldun internazionalistei prestatutako omenaldia, eta bazkaria eta kontzertuak debekatzea.

Lotsa eta amorrua sentitzen dugu, izan ere, Pakito Arriarani omenaldia ezin zaiola egin diote 2009an, bere heriotzaren 25 urtera. Pakitok, ordea, bai bere herrian bai El Salvadorren hartu izan ditu omenaldiak lehenago ere. Aurten bertan, El Salvadorren berriro egingo zaio omenaldia, Audientzia Nazional Espainolaren atzaparretatik libre.

Alde horretatik pozteko gaude, izan ere, Pakitok 'bi herri ditut maitatzeko eta mundu bat bere alde borroka egiteko' esan zuen eta behintzan bere bi herrietako batean omenaldia hartuko du. Ez, ordea, bere jaioterrian. Zinez, penagarria.

Askapenan herri askotako gatazkak ezagutu ahal izan ditugu lehen eskutik, eta zinez diogu, Euskal Herrikoak parekorik ez duela adierazpen askatasunaren zein doluaren jazarpenean eta kriminalizazioan. Herri batean gatazka politiko-armatu bat dagoenean, alde batek beste aldeari dolua errespetatzea da gutzienekoa, bai eta alde batek bere errepresaliatuei babesa aldarrikatu eta eskaini ahal izatea.

Pakito, Begoña eta Marta euskal herritarrak El Salvadorren Juanzito, Alba eta Begoña izan ziren. Pakitok monumentua du eraikia bertan, Begoñak miresmena eta oroimena irabaziak eta Martaren omenez bere izen bereko ospitale bat eraiki zuten han. Hirurak ibili ziren FMLN gerrillarekin, eta zorionez, gatazka hura konponbidean jarri eta egun FMLN bera gobernuan dago El Salvadorren.

FMLNko legebiltzarkide bat ere etorri da El Salvadorretik propio omenaldian parte hartzera, Gilberto Rivera. Euskal Herritik emango duen irudia hau da: batetik bizitzeko borrokatzen den herri bat, bestetik ukazioan eta zapalkuntzan oinarritzen den inperio pare bat.

Inperio horiek hartzen dituzten neurri errepresiboak alperrik dira, ordea. El Salvador eta Euskal Herriari bihar omenaldi polit bat egiteko aukera ebatsi digute, gure arteko lokarriak, ordea, lehenago baino tinkoago daude.

Euskal Herritarrei, berriz, dei egiten diegu bihar Arrasatera hurbildu daitezen eta ekimenak debekatuko balira, bertan parte hartzerik izango ez bada ere, euskaldun internazionalistak elkartu eta internazionalismoaren aldarria egin dezagun bere horretan lelo bikoitz batekin:

Gora Euskal Herria Askatuta!

 

Gora El Salvador Askatuta!